AT & T konpainiak eta Discoveryk bat egingo dute, eta erraldoi bat sortu

Taldeak bi 'streaming' plataforma, makina bat telebista kate eta Warner estudioak izango ditu

David Zaslav izango da Discovery eta AT & T batuko dituen konpainiaren zuzendari eragilea. ANDREW GOMBERT / EFE.
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetan telekomunikazio operadoreen artean liderra da AT & T, eta, azkeneko urteetan, erosketa garrantzitsuak egiten ari da ikus-entzunezkoen industrian. Konpainia berekoak dira CNN albiste katea, Warner Media, HBO, Cartoon Network, TBS, TNT eta Warner Bros estudioa. HBO Max streaming plataforma jarri zuten iaz martxan —aurten iritsiko da Euskal Herrira—. Eta, orain, are boteretsuagoa bilakatuko da taldea, Discoveryrekin bat eginda. Warner Mediak eta Discoveryk rol garrantzitsua jokatuko dute entretenimenduaren sektorean.

Discoveryren esku daude Animal Planet, Food Network, Discovery Channel eta bestelako gaikako saio batzuk: sukaldaritzari buruzkoak, naturari eta zientziari eskainitakoak. Baita HGTV, Oprah Winfrey Network eta Eurosport kirol katea ere. AEBetan 88 milioi etxetara iristen da. Urtarrilean, Discovery Plus plataforma abiarazi zuen —hori ere aurten helduko da Euskal Herrira—: oraingoz, 15 milioi harpidedun ditu. HBO Max eta HBO plataformek, bestalde, 64 milioi harpidedun inguru dituzte mundu osoan.

Argi denez, HBO Maxek eta Discoveryk Netflixekin (208 milioi harpidedun) eta Disney Plusekin (100 milioi harpidedun) lehiatu nahi dute, eta zenbat eta eduki gehiago izan, aukera gehiago izan dezakete merkatuaren parte bat bereganatzeko. Lehia horretan da Amazon Prime Video ere. Iragarri ez dutena da HBO Max eta Discovery Plus ordainpeko zerbitzu berean batuko dituzten ala ez.

AT & Tk eta Discoveryk bat egingo dute, baina konpainia bakoitzak modu berezituan kotizatuko du burtsan. Talde berriaren akziodunen %71 AT & T-renak izango dira, eta beste %29, Discoveryrenak. Talde berriko zuzendaria David Zaslav izango da, gaur egun Discoveryko zuzendari eragilea.

Bat egitea benetakoa izan dadin, hilabete batzuk pasatu beharko dira, eta Discoveryko akziodunek onespena ematea falta da. Baita erakunde arautzaileena ere. Datorren urtean bat egin ostean, 2023an talde berriak 42.800 milioi euro ingururen diru sarrerak izatea espero dute.

Bi konpainiek adierazi dutenez, talde berriak eduki propioetan gehiago inbertitu ahalko du, programazio eskaintza hobetu, eta ikus-entzuleentzako esperientzia berritzaileak eskaini.

AT & T-ko zuzendari eragile John Stankeyk esan du bat egiteak asko lagunduko diola HBO Max plataformari munduan zabaltzen, Discoveryk duen «presentzia globalari» esker.

Bat egite gehiago, laster

Warner Mediaren eta Discoveryren indar metatzeaz gain, litekeena da epe laburrean sektorean bat egite eta akordio gehiago iristea. Berriki, Sonyk eta Netflixek egin dute akordio garrantzitsu bat. AEBetako zenbait kazetarik idatzi dutenez, Wall Streeten bat egite gehiago espero dituzte. Comcast taldea izan daiteke erosketa edo akordio berrien eragile bat.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.