Daviesen oroitzapenak

Terence Davies zinemagilea hil da berriki, 77 urterekin. Haren bizipenak bere ahotsean entzuteko aukera ematen du 'Of Time and the City' dokumentalak. Youtuben ikusgai dago.

Liverpoolgo irudi zaharrak ageri dira askotan Of Time and the City dokumentalean. BERRIA.
urtzi urkizu
2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Haurra zela deskubritu zuen Terence Daviesek homosexuala zela, giro katoliko batean. Muturreko hezkuntza katolikoa jaso zuen haurtzaroan, Liverpoolen (Ingalaterra); ateoa egin zen gero. Eta Of Time and the City dokumental autobiografikoan (2008), bere ahotsean egiten du jaioterrian jasandakoaren kontakizun urratua. 1950eko eta 1960ko hamarkadako Liverpooleko artxibo irudiak lagun. Bihotzez jaurtia da off-eko ahotsa dokumentalean. Zinemagile britainiarra ezagutzeko aukera ematen du horrek. Youtuben eta Filmin plataforman ikus daiteke filma, jatorrizko bertsioan.

Larunbatean hil zen Davies, 77 urte zituela, gaixotasun baten eraginez. Haren bizitzaren berri izateko, ezinbesteko dokumentala da Of Time and The City. Liverpoolgo langile auzoetako irudiak eta zinemagilearen ahots poetikoa uztartzen dira filmean: Daviesek iraganari buruzko begirada pertsonala eskaintzen du, eta kritika soziala umorez zipriztintzen du hainbatetan.

Elizabeth II.a Erresuma Batuko erreginaren koroatzeaz mintzo denean, zinemagileak aipatzen du luxu horretatik urrun bizi direla Ingalaterrako auzoetako familia asko: pobre.

Bidenabar, Daviesek azaltzen du ez zela eroso sentitzen orduko bere testuinguruan. Horren erakusgarri, The Beatles Liverpoolen jotzen eta arrakasta lortzen hasi zenean, zinemagileak beste herrialde batzuetako musika klasikoko sortzaileak hartu zituen entzungai.

Zinemagilearen haurtzaroak bat egiten du Bigarren Mundu Gerraren osteko urteekin. Koreako Gerra iritsi zen gero, ordea. Baditu zuzendari eta gidoilariak ziztada zorrotz batzuk britainiarren kolonialismoarentzat ere. Hartara, Of Time and the City dokumentalak XX. mendeko erretratu gisa funtzionatzen du, egilearen oroitzapenak eta Liverpool abiapuntu izanda ere.

Dokumentala Cannesko zinemaldian estreinatu zuten. The Guardian egunkariak «maisulantzat» jo zuen. BBCko zinema kritikari Mark Kemodek idatzi zuen urteko filmik hoberena zela. 2009an, Australiako zinema kritikariek dokumentalik onenaren saria eman zioten.

Daviesen zinemagintza ezagutu nahi duen ikus-entzulearentzat, hor ageri da haren ahots poetikoa. Musika fina bidelagun.

Fikziozkoak non ikusi

Baina Davies fikziozko film luzeengatik nabarmendu zen, ez dokumentalengatik, eta, egun, streaming plataformetan bada aukerarik haren zinemaz gozatzeko. Filmin eta Amazon Prime Video plataformetan ikusgai daude The Deep Blue Sea (2011) eta Sunset Song (2015) dramak, esaterako—biak Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu ziren—.

Duela bi urte, Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu zen hirugarrenez, Benediction filmarekin, eta gidoirik onenaren saria irabazi zuen. Lan hori Siegfried Sassoon poeta eta soldadu antibelizistari buruzkoa da. Zinta ikusgai dago Movistar Plus plataforman, eta Filminen 72 orduz aloka daiteke.

Terence Davies Trilogy-ko film ertainak Filminen ikus daitezke. Nazioarteko jaialdien atea zabaldu zitzaion lehen lan horiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.