Karmele Aranburu

Herri Irratiko ahots zorrotza

Karmele Aranburu kazetaria hil da, 65 urte zituela, minbiziaren eraginez. Herri Irratiko albistegietako arduraduna izan zen 32 urtez. EHUko Udako Ikastaroetan komunikazio zuzendari ere aritu zen, 26 urtez.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Donostiako Herri Irratian albistegiak gidatzeari oso gazte ekin zion Karmele Aranburuk (Orio, Gipuzkoa, 1957), eta horretan aritu zen 32 urtez. Herri Irratiko eguerdiko albistegiaren ahots sendo eta zorrotza izan zen, albistegietako ahots nagusi gehienak gizonezkoenak zirenean. Eta Herri Irratiaren urterik arrakastatsuenetan, zutabe garrantzitsuetako bat izan zen haren gidaritza. Aranburu 65 urte zituela hil da, minbiziak jota.

Haurra zenetik izan zuen Aranburuk kazetari izateko grina,BERRIAk 2015eko ekainaren 21ean argitaratu zuen elkarrizketa batean kontatu zuenez. 9 urte baino ez zituela, hala esan omen zion amari: «Nik notiziak emango ditut». Handik urte batzuetara, kazetaritza ikasketak hasi zituen Iruñean, Nafarroako Unibertsitatean, «Kutxak emandako diru laguntza bati esker». Madrilen jarraitu zuen gero ikasten, urtebetez. Baina berehala, oso gazterik, Herri Irratira iritsi zen: 19 urterekin hasi zen bekadun. Eta handik gutxira, irratiak albistegiak zuzentzen jarri zuen, Koldo Ordozgoitirekin batera. 21 urte baino ez zituen.

Jesuiten irratia zen Herri Irratia. 1980ko hamarkadan, milaka entzule zituen Gipuzkoan, eta programazioaren zutabe ziren Mariano Ferrerren El Kiosko de La Rosi —hain justu, atzo aurkeztu zuten Donostian Mariano Ferrer. El periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa liburua (Erein)—; Aranburuk 13:00etan aurkezten zuen albistegia; eta kirolen tartea —Tito Irazustak gidatua hainbat urtez, eta Iñaki Mujikak geroago—. Apirilearen 22an hil zen Mujika, 72 urte zituela.

Ramon Ibeas Herri Irratiko zuzendaritzako kideak nabarmendu du Aranburuk «printzipio sendoak» zituela: «Tratuan gogorra zen, baina zentzu onean: zorrotza. Eta, aldi berean, gogor itxura ematen zuen, baina bihotz handia zuen». Kazetari gisa «serioa» eta «oso profesionala» zela aipatu du Ibeasek. «Era berean, oso sentikorra zen. Pertsona gisa, oso emakume sendoa».

Alderdi politikoek komunikabideei eta kazetariei egindako presioez galdetu zion BERRIAk 2015eko elkarrizketa hartan, eta Aranburuk hau erantzun zuen: «Mariano Ferrer bere garaian Euskadiko Ezkerreko kide izan zenez, batzuentzat automatikoki Karmele Aranburu ere Euskadiko Ezkerrekoa zen. Gezur galanta. Batzuk esaten zidaten: 'Zu EAJkoa zara'; beste batzuek: 'HBkoa'... Denetik esaten zidatenez, neure buruari erantzuten nion: 'Ondo nabil!'». Zera ere aipatu zuen: «Ez naiz inoiz izan EAJko Very Important Family batekoa. Eta behin ere ez dut onartu ETA. Erdikoak garenak bazterrean geratu izan gara beti».

EHUko Udako Ikastaroetan

Herri Irratia izan zen Aranbururen lan eremu nagusia, eta bestea, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroak. Kazetaria 26 urtez aritu zen han lanean: 1996tik 2022ra, udako ikastaroetako komunikazio zuzendaria izan zen, harik eta iaz erretiroa hartu zuen arte.

EHU Udako Ikastaroak fundazioko lantaldeak gogoratu du Aranburu zela beti hizlariekin tratua zuena, eta Miramar jauregian jasotzen zituena. Sarri, zigarro bat piztuta zuela. «Eta harentzat, denak ziren 'maitea'». Herri Irratian lan egin zuen azkeneko urteetan, soldatarik gabeko baimena hartzen zuen udako ikastaroetan lan egiteko. «Lantaldea egiten zuen Aranburuk. Agur festa bat egin genion, eta fundazioko denok izan ginen han», aipatu du fundazioko haren lankide batek—denen izenean hitz egin du, izenik eman gabe—.

Ibeasek esan du udako ikastaroetan beti aritzen zela gauzak bideratzen. «Beti izan zen oso saiatua. Gizarteak erreferentzia bat galdu du. Bere neurrian, arrastoa utzi du».

Aranburuk, era berean, pentsatzen zuen hori esateko ospea zuen. Hala egiten zuen EHUko Udako Ikastaroetan ere, eta ikasleei esaten zien karreraz aldatzeko. Hala kontatu zion BERRIAri, 2015ean: «Fakultatean ez da ezer ikasten. Bekadunekin 20 urte daramatzat EHUko Udako Ikastaroetan lanean, eta beti esaten diet: 'Oraindik denbora daukazue, alda itzazue ikasketak, ez da berandu'. Fakultatetik Wikipedian adituak besterik ez dira ateratzen».

Aranburuk Euskadi Irratiko albistegietan egin zuen lan2010etik 2013ra. Ardura kargu bat izan zuen Kristina Zorita koordinatzailea zela —Alberto Surio zen EITBko zuzendari nagusia—. Halaber, zutabegilea izan zen El Diario Vasco eta El Mundo del País Vasco egunkarietan. Haietan ere bere ohiko zorroztasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.