Sally Buzbee

Associated Pressetik 'Post' zuzentzera

'The Washington Post' egunkariaren aurreneko emakumezko zuzendaria izango da Sally Buzbee. Associated Press agentzian egin du bere ibilbide guztia. AEBetako kazeta munduan zabaltzeko hautatu dute.

BERRIA.
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Kansasko Unibertsitatean (AEB) kazetaritzan lizentziatu zenetik, bere ibilbide guztia Associated Press albiste agentzian egin du Sally Streff Buzbeek (Walla Walla, Washington, AEB, 1965). Han, askotariko kazetaritza lanak egin ditu, eta goi mailako ardurak bete. Kazetaritzaren munduan sona handiagoko kargu bat beteko du ekainaren 1etik aurrera: The Washington Post egunkariaren 144 urteko historian aurreneko emakumezko zuzendari bilakatuko da.

Jeff Bezos enpresariak AEBetako egunkaria 2013an erosi zuenetik kontratatzen duen lehen zuzendaria ere izango da Buzbee. Izan ere, azkeneko zortzi urteetan Martin Baronek bete du zuzendari kargua, eta otsailean hartu zuen erretiroa. Bezosek zenbait elkarrizketa egin ditu azken hamar asteetan zuzendaria aukeratzeko. Post-ek berak argitaratutako informazioaren arabera, Kevin Merida —Los Anges Times-eko zuzendari berria—, Cameron Barr eta Steven Ginsberg ziren beste hautagaiak; azkeneko biak Post-en bertan ari dira gaur egun beharrean.

Baina nazioarteko zabalkunderako daraman estrategian, Bezosek editore lanean eskarmentu handia duen kazetari bat aukeratu du. Buzbeek Kansasen hasi zituen kazetari lanak, Associated Pressen, eta, ondotik, Los Angeles, San Diego eta Washington hirietako bulegoetan aritu zen. 1990eko hamarkadan, albiste agentziako zuzendariordea izan zen, eta hark gainbegiratzen zituen nazioarteko eta segurtasun nazionaleko gaiak. 2010etik 2016ra, Washingtongo bulegoko arduradun nagusia izan zen: 2012ko eta 2016ko AEBetako hauteskunde presidentzialen berri eman zuen; baita kongresuko aktibitatearena ere.

2017an, Associated Presseko zuzendari eragile eta presidenteorde izendatu zuten Buzbee. Lau urteotan, 2.800 kazetari dituen talde handi bat gidatu du. Munduko albiste agentzia handienetako bat da hori. Mila kazetari zuzenduko ditu orain AEBetako egunkarian. Enpresak 2.500 langile inguru ditu.

«Lider eredugarria»

The Washington Post-ek argitara eman duenez, Fred Ryan editoreak asteartean eman zien langileei izendapenaren berri. Ryanek berak zuzendari berriaren ezaugarriak goraipatu ditu: «Gure balioak partekatuko lituzkeen pertsona baten bila aritu gara, tentu handiz. Mundu mailako kazetari baten bila genbiltzan, eta bozeramaile izateko sinesgarritasuna eta seriotasuna izango duen norbait ere nahi genuen». Eta editoreak zera gaineratu du Buzbeeren inguruan: «Lider eredugarria da, kazetaritzaren ohitura onenetan trebatutako kazetari bat».

Post-ek bulego berriak zabalduko ditu aurten Londresen eta Seulen. Sydneyn (Australia) eta Kolonbian ere zabalduko dituzte geroago. Hala, 26 bulego izango dituzte AEBetatik kanpo. Buzbeek adierazi du zabalkundearen erdian kargua hartzeak «hunkitu» egin duela: «The Washington Post-ek kazetaritza legatu aberatsa eta zoragarria du. Zabalkundearen eta berrikuntzaren garai honetan lantaldera iristea zirraragarria da».

Egunkariak hiru milioi harpidedun digital ditu. Inoiz baino kazetari gehiago izango ditu aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.