Ceitlin Smith. BBC Albako aurkezlea

«Gaelikoa erakargarri izatea nahi dugu gazteentzat»

Duela 11 urte sortu zen BBC Alba, gaelikoa sustatzeko. Eduki propioak sortzeko aurrekontu txikia izan arren, ikusleen aldetik duten harrera ona nabarmendu du Smithek.

ainara arratibel gascon
Donostian
2019ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Aitari esker ikasi zuen gaelikoa Ceitlin Smithek (Aberdeen, Eskozia, 1992). «Iritsi naizen lekura iristea ahalbidetu dit horrek», dio. BBC Alba telebista kateko aurkezleetako bat da egun, eta Donostian izan da, 2deok antolatutako Hizkuntza aniztasunaren erronkak ikus-entzunezkoen digitalizazio garaian jardunaldietan.

Gaelikoa sustatzeko eta berreskuratzeko helburuarekin sortu zen duela 11 urte BBC Alba. Zer bilakaera izan du kateak?

Aurrekontu txikia dugu: 20 milioi libra, hain zuzen [22.548.000 euro]. Bi heren Eskoziako Gobernuak ematen dizkigu, eta heren bat BBCk berak. Hori dela eta, ezin dugu nahiko genukeen adina eduki propio sortu. Baina egiten ditugunak ikusleek asko estimatzen dituzte. Adibidez, berriki Donald Trumpen amari buruzko erreportaje bat egin genuen, Eskozian jaio baitzen, eta Futboleko Emakumeen Munduko Kopan Eskoziaren partidak eskaini genituen zuzenean. Oso audientzia ona izan zuten. Eskoziako kulturari ere arreta berezia jartzen diogu; gure indargunea da. Alde horretatik, oso pozik gaude. Zirrikitu horiek bilatzen ditugu, gurea den zerbait eskaintzeko.

Dena den, gaelikoa berreskuratzea eta sustatzea nahi baino mantsoago doa, ezta?

Eskoziak dituen bost milioi biztanletik %1ek baino ez du erabiltzen. Hori dela eta, gure helburua ere bada erabilera sustatzea. Hedabideek ardura dugu horretan.

Nola, ordea,?

Gaelikoa erakargarri egin nahi dugu, batez ere gazteentzat eta nerabeentzat, horiek baitira gure hizkuntzaren etorkizuna. Niri gertatu zitzaidan, adibidez, txikitatik aitarekin gaelikoz egiten nuen. Baina Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza hasi nuenean, ez zitzaidan hizkuntza erakargarria egiten, eta ingelesera jotzen nuen. Hori aldatu nahi dugu, eta amuetako bat telesailak izan daitezke. Bestalde, sarean ere hobeto kokatu nahi ditugu gure edukiak, batez ere BBC iPlayer plataforman. Gazteek gero eta gehiago kontsumitzen dute telebista bertatik, eta Eskoziatik kanpo ere gure ekoizpenak ezagunago egin daitezke horren bidez.

Lan horretan zer eskatzen diezue Eskoziako Gobernuari eta BBCri?

Gobernuari baliabide gehiago, horrek ahalbidetuko ligukeelako ekoizpen propioa handitzea;BBCri, berriz, gure edukiak zabaltzen laguntzea.

Zeintzuk dira katearen hizkuntza politikaren ildoak?

Naturaltasuna eta zentzua diragure ezaugarri nagusiak. Adibidez, ez dugu azpidatziak erabiltzeko ohiturarik.

Aurkeztu ez ezik, abestu ere egin izan duzu. Zein ezaugarri izan behar ditu BBC Albako langile batek?

Guztiok mugitzen gaituena gaelikoarekiko maitasuna da. Horrekin batera, denetarik egiteko prest egon behar duzu. Izan ere, langile gutxi gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.