«Kontua ez da grabagailua martxan jarri eta kazetariaren parean dagoenak isiltasuna bete dezala». Modu horretan abiatu du Francisco J. Rodriguez Baena Kataluniako kazetari, historialari eta Elllobregat.com egunkari digitaleko zuzendariak Decàleg per a una bona entrevista artikulua (Elkarrizketa on baterako dekalogoa). Zenbait kazetarirekin mintzatu da Rodriguez Baena elkarrizketatzeak dituen ezaugarrien inguruan; dokumentazioa landu, eta dekalogoa Report.cat aldizkarian irakur daiteke.
Lehen puntuan, kazetariak parean duenarekin konektatu egin behar duela nabarmentzen du Baenak. Oroitarazi du Gabriel Garcia Marquez idazleak elkarrizketak maitasunarekin alderatzen zituela. «Bi pertsona behar dira egiteko, eta soilik ondo ateratzen dira bi pertsonek elkar maite badute», esan zuen Garcia Marquezek Parisen, 1981. urtean. Aurora Anton kazetari eta irakasleak, berriz, gomendatu ohi du elkarrizketatzaileak interesa jarri behar duela elkarrizketatuan, eta pertsonaren «beste alderdi bat» bilatu.
Elkarrizketetan funtsezkoa da galdetegia ondo prestatzea, dekalogoak jasotzen duenez, baina, aldi berean, kazetariak gidoitik guztiz ateratzeko prest joan behar du. Paul Connolly kazetariak, esate baterako, aipatzen du elkarrizketatuak ezustekoa den zerbait esaten duenean hari horretatik jarraitzeko aukera izan behar duela elkarrizketatzaileak.
Gaiaz hausnartu izan duten gehienek gogorarazten dute, bestalde, elkarrizketatuak pertsonak direla, elkarrizketatzaileak bezala, «eta ez jainkoak».
Aurora Antonek, bestalde, ohartarazi du grabazioa hitzez hitz transkribatzea elkarrizketan ez egotea bezala dela. «Elkarrizketa artelan bat da, eta ezin da zapping elkarrizketa bat izan», gaineratu du.
Kazetari guztiek egin ditzakete akatsak elkarrizketa baten erdian. Halakoetan Conollyk gomendatzen du ez beldurtzeko, eta elkarrizketaren alde onetan sakontzeko. Antonen arabera, bestalde, eztiarekin euli gehiago ehizatzen dira ozpinarekin baino, eta umorez eta adeitasunez informazio gehiago lor daitezke.
Dekalogorako jaso diren adituen iritzien arabera, kazetariak interes publikoa duten mezuen «bitartekari hutsa» dira.
Bestetik, zenbait elkarrizketatuk, tartean politikariak, galderei izkin egiteko ahaleginak egin ditzakete. Halakoetan, kazetariak berriro galdetu eta gaiak elkarrizketan zehar berriro mahaira ekar ditzake. Connollyk gomendatzen du profesionala izatea eta «probokazioetan» ez jaustea.
Deigarria da Garcia Marquezen beste esaldi hau: «Elkarrizketa batean zailena ez da nola hasi, baizik eta nola bukatu». Antonek gomendatzen du elkarrizketa galdera askorekin amaitzea.
Dekalogoaren egile Rodriguez Baenak uste du kazetariak konfiantza izan behar duela bere buruan. Edonola ere, aitortu du ez dagoela elkarrizketak egiteko modu bakarra.
Dekalogo bat, elkarrizketa «onak» egin ahal izateko
Francisco J. Rodriguez Baenak gomendioak bildu ditu elkarrizketa «onak» egiteari begira, zenbait kazetariren iritziak kontuan hartuta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu