LIBURU AURRERAPENA

Azala erre

Bi artista, sare sozialen garaian bizi direnak, ikuskizunaren gizarte post-industrialean, eta artea ulertzeko modu desberdinak dituztenak. Horiek dira Danele Sarriugarteren (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989) 'Azala erre' nobela berriko protagonistak.

2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun

SOBREA (1)

data: 2016ko ekainak 24

tokia: Donostia

Estudiotik ateratzera zihoala egin zuen estropezu diruarekin.

13:00

Nahiz eta, benetan, estudiora sartu zenetik egon gutunazala han botata, lodi, Miren ez zen hartaz jabetu ia lurrera muturrez erori arte, bi ordu beranduago.

Atea zabaldu zuenean atearekin batera mugitu zen hura ere, eta ezkutuan geratu, eta atea ixtean atzera agertu arren Miren dagoeneko abiatua zen lan-mahaira, sarraila bizkarrean, dirua oharkabe.

Biharamunean hasiko zen Miren estudioan bizitzen: biharamunetik aurrera ez zuen edukiko beraz sukalderik, logelarik, egongelarik. Komuna bai, sartu eta ezkerrera, baina gainerako guztia gero, gainerako guztia dena batera.

Diafanoa zela esango lizukete, egokitu nahi balizute. Horixe esan zioten Mireni.

Biharamunean hasiko zen estudioan bizitzen baina honezkero bizpahiru aste eginak zituen bertan lanean; ordenagailu berri-berria ere hara eramana zioten zuzenean dendatik.

Aukera ona zen, Miren desesperatzen hasia zen, adiskide batek lortu zion, baina ekainean sartu behar zuen derrigorrean, nahiz eta beste pisuko kontratua hilaren azkenera arte ez amaitu.

Aukera ona zen, hala ere, Miren desesperatzen hasia zelako batez ere, ez ote zuen ezer topatuko, eta hartu egin zuen, eta asteburutan airbnb webgunean eskainiz orekatu gastuak. Turismo-sasoi betea zen, gaur egun ia urte osoa zen turismo-sasoi bete, eta ez zuen izan arazorik asteburu den-denak lotzeko; erantzun-oldea ikusita, are, bi bider igo zion prezioa, eta dantza bat erantsi baldintza gisa.

Diafanoa zela esan zuen.

Kito, baina, orain; lanera etorria zen gaur, lanera-edo. Harritu egin zen, beraz, horretarako ezarria zuen eremutik atera eta hura han ikusita. Paper marroia. Mirenen izen-abizenak letra xehez, markagailu beltzez. Ez zuen inoiz ikusi hainbeste (esku) diru. Filmetako, periodikoetako gauzak iruditzen zitzaizkion sobreak, maletatxoak.

Banku digitalaren bidez kudeatzen zituen transferentzia guzti-guztiak. Txartelarekin ordaintzen erosketarik ezdeusenak ere. Hamaika aldiz egin bide zuen barre, algaraka, sos apurrak lastaira azpian gordetzen ei zituzten zaharren bizkar, halako albisteren bat iritsi zitzaionean, pertsona lurrean aurkitua zutela zerraldo eta ohe barneko billeteak zimur.

Eta hara non.

BIZI-OHITURAK (1)

eguna: 2016ko ekainak 24

tokia: Donostia

Alarmak jo aurretik esnatu zuen twitterreko jakinarazpenak.

8:10

Mirenen mugikorrak bibratu egiten baitzuen inork Miren aipatzen bazuen txio batean, inork bertxiotzen bazuen Miren agertzen zen txio bat, inork etiketatzen bazuen Miren txio bateko argazki batean, eta Miren gai zen aldiro jakiteko zer-nolako jakinarazpena zen, begiratu gabe ere, mugikorrak ez zituelako denak berdin igortzen, eta belarri zoliarentzat nabarmena zelako aldea: kolpe bat, ozena eta lehorra, norbaitek aipatzen edo etiketatzen bazintuen; bi luzexka eta leun, berriz, bertxioetan.

