Podcastei buruzko jaialdi bat egingo dute martxoaren 2tik 4ra Donostian

Lau mahai inguru egongo dira; horietatik bat euskaraz. Podium eta EITBko egileak arituko dira

Ainara Martin, Isaac Palencia eta Ainhoa Etxebeste, atzo, Parentesi jaialdiaren aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Muriel Rukeyzer idazlearen The Speed of Darkness liburuan ageri den esaldi bat hartu dute lelotzat podcastgintzaren gaineko Parentesi jaialdirako. «The world is made of stories, not atoms» (Mundua istorioz egina dago, ez atomoz). Aste honetan egingo dute lehen aldiz Parentesi jaialdia, Donostian: ostegunean, ostiralean eta larunbatean izango dira mahai inguruak, Koldo Mitxelena kulturunean.

Ainara Martin jaialdiaren antolatzaileak azaldu du izenaren arrazoia zein den: «Parentesi izena eman diogu, pandemiaz geroztik paradigma aldaketa bat egon delako. Beharrak bultzatuta, eta kultur sormenaren arimarekin, eduki entzungarri berriak sortzen hasi ziren». Horregatiknahi izan dute hitz hori baliatu. Gipuzkoako Kultura Departamentuak antolatu du jaialdia, Podium plataformarekin (Espainiako Prisa taldea) eta EITBrekin lankidetzan. Hain zuzen ere, bi talde horietarako podcastak egiten dituzten egileek parte hartuko dute mahai inguruetan.

Rukeyzer idazlearen esaldia baliatzea «kulturgintzan sortzen diren istorioei keinu bat egitea» dela nabarmendu du Martinek. Solasaldi guztietan hasiko dira esaldi horrekin, gainera.

Lau mahai inguruetatik hiru gaztelaniaz izango dira, eta bakarra euskaraz. Euskarazko mahai ingurua ostiralean izango da, 19:00etan, Euskal podcastgintza izenburupean. Hauek izango dira solaskideak: Ainhoa Vitoria Yoko Ona podcast feministaren gidaria, Cristina Tapia Harresi ikusezina dokumental podcastaren aurkezle eta zuzendaria, eta Iñigo Antsorregi Korapiloak podcastaren aurkezlea —buru osasunaren ingurukoa da, eta ETB1eko Biba zuek! magazineko tarte bat ere bada—.

Ulu Media ekoiztetxeko Oier Aranzabalek beste mahai inguru batean parte hartuko du. Larunbat eguerdian izango da hori: podcasten orainaz eta etorkizunaz arituko da, Jorge Carrionekin, Ines Hernandekin eta Nerea Perez de las Herasekin batera. Azken bi horiek Saldremos mejores podcasta egiten dute, eta ostiral gauean zuzeneko emanaldi bat egingo dute Donostiako Kursaalean.

'Playlist'-ean euskararik ez

Ostegunean, jaialdiko lehen egunean, Hijas de Felipe podcasteko Ana Garriga eta Carmen Urbita, True Crime podcasteko Clara Tiscar i Castells eta Gabinete de curiosidades-eko Nuria Perez «dibulgazio kulturaren soinuaz» mintzatuko dira. Feminismoak eta aniztasunak gaiak itxiko du jaialdia, larunbat arratsaldean. Gai horretaz aritzeko gonbidatuko dituzte Arsénico caviar podcasteko Beatriz Serrano eta Guillermo Alonso ,eta No hay negros en el Tibet-eko Frank T musikari eta hip-hop ekoizlea.

Gipuzkoako Diputazioak Spotifyko playlist edo zerrenda bat jarri du Interneten jaialdiaren berri emateko. Euskarazko podcast bakar bat ere ez da ageri zerrenda horretan. Gaztelaniaz daude denak, eta Podium atarikoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.