Martxoaren 8aren inguruko eduki ugari prestatu dituzte egunotarako

ETB1ek 'Ta bihar zer?' berezia emango du gaur. TVEk Elena Francisi buruzko lan bat egin du

ETB1ek Ta bihar zer? saioaren atal berezia emango du gaur gauean, Martxoaren 8aren bueltan. BEGIRA PRODUKZIOAK.
urtzi urkizu
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Emakumearen Eguna dela eta, irrati, egunkari eta telebista kateek askotariko edukiak prestatu dituzte egunotarako. BERRIAn herenegun irakurri ahal izan ziren horietako batzuk, eta bihar Berria FM podcast feminista itzuliko da.

EITBk, bestetik, emakume gazteei ahotsa emateko kanpaina bat abiarazi du. Testuinguru horretan, ETB1ek Ta bihar zer? programaren atal berezi bat emango du gaur, 22:30ean. Ohi bezala, Leire Palacios kazetariak aurkeztuko du, baina oraingoan Katixa Agirre idazle eta irakaslearen laguntza izan dute gidoia lantzeko. Lau emakume arituko dira solasean, Palaciosek gidatuta: Itzea Urkizu kazetaria, Ziortza Karranza psikologo eta sexologoa, Olarizu Frias tabernaria eta Andikona Ariztondo baserritar eta adinekoen zaintzailea. Emakume gehiago ere agertuko dira saioan: Ainhoa Etxebarriak, Miren Gaztañagak eta Erika Olaizolak esketxak eta bakarrizketak egingo dituzte, Miren Narbaiza MICEk jarriko du musika, eta kaleko inkestez arduratuko da Lei Bueriberi. Irantzu Varela kazetari eta militante feministak ere parte hartuko du programa berezi horretan.

Bihar, ETB1eko Biba zuek! magazinean solasaldi bat egingo dute hainbat emakume gazterekin. Bestetik, Eneritz Iturriaga txirrindulari ohi eta Abadiño Cycling akademiaren sortzailea elkarrizketatuko dute.

Euskadi Irratiak gaur konexioak egingo ditu Donostiako San Telmo museoan egingo den Berdintasunaren aurkako erresistentziak gure inguruan jardunaldiekin. Bihar, berriz, Faktoria albistegian Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburu Nerea Melgosa elkarrizketatuko dute. Baipasa saioan Martxoaren 8ko ikurrei buruz hitz egingo dute Amaia Nausia Pimoulier historialariarekin, Haizea Zurutuza lore saltzailearekin eta Elena Belasko publizistarekin.

Bestetik, solasaldi bat egingo dute EITBren Youtubeko kanalean, bihar, 21:00etan.

EITBko hedabide guztietan emango dute Martxoaren 8aren mobilizazioen berri. Hala egingo dute Hamaika telebistako saioetan ere.

Beste kateetako eskaintza

TVEk programazio berezia prestatu du Martxoaren 8aren inguruan. Igandean La2 kateak Clara Campoamorren inguruko dokumental bat eman zuen —sarean da ikusgai—. Bihar, kate berean, Elena Francis, la primera influencer dokumentala estreinatuko dute (22:50). Landa giroko andreez arituko dira bihar La1 kateko Comando actualidad saioan. RTVE Play plataformako Gen Playz XL saioan, berriz, emakumeek sare sozialetan pairatzen duten jazarpenaren inguruan arituko dira.

France2 kateak Bouchera Azzouzek zuzendutako Meufs de (la) cité dokumentala emango du bihar, 22:50ean. Frantziako hirietan eta auzoetan bizi diren emakumezko magrebtarren eta haien alaben inguruko lana da. Artek Féminicides en Europe saioa emango du bihar, 13:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.