Fuerteetako batek esnatu zuen. Txio bat edo argazki bat, beraz, edo biak batera. Aurreikus zezakeen zer dela-eta. Egun horretan zen argitaratzekoa orain dela pare bat aste egin zioten elkarrizketa bat, Donostiako elkarte batean ikasturte osoan irakatsia zuen argazkilaritza artistikoko ikastaroaren harira. Imajinatu zuen, beraz, akaso egunkaria bera hasia zela albistea astintzen, goizeko lehen errondan.

Askotariko bulegoetako langileek ere (unibertsitateko irakasleek, administrazioko itzultzaileek) gogotik maite dute garai goiztiarra beren prentsako faboritoak twitterren haizatzeko: irratian entzun berri duten sinadura, iritzi-zutabe laburrak, haize hegoak dakarren argi aztia Txindokiren magalean.

Mila eta bostehun jarraitzaile inguru dauzkaten txiolari ertainen kasuan, gainera, egun horretako joerak markatzeko aukera ona eskaintzen du lehen pase horrek, txio bakarrarekin 10 bertxio eta 20tik gora atsegin jasotzekoa. Zutabea idatzi duenak adinako meritua baitu zutabearen bikaina ikusten jakin duenak.

Kolpeak kolpean iratzarri eta alarmak jo arte (8:30) beste hogei bider sentitu zuen Mirenek mugikorraren burrunba, honezkero eskuartean baitzeukan. Ez zen egunkarian egina zioten elkarrizketa hala ere bibrazio etengabearen arrazoi nagusia. Mirenek nahiago luke ahaztu baina bazuen beste konpromiso bat egun hartan, konpromisoa-edo, Begirada Berriak bekako epaimahaikide izana zen eta iluntze hartan ziren irabazleari saria ematekoak, Tabakaleran.

Ez zuen uste hainbesteko loturarik zeukanik berak ebentoarekin, azken batean amaitua zen beraren zeregina hari zegokionez, hautatua zuten jada bekaren irabazlea, eta, hala ere, ahalik eta jende gehienak zabaltzeko ohiko estrategietako bat baliatu zuen fundazio beka-emailearen twitter kontua kudeatzen zuenak, eta ebentoa iragartzen zuen txioari erantsitako argazkian, Begirada Berriak bekaren logoan hain zuzen ere, etiketatu zituen Miren eta beste epaimahaikide bat (hirugarrena ez zegoen sare sozialetan) eta beka ematen zuen fundazioaren lehendakari IƱaki Aramendi eta Tabakaleraren kontu ofiziala eta beste sei lagun, gehienera ere 10 kontu aipa baitaitezke argazkiko.

Sari-banaketari buruzkoa baztertu zuen Mirenek, joango ote zen ala ez, eta irakurtzen jarraitu zuen, goizeroko errepasoa, errituala, hatz-mami bat pantailara itsatsita.

Ez zuen ezer txiokatu periodikoko elkarrizketaz ez sari-banaketaz, hala ere. Ez zuen bere buruaren propagandarik egiten, edo, hobeto esanda, ez zuen egiten bere buruaren propagandarik modu agerikoan, lotsa handiegia emango liokeelako autoinkulpazio-traol horietako bat erabiliko balu ere (#autopunpa).

Bertxiotzaile porrokatua zen, ordea, hara hor bere buruari ezarritako neurrietako bat, eta bera aipatzen zuten txio guztiak bertxiotzen eta atsegiten zituen (bigarren hori, txioari erantzuteak nagia eman baina harroxkoa iruditu nahi ez zuenean, arreta eskertzeko nolabait), hori bai, sekula ez jakinarazpena jaso eta segituan. Itxaron egiten zuen beti, ahalik eta luzeen, ez zezan inork pentsa engantxatuta zegoenik, halako garrantzirik ematen zionik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.