XVI. mendeko Patagonia sorberritu dute Getxoko Gorrondatxen

Elkanoren mundu birari buruzko 'Sin límites' telesaila grabatzen ari dira egunotan Euskal Herrian

Sin límites telesaileko aktore eta figurante batzuk, herenegun, Getxoko Gorrondatxe hondartzan. BILBAO BIZKAIA FILM COMMISION.
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Argentinako Patagoniako San Julian badia XVI. mendean irudikatu dute bi egunez Getxoko Gorrondatxe hondartzan (Bizkaia). Juan Sebastian Elkano eta Fernando Magallanes inguru haietara iritsi zirenekoak eta Argentinako lehen meza katolikoa grabatu dituzte Sin límites telesailarentzat. RTVEren eta Amazon Prime Videoren telesail bat da, Elkanok 1519tik 1522ra munduan egindako bidaiaren gorabeherak jasotzen dituena —ekoizpena Espainiako Defentsa Ministerioak eta RTVEk sinatu duten hitzarmen baten barnean sartuta dago—.

Euskal Herriko beste leku batzuetan ere ari dira grabatzen: Azkoitiko Santa Klara komentuan (Gipuzkoa); Erriberrin, Nafarroako errege-erreginen jauregiaren bueltan (Nafarroa); Iruñeko katedralean eta Lazkaoko Infantodoko jauregian (Gipuzkoa).

Getxoko Gorrondatxen grabatutako eszenetan, honelakoak sorberritu dituzte: matxinadak, exekuzioak, erbesteratzeak eta Patagoniako indigenekin izandako «liskarrak». Getxoko Udalak eman du informazio hori, eta grabaketei bisita egin die Getxoko alkate Amaia Agirrek. Alkateak zera esan du: «Sormen eta kultura industriei laguntzea da Getxoko Udalaren ekonomia sustatzeko ildo estrategikoetako bat. Turismo bulegoak Bilbao Bizkaia Film Commissionekin lan egiten du 2016. urtetik». Horren adibide dira Bizkaiko kostaldeko herri horretan grabatu dituzten zenbait pelikula, dokumental, iragarki eta telebista saio. Agirrek zera gaineratu du: «Kultura sustatzea eta hedatzea funtsezkoa da gizarte aurreratu batean, eta Getxon sektore horri laguntzeko lanean jarraituko dugu».

Getxoko alkatea Fernando Larrondorekin bildu da, telesailaren ekoizleetako batekin. Eta Larrondo grabazioaren parajeaz mintzatu da: «Natur eremu zoragarria da Gorrondatxekoa, bakana, eta oso baliagarria garai hura irudikatzeko».

Gipuzkoan aritu dira jada

Getxoko grabaketetan, telesaileko aktore protagonistetako batzuek parte hartu dute. Alvaro Mortek —La casa de papel— egiten du Elkanorena, eta bertan izan da. Pepon Nietok —Los hombres de Paco— Bartolome apaizarena egiten du, eta fikzioan haren ardura da Argentinan egindako aurreneko meza katolikoa ematea. Barbara Goenaga ere aktore taldean da, baina ez du parte hartu Getxoko grabaketetan. Telesailaren zuzendaria Simon West zinemagilea da.

Aurreko egunetan, Gipuzkoako Lazkao eta Azkoitia herrietan aritu da lantaldea grabaketak egiten. Astelehenetik asteazkenera, Lazkaoko Infantodoko jauregian aritu ziren Sin límites-en eszenak grabatzen; hogei bat kamioi eta furgoneta Elosegi kalean jarrita, estudio erraldoi bihurtu zuten ingurua.

Euskal Herriko grabaketak amaitzean, Dominikar Errepublikara joango da taldea, itsasoko eszenak grabatzera. Sevillan (Espainia) eta Madrilen bukatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.