Disney Pluseko estreinaldi guztiak euskaraz izateko eskatu dute

Disney Euskaraz-ek Eusko Legebiltzarrean exijitu du haurren hizkuntza eskubideak bermatzeko

Alexander Aginagaldek Eusko Legebiltzarrera eraman zituen atzo Disney Euskaraz taldearen eskaerak. EUSKO LEGEBILTZARRA.
urtzi urkizu
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Donostiako guraso euskaldun eta euskaltzale batzuen ekimenez abiarazi zuten Disney Euskaraz egitasmoa, Disney konpainiari eskatzeko zinema aretoetan eta streaming plataforman ekoizpenak euskaraz emateko; baita erakunde publikoei eskatzeko ere Disneyrekin harremanetan jartzeko, haur euskaldunen eskubideak «bermatuak izan daitezen». 5.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte. Atzo, taldearen ordezkari Alexander Aginagaldek agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean. Euskararentzat agertoki «osasuntsu batera» iristeko eman beharreko pausoak azaldu zituen, eta gogorarazi Disneyrena eskaera zehatza dela, «baina behar zabalago baten isla».

Aginagaldek nabarmendu zuen asko aldatu direla ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohiturak. «Duela urte batzuk, euskarazko marrazki bizidunek eskaintza osoaren ehuneko esanguratsu bat osatzen zuten, eta erreferenteak ziren: ez bakarrik eremu euskaldunetan, baita giro erdaldunetan bizi ziren haurrentzat ere».

Azkeneko bost urteetan, ordea, ordainezko plataformen harpidetzak %40 hazi dira, eta plataforma horietan ez dago euskarazko edukien eskaintzarik. Aginagaldek aipatu zuenez, Netflixen euskarazko bi film daude; Amazon Prime Videon, bakarra, eta alerik ez HBOn eta Disney Plusen. Beste datu hau eman zuen: «Euskaldunen %47k ordainezko plataformak kontsumitzen dituzte».

Disney Euskaraz taldeko kideak azaldu zuen, halaber, ikerketa soziolinguistikoek ondorioztatu dutela haurtzaroko aisialdiak eragin handia duela heldutan izaten diren hizkuntza ohituretan. «Eta gaur egun haur euskaldunek erdaraz kontsumitzen dute; haien erreferenteak erdaldunak dira». Aginagalderen ustez, erakunde publikoei dagokie hizkuntz eskubideak bermatzea. «Bi hizkuntza ofizial dauden toki batean, berdintasun materiala izateko bitartekoak jarri behar dira. Are gehiago, hizkuntza handi bat eta txiki bat daudenean».

Hartara, euskararentzat beste agertoki «osasuntsuago bat» lortzeko, zera eskatu du taldeak: «Haurren zinema estreinaldi guztiak euskaraz ere izatea —Disneyrenak, Pixarrenak eta gainontzeko ekoiztetxeenak—. Halaber, Disney Plus plataformaren funtzionamendua euskaraz egotea, eta euskaratuak dauden edukiak eta estreinaldi berri guztiak euskaraz egotea». Taldeak uste du euskal hiztunen eskubideak lege propio bidez arautu behar direla. Era berean, Espainiako ikus-entzunezkoen lege berria tramitatzen ari direnez, «aukera bat» ikusten dute hor plataformei euskarazko ekoizpenak exijitzeko.

EAJ: «Disneyk ez du nahi»

EAJko legebiltzarkide Mikel Arruabarrenak esan zuen Jaurlaritzak saiakerak egin dituela Disneyrekin egoteko, «baina beste aldean ez dago interes handirik. Beste aldean interesa piztu behar da», esan zuen. Ordea, Rebeca Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak ez du interesik ikusten gobernuan: «Katalanak ari dira. Gu atzean gelditzen ari gara». PSEk eta Elkarrekin Podemosek lehenetsi zuten EITBn ekoizpen propioak sustatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.