Mary F. Calvert. WPPko Epaimahaiko kidea

«Batzuek ez zioten saria eman nahi; nik ez nuen zalantzarik izan»

Edu Lartzanguren.
2017ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Mary F. Calvert argazkilaria da, eta World Press Photo saria irabazi zuen iaz, Ameriketako Estatu Batuetako armadan eginiko sexu erasoen inguruko argazki sail batekin. Epaimahaikide izan da aurten sarietan, eta sutsuki defendatzen du Errusiak Turkian zuen enbaxadorearen hilketaren argazkiari saria eman izana.

Zergatik erabaki duzue urteko argazki izendatzea Burhan Ozbliliciren irudia?

Fotokazetaritzako argazkienetan argazkiena delako. World Press Photo lehiaketan urteko argazkia izan beharko lukeenaren adibide borobila da. Gogoratu behar dugu argazkilariari eman diogula saria, ez krimenari. Badakit argazkia eztabaidatsua dela, baina oso ondo adierazten du munduan orain nagusi den gorrotoa, sumindura eta fanatismoa. Ezin dut hitz egin epaimahaian izaniko eztabaidari buruz, baina laburbiltzeko: batzuek ez zioten saririk eman nahi argazkiari, baina gehiengoak bai. Argazkilariaren adoreak kemena ematen digu argazkilarioi lanean jarraitzeko beldurra izan arren. Gainera, irudi perfektua da, fisikoki jotzen zaitu ikusten duzun bakoitzean, eta mundua txunditu du. Nik ez nuen zalantzarik izan: hau zen urteko argazkia.

Baina badu antzezpen puntu bat: hiltzailea kameren aurrean aritu zen munduak ikus zezan. Saria ematea ez al da hiltzailearen jokoan erortzea?

Ulertzen dut argudioa, baina ni ibili naiz militarrekin gerra eremuetan argazkiak egiten, eta haiek ere nahi dutena erakusten dizute, eta ez dutenean nahi zuk zerbait erretratatzea, gelditzeko esaten dizute. Oso argazkilari gutxi aritzen dira erabat independente gerra bat erretratatzen. Kazetari gisa, gure eginkizuna da lekuko izatea eta gertatzen ari dena apaingarririk gabe erakustea. Jendeak erabaki behar du gero irudiaz pentsatzen duena. Irudi honek hitz egiten du ere norbaitek hedabideak nola erabiltzen dituen. Jende askok erabiltzen gaitu, eta honetaz hitz egingo da luzaroan.

Sarietako bat irabazi zenuen iaz.Argazki kazetariak zarete epaimahaikideetako asko. Egokiak zarete lankideak epaitzeko?

Epaitzea oso zaila da, horretan ari naizenean argazkian agertzen diren pertsonen inguruan pentsatzen ari naizelako, baita irudiak hartu zituenari buruz ere. Argazkilariak kontu handiz ibili behar dira gauza batekin: ez hasi argazkiak egiten lehiaketetan pentsatzen. Argazki kazetaria bazara, gaia ez zara zu, baizik eta erretratatzen dituzunak.

Azken urteotan, oso irudi sinbolikoak, ederrak eta leunak saritu dituzte World Press Photo lehiaketan. Apropos aukeratu duzue garai bateko argazki kazetaritza gordinera itzultzea?

Irudiek gidatu gaituzte. Urteko argazkiak nolakoa behar lukeen esateko aurrejuzgurik gabe sartu nintzen epaimahaian. Kasu honetan ere, argazkiak esan digu. Batzuetan, argazki batek jauzi egiten du, eta harrapatu egiten zaitu. Horietako bat zen hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.