Eguzkik dio lege berriak ez diela lizentziarik bermatzen irrati libreei

Hala ere, Iruñeko Eguzki irratiak lizentzia eskaera egingo du. Uste du lege berriaz ezin dela fidatu

Jorge Ribera Eguzki irratiko esataria, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Ikus-Entzunezko Lege Orokor berriaren hirugarren xedapen gehigarriak aukera eman dezake Hego Euskal Herriko zenbait irrati librek eta komunitariok legezko frekuentziak eskuratzeko, baina baldintza batzuk ezarri ditu Madrilek, eta ez dago argi zein irratik lortu ahalko duten frekuentzia. Iruñeko Eguzki irrati libreak salatu du lege berriak ez duela bermatzen irrati komunitarioek lizentzia eskuratzea. «Irrati komunitarioentzat espazio edo irrati maiztasunaren eremua erreserbatzearen aukera estatuaren mende dago, eta orain arte ez du hori inoiz egin», dio Eguzkik agiri batean.

Nafarroako irrati libre beteranoa da Eguzki, 40 urte daramatza martxan, baina ez du legezko frekuentziarik izan orain arte. Azaldu duenez, uztailaren 7an indarrean jarri zen lege berriak ezartzen du interferentziarik sortu gabe bost urtez jarraian etenik gabe funtzionatu duela egiaztatu dezaketen irrati libre eta komunitarioek «titulu gaitzaile» bat eskatzeko aukera izango dutela, «irrati maiztasunaren eskuragarritasunaren arabera».

Eguzki irratiak gogorarazi du, era berean, Europako beste herrialde batzuetan ez bezala, Espainiak ez duela inoiz irrati komunitarioak arautzeko modurik eskaini. «1970eko hamarkadatik irrati libreak martxan egon arren, 2010era arte ez zen aitortu —aurreko legearekin— irrati libreak bazirela. Hala ere, aitorpen hori egin arren, ez da irrati libreentzako baimenik eman estatuan, ezta horientzako irrati maiztasun eremuan erreserbarik ere».

Horrenbestez, Iruñeko irrati elebiduna oso kritiko agertu da egungo egoerarekin: «Eguzki irratiak oraindik ere jasaten du adierazpen askatasunerako eskubidea urratzen duen diskriminazioa. Pertsona guztiek izan beharko luketen informazioa eman eta jasotzeko eskubidea urratuta dago oraindik».

Lizentzia eskatuko dute

Eguzki irratiak nabarmendu du urte asko daramatzala eskatzen egoera baldintza tekniko «duinetan» erregulatzeko aukera. «Eta administrazio guztiek, estatukoak edo autonomikoak izan, ez diote gure egoerari inolako irtenbiderik eman».

Nafarroako Gobernuak irrati komunitarioentzako lizentzia bat lortzeko deialdia atera zuen 2017an, baina azkenean lehiaketarako deia desegin zuen. «Horrek frogatzen du arazoari irtenbide bat emateko borondate politikorik eza».

Eguzki irrati libreak, hala ere, lizentzia eskaera egingo du. «Gutxienez, gaur egun ematen ditugun baldintza teknikoak bermatzeko eskatuko dugu». Eguzkik ez ditu onartuko irrati komunitarioak baztertu nahi dituzten «baldintza diskriminatzaileak». Irratiak uste du badaudela nahikoa arrazoi lege berriaz ez fidatzeko. «Aurreko legearekin bezala, baliteke paper errean geratzea dena, ez baita irrati komunitarioentzat eremu propiorik gordetzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.