Eusko Legebiltzarrak Madrili eskatu dio ekoizlearen definizioa aldatzeko

Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege berriaren definizioak mesede egiten die telebista talde handiei

Atzoko osoko bilkuran onartu zuten EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa. EUSKO LEGEBILTZARRA.
urtzi urkizu
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokor berrian, azken orduko aldaketa batek sektoreko ekoizle independente guztiak jarri zituen aurka, artikulu batean ekoizleen definizioak komunikazio talde handienei egiten dielako mesede. PSOEk eta EAJk lege haren alde bozkatu zuten, ekainean. Atzo, berriz, Eusko Legebiltzarrean osoko zuzenketa bat aurkeztu zuten —beste taldeen abstentzioarekin onartu zen—, artikulu hori egokitzeko eskatuz eta ikus-entzunezko ekoizle independenteen alde eginez. Honela dio onartutako testuak: «Legebiltzarrak eskatzen die eskumena duten erakunde guztiei ikus-entzunezko produkzio independentea laguntzeko, eta Espainiako Gobernuari produktore independenteei benetan dagokien definizioa aitortzeko, horretarako beharrezko diren lege aldaketak eta egokitzapenak eginez».

EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirrek adierazi zuen EAJk eta PSOEk onartutako legearen arabera plataforma eta konpainia handiekin lotutako produktoreak independentetzat hartuko direla. «Horren ondorioz, Europako eta Espainiako finantzaketa guztia Mediaset eta Atresmedia duopolioaren esku geratuko da». Lege horrekin, finantzaketa konpainia handien esku geratzen baldin bada, Agirrek uste du gero eta zailagoa izango dela euskal produktoreek euskarazko produktuak ekoiztea.

Agirrek «seriotasun falta» leporatu zien EAJri eta PSEri: «Ez da serioa EAJk eta PSEk orain eskatzea Madrilen onartu berri duten ikus-entzunezkoen legea zuzentzeko».

PSE-EEko legebiltzarkide Ekain Ricok nabarmendu zuen Espainiako Kongresuan onartutako legea «elkarrizketa askoren fruitu» izan zela, eta gauza on ugari dituela. «Ez da gobernurik egon ikus-entzunezkoei gehiago lagundu dienik Pedro Sanchez presidentearen gobernua baino». Ordezkari sozialistak iragarri zuen aldaketak iritsi daitezkeela ekoizle independenteen definizioan: «Miquel Iceta Kultura ministroak konpromisoa hartu du ekoiztetxe independente bat zer den hobeto definitzeko».

EAJko legebiltzarkide Joseba Diezen arabera, lege berriak dakarren definizioa ez doa bat Europako zuzentarauarekin.

Albistegien pribatizazioa

Legebiltzarreko atzoko eztabaidan, EH Bilduk salatu zuen lege berriak EITBren informazio zerbitzuak pribatizatzeko aukera ematen duela. «ETBk aspalditik dauzka pribatitzatuta egunerokoak ez diren albistegi eta informazio saio asko, baina, lege berriarekin, eguneroko albistegiak ere pribatizatu eta saldu egin litezke».

EAJko Diezek erantzun zuen pribatizatzeko arriskua ez dela benetakoa. «Garrantzitsuena da mekanismoak eta bermeak daudela EITB publiko mantentzeko».

Elkarrekin Podemoseko Gustavo Anguloren arabera, ordea, legearen 72. artikuluak atea irekitzen dio eguneroko informazio zerbitzuak pribatitzatzeari. «Gainera, legeak ez du definitzen zer den zerbitzu publikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.