Kanpinetan ere, etxean

Kanpinak aldatu egin dira azken urteotan, erabiltzaileen ohiturak eta gogoa bezala. Eremu partzelatuotariko gehienak etxolaz bete dira, eta aukera zabala eskaintzen dute, bai aterpetzeko moduetan, bai eta aisialdirako proposamenetan ere.

Eskualduna kanpineko igerilekua, Hendaian (Lapurdi). ISABELLE MIQUELESTORENA.
garbine ubeda goikoetxea
Baiona
2017ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Aspaldian kanpinik bisitatu ez duenak ia oraintsu arte eman duten imajina izan lezake gogoan iltzatua, oporretarako tokiok urteetan iradoki izan duten irudia. Erromantikoa izan liteke: bizi osorako lagun-minak nahiz udaldiarekin batera itzali diren maitasun istorio kartsuak aurkitu izan dituzte zaleek, bereziki gazteek, landa partzelatuotan; baita beste turisten hizkuntzak, kulturak eta ohiturak errespetatzeko motiboak ere, natura zatitxo bat partekatzearekin batera. Beharbada, idealizatua ere