Albistea entzun

Handituz joan den irratia

Hamar urte bete ditu Ataun irratiak. Gaztetxo batek sortu zuen irratia 11 urte zituela, bere bi zaletasun batuz: irratigintza eta informatika. Gaur egun hamar bat pertsonako lantaldea du.
Ioar Aizpurua, Ataun irratiaren sortzailea, irratiko estudioan.
Ioar Aizpurua, Ataun irratiaren sortzailea, irratiko estudioan. IOAR AIZPURUA Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Jimenez Larrea -

2023ko martxoak 31

Duela hamar urte, 2013ko martxoaren 15ean hain zuzen, sortu zen Ataun irratia. Ioar Aizpurua ataundarrari bururatu zitzaion irratia sortzea, 11 urte besterik ez zuela. Herriko eskolan, ostiraletan, irratia egiten zuten ikasleek, eta Aizpuruaren hitzetan, han zaletu zen. Oso modu xumean hasi zen, baina gaur egun hamar bat kide ditu irratiak, eta online entzun daiteke, ataunirratia.eus webgunean.

«11 urterekin ez nuen gaitasun handirik gauza handiak egiteko, eta nire gustuetatik abiatuz sortzen nituen edukiak», aipatu du Aizpuruak. Adibidez, bere gustuko musika komentatzen aritzen zen. Kontatu duenez, lehenengo urtean irratia podcast baten formatura hurbiltzen zen. Lehen hiruzpalau urteak bakarrik egin zituen gazteak, eta urteek aurrera egin ahala, lantaldea handituz joan da.

Informatika kontuetarako erraztasuna izan du beti Aizpuruak, eta esan du horrek «gehiago ikasteko eta garatuz joateko aukera» eman diola. Bide horretatik joan, eta soinu teknikari izateko ikasketak egin zituen. Horrek ere ate dezente ireki dizkiola gehitu du: «Irratiaren eta komunikazioaren munduko jendea ezagutzeko aukera izan dut, bai Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo ere». Gauza berriak ikasi ahal izateko aukera eman dio horrek.

«Gure ekoizpena nahiko xumea da», aipatu du ataundarrak. Gaur egun hiru saio propio ditu Ataun irratiak: saio «musikalak, kulturalak eta magazin estilokoak» direnak. Aizpuruak berak Bide ertzean saioa aurkezten du, astelehenetik ostiralera izaten da, 10:00etatik aurrera. Ostiral arratsaldeetan, 19:00etan, Gorka Santestebanek Ostiraltxo saioa egiteko ardura du. Larunbatetan, 12:00etatik aurrera, Leire Perlinesek Top ATI saioa gidatzen du. Horretaz gain, Arrosa irrati sarean ere badago Ataun irratia, eta sareko kide diren irratien edukiak emateko baimena dute.

«Eraldaketa»

Aizpuruak kontatu du datozen urteetarako helburu batzuk finkatuak dituela lantaldeak, eta irratia eraldatzea dela asmoa, «musikatik haratago joanez». Lehen pauso gisa, FM lizentzia lortu nahi du Ataun irratiak: «Uste dut zailena egina dugula, eta, nire ustez, lortuko dugu frekuentzian emititzea», aipatu du. Herritarrek asko eskatzen omen dieten zerbait da FM lizentziarekin emititzea. Ataundarrak uste du hori lortuz gero beste adin batzuetako entzuleengana iristeko aukera izango dutela.

Irratiaren sortzaileak aipatu du duela hamar urte ez zuela uste proiektu serio bat bihurtuko zenik: «Urtez urte gauza asko pasatu izan zaizkit burutik». Orain, ordea, irratiak talde serioa duela esan du, eta kide guztiak proiektuaren alde dena emateko prest daudela.

10. urteurreneko urtea ospakizunez beteta egotea nahi dute: «Ez ditugu ospakizunak egun bakar batean egingo». Hala ere, adierazi du asmoa dutela ospakizun berezi bat prestatzeko: «Zerbait berezia egiteko asmoa dugu irratiko kideok, baina oraindik ezin dugu ezer aurreratu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Txalupa uretaratu zutenean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Uretaratze gozo-gozoa

Enekoitz Telleria Sarriegi

Txokolatez egindako 1.500 kiloko txalupa bat itsasoratu dute Pasaiako badian. Albaola Itsas Kultur Faktorian egin dute, Euskal Herri osoko gozogileen artean. Eta bai: flotatu egin du.
Izokin bat, Bidasoa ibaian gora. ©JOSE ARDAIZ GANUZA

Joan-etorriko arrainen balioa

Iker Tubia

Arrain diadromoen onura ekologiko eta kulturalak handiak direla adierazi dute Europako Diades proiektuaren emaitzek. Arrain horiek ibaitik itsasora edo itsasotik ibaira migratzen dute, eta haien populazioak arriskuan daude. Adituek babes neurri «bateratuak» eskatu dituzte.
Natalia Garriga eta Rosa Roma i Monfa, atzoko agerraldian. ©ARNAU PASCUAL / KATALUNIAKO KULTURA DEPARTAMENTUA

Kataluniak ehunka bikoizketa eta azpidatzi emango dizkie plataformei

Jakes Goikoetxea

TV3k bikoiztutako eta azpidatzitako film eta telesailak jartzen ari dira 'streaming' plataformen esku

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.