Iker Balentziaga. 'Berria.info'-ko diseinu arduraduna

«Etengabe egokituko den webgunea egin nahi dugu, dinamikoa eta modernoa»

BERRIA.
Nagore Rodriguez.
2014ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Berria.info webguneko diseinu arduraduna da Iker Balentziaga (Legazpi, 1977). Azken hilabeteetan, buru-belarri aritu da BERRIAren webgune berria prestatzen, lantalde batekin batera.

Zeintzuk izan dira webgune berria osatzeko irizpideak?

Batetik, argitasuna. Albisteen antolaketa txukunagoa lortzen saiatu gara, argazki eta zuriune gehiagorekin, bisualagoa izateko. Baina argitasuna bilatu arren, elementu identifikatibo propioak erabili nahi izan ditugu, eta, beraz, letra mota bereziagoa hautatu dugu, tituluari indarra emateko.Nortasun handiagoko letra mota da. Bestetik, kazetarien firmak indartu nahi izan ditugu. Hala, kazetari bakoitzaren argazkia eta Twitter erabiltzailea agertuko dira idatzitako albisteetan.

Webgunea sakelako telefono eta tabletetara egokitu da, pauso garrantzitsua izan da, ezta?

Lehendik bagenuen iPhonerako aplikazioa, baina Androiderako ez. Orain hori bateratu nahi izan dugu eta webgune bakarra egin, gailu guztietara ondo egokituko dena. Apustu inportantea da; lan handia izan da, baina azken hilabeteetan konturatu gara geroz eta jende gehiago sartzen dela webgunera tabletetatik eta sakelako telefonoetatik; beraz, beharrezko pausoa zen.

Atal batzuek garrantzi handiagoa hartu dute orain.

Webgunea sinplifikatu egin da; lehen genuen atal sistemarekin hautsi da, eta atal batzuk nabarmendu ditugu orain: Kultura eta Kirola, adibidez. Iritzia atal berria ere sortu dugu, eta azalean lehentasunezko leku batean jarri dugu. Toki berezia eman zaie baita ere Ereiaro eta Ibilkari kanalei. Berria Telebistari ere indar handiagoa eman diogu, irudiaren aldetik eta kokapen aldetik; bideo gehiago ere jarri ditugu aukeran.

Eredu berriak nabigatzeko aukera gehiago emango ditu.

Bai, sail bereko albisteen artean mugitzeko aukera dago. Albistearen azpian, sail bereko beste albiste batzuk erakusten ditugu, eta baita egunean gehien irakurri direnen zerrenda ere. Izan ere, geroz eta irakurle gehiago sare sozialetatik iristen dira albisteetara, zuzenean, azaletik pasatu gabe. Horregatik, albistean berean erakutsi nahi ditugu webgunean dauden beste edukiak.

Oraingoa beta bertsioa da, aurrera begira zer pauso emango ditu webgune berriak?

Aurrera begira albisteetan iruzkinak egiteko eta albisteak entzuteko aukera ere jarriko dugu. Proba batzuk egin ditugu jada ahots sintetiko baten bidez albisteak entzuteko. Ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat da, batez ere.

Zer aukera eskaintzen ditu martxan jarri den ereduak?

Internet etengabe aldatzen ari den medio bat da, eta aurreko diseinuak baldintza asko jartzen zizkigun. Diseinu berria sinpleagoa da bistara, baina barrutik konplexuagoa da. Gauza berriak egiteko aukera gehiago ematen dizkigu, izan ere, Internet eta komunikabideen mundua etengabe aldatzen ari da, eta gure asmoa ere bide horretan doa: etengabe egokituko den webgunea egin nahi dugu, dinamikoa eta modernoa, ez estatikoa; irakurleen beharretara egokituko dena, gainera. Horregatik zabaldu dugu beta bertsioa, irakurleen iritziak eta beharrak jaso nahi ditugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.