Kanaldudek musika saio bat grabatuko du igandean, ikusleekin

'Kantuen kontrabandista'-ren azken atala Donibane Lohizuneko Dukontenian filmatuko dute

Kanaldudek irailean estreinatuko du Kantuen kontrabandista abentura eta musika saioa. KANALDUDE.
urtzi urkizu
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun

Kanaldude telebistak aurreko urteetan baino grabaketa gutxiago egin ditu aurten Bidarraiko (Nafarroa Beherea) estudioetatik at, osasun larrialdiaren eraginez. Igande honetarako, ordea, grabaketa oso berezia prestatu du Azkaineko (Lapurdi) Kestu ekoiztetxearekin elkarlanean: Kantuen kontrabandista saioaren lehen denboraldiko zazpigarren eta azken atala kontzertu berezi bat izango da. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Dukontenia parkean izango da kontzertu hori, 17:30ean —euria egiten badu, Hendaiako (Lapurdi) Gaztelu aretoan egingo lukete—. Kontzerturako sartzea librea eta doakoa izango da, baina 400 pertsona bildu ahalko dira, gehienez; Hendaiako aretoan, berriz, 162 herritar.

Honako talde eta musikariek parte hartuko dute grabaketan: Lumi, Madda Luzzi, Mugaldekoak, Willis Drummond eta Petti elkarrekin, Thierry Biskari eta Oihan Oliarj-Ines. Horiek izan dira, hain zuzen ere, Kantuen kontrabandista-ren aurreko ataletan Xabaltx aurkezle eta musikariak bidean topatu dituen sortzaileak. Horietako bakoitzak kontrabandistak eraman zion kantu zahar baten moldaketa aurkeztuko du igandean.

Antolatzaileek iragarri dute osasun neurri guztiak beteko dituztela: emanaldia maskararekin eta eserita ikusi beharko da.

Kantuen kontrabandista ez da soilik Kanaldudek ekoitzia: France3 kate publikoarekin elkarlanean produzitu dute. Programa irailean estreinatuko du Kanaldudek, eta France3 kateak urtarrilean emango du —euskaraz, frantsesezko azpidatziekin—.

Saioaren abiapuntua honakoa da: Xabaltx musikariak eta Inda behorrak bidaia bat egingo dute, zeharkaldi bat Euskal Herriko zenbait herritan barna, desagertuak edo galtzekotan diren kantuen bila. Iban Rusiñol saioko gidoilari eta zuzendariaren arabera, atal bakoitzean transmititzaile bat dago, «gehienetan, adin jakin batekoa», eta, gero, kantu zaharra gaur egungo musikari batzuei pasatzen diete. Musikari horiek kantu zaharrak moldatzen dituzte, eta, hain zuzen ere, kantu horiek dira igandeko kontzertuan entzun ahalko direnak.

Honako hauek dira zeharkaldiko herriak eta ikertu eta moldatutako kantak: Hondarribian (Gipuzkoa), Luis gaiztoak; Senperen (Lapurdi), Arrosa xuriaren azpian; Zugarramurdin (Nafarroa), Abenduaren hamarraz; Baigorrin (Nafarroa Beherea), Bazterretik bazterrera; Arizkunen (Nafarroa), Gure etxea lakarrez; eta Donibane Garazin, Ura isuririk.

Rusiñolek nabarmendu du kanta horien testuinguru sozial eta historikoa ikertzen aritu direla. «Ezustekoak hartu ditugu. Zenbaitetan tronpatu gara, baina ikerketa hori iruditan ikusi ahalko da. Frustrazioak eta lorpenak agertuko dira». Aitortu du grabaketak ez direla errazak izan, COVID-19a dela eta. «Hasieran, freskoago geunden. Eta amaieran, saioa ilunduz eta espiritualizatuz joan da», gaineratu du Rusiñolek.

 

Litekeena da saioa beste kateren batek erostea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.