Euskararen Egunari lotutako hainbat saio emango ditu EITBk

ETB1ek 'Bai, bagara!' dokumentala estreinatuko du. Bilboko ekitaldia zuzenean emango dute

Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohia da Bai, bagara! dokumentalaren protagonista nagusia. BEGIRA BIDEOAK.
urtzi urkizu
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, eta EITBko hedabideetan euskararekin lotutako hainbat saio berezi emango dituzte. Horien artean, ETB1ek Bai, bagara! dokumentala estreinatuko du, 18:00etan.

Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiak AEBetan barna egindako bidaia bat da Bai, bagara! lanaren ardatza. Road movie estiloko dokumental bat da; euskal nortasunaren inguruan hausnartuko du Goirizelaiak, zenbait euskaldunek Ameriketako Estatu Batuetara egindako emigrazioaren berri emateaz gain. Larraitz Zuazok zuzendu du lana, eta jatorrizko ideia Goirizelaiarena berarena da. Begira ekoiztetxeak egin du saioa ETBrako.

Ondotik, 19:00etan, Eusko Jaurlaritzak Bilboko Euskalduna jauregian antolatu duen ekitaldia emango du ETB1ek. Ilaski Serranok eta Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztuko dute. Bertan hitz egingo dute Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Kike Amonarriz Topaguneko presidenteak. Xabier Sukia Euskadi Irratiko kazetariak egingo du kontakizuna.

Euskararen inguruan mintzatuko dira ETB1eko Gure kasa saioan ere (21:05). Horretarako, Miren Azkarate euskaltzaina gonbidatuko dute. Jon Garate, Maddalen Arzallus eta Joseba Beloki kolaboratzaileak ezustekoz beteta iritsiko dira saiora. Joxerra Gartzia irakasle eta kazetariarekin hitz egingo du Belokik.

Ur handitan saioak ez du gaur euskararen gaia landuko —Pasaiako (Gipuzkoa) kaiaren inguruaz arituko dira—. Aldiz, saio horretan duela bi denboraldi egindako Euskara XXI. mendeko labirintoan erreportajea emango dute 00:10ean.

Euskadi Irratiko Faktoria magazina saioan, gazteek euskaraerabiltzeko duten ohituraz mintzatuko dira ordu oro. Bestalde, Finlandiako euskal etxeko kideak elkarrizketatuko dituzte, han euskararen eguna nola bizitzen ari diren jakiteko.

Bai Euskadi Irratiko eta bai Radio Euskadiko albistegietan euskararen eguneko ekitaldi nagusien jarraipena egingo dute.

Ikasleen podcastak

EITBko hedabideetako edukiez gain, euskararekin lotutako eskaintza berezituak egingo dituzte egunotan Euskal Herriko hedabide askok.

Mondragon Unibertsitateko (Gipuzkoa) ikasle talde batek, berriz, euskarari buruzko dozena bat podcast prestatu ditu. Putzutik plazara izenburupean, euskarari buruz ari diren abestien hitzak hartu dituzte gaitzat podcast sortan. 58 pertsona elkarrizketatu dituzte horretarako. Podcastak Zuzeu atarian eta Spotify plataforman entzun ahalko dira: gaur estreinatuko dute aurrenekoa, euskararen bilakaeraren ingurukoa. Beste azpigai batzuen artean,euskararen eta teknologiaren arteko harremana eta euskal kulturaren modernizazioaren hausnarketa daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.