Salto plataforma, salgai

TF1 eta M6 kateak plataformatik aterako dira. France Televisions izango da akziodun bakarra

Salto ordainezko streaming plataforman AEBetako eta Frantziako askotariko edukiak ikus daitezke. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Netflixi eta beste streaming plataforma handiei aurre egiteko asmoz, Frantziako telebista publikoak eta bi kate pribatu handienek indarrak batu zituzten: 2018ko ekainean aurreratu zuten plataforma komun bat sortuko zutela, eta 2020ko urrian jarri zuten martxan Salto. France Televisions, TF1 eta M6 telebisten arteko proiektua izan da Salto, baina salgai dago orain, TF1ek eta M6k erabaki baitute haien partaidetza eta akzioak saltzea.

Ez dago argi Saltorekin epe laburrean zer gertatuko den. TF1 eta M6 kateen erabakia irmoa da, eta Saltoko batzarrean esan zuten duela egun gutxi. Kontuan hartu behar den beste faktore bat da TF1ek eta M6k ez dutela bat egingo; iazko maiatzean, bi kate pribatuek bat egiteko asmoa azaldu zuten, baina Frantziako Lehiaren Autoritateak mugak jarri zizkion bat egite horri. Gauzak horrela, duela bi hilabete, bi kate pribatuek bertan behera utzi zuten bat egiteko proiektua.

Azkeneko urtean izan dira gorabeherak Salto plataformaren bueltan. Izan ere, TF1ek eta M6k bat egiteko asmoa aurreratu zutenean, handik gutxira France Televisions talde publikoak esan zuen Saltoko akzioak salduko zituela. Une hartan, bi kate pribatuak prest agertu ziren telebista publikoaren akzioak 45 milioi euroan erosteko.

Bat egitea deuseztatu ostean, ordea, TF1ek eta M6k beste estrategia bat hartzea erabaki dute, eta bakarka arituko dira aurrerantzean.

Salton Frantziako hiru telebista handienen edukiak ikus daitezke, baita nazioarteko beste zenbait lan ere. Harpidetza hilean 7,99 eurokoa da —urtekoa, beherapenarekin, 69,90 eurokoa—. Bi urte eskasean, 800.000 eta 900.000 harpidedun artean bereganatu ditu. Laster iritsiko da milioi batera, France Televisionseko zuzendaritzaren datuen arabera. Baina urrun dago Netflixen datuetatik. Frantzia, Korsika eta Iparraldeko datuak batuz gero, harpidedunak 13 milioi baino gehiago dira.

Canal Plus izan daiteke Saltoko balizko akziodun berri bat, nahiz eta negoziazioak hasiak dituen OCS plataforma erosteko.

Ernotte, «itxaropentsu»

TF1en eta M6ren erabakia jakin bezain laster, Frantziako telebista publikoko presidente Delphine Ernottek (Baiona, 1966) adierazi du Saltok «balio handia» duela. «Saltok etorkizuna du, baina ez gaur egungo akziodunekin», esan dio Le Figaro egunkariari. Ernotte «itxaropentsu» mintzatu da plataformaren etorkizunaren inguruan. Aldiz, kezka azaldu du kirol emanaldien pribatizazioarekin, ohartarazi baitu Netflix, Amazon eta beste erraldoi batzuk kirol eskubideekin interesatuak daudela.

Ernotte European Broadcasting Union elkarteko presidentea ere bada, eta Orangeko kontseilari ordezkaria izan zen France Televisionsera iritsi aurretik. Saltoren sorreran rol garrantzitsua jokatu zuen, eta iaz proiektua albo batera uztearen alde agertu zen TF1ek eta M6ek bat egin nahi zutela iragarri zutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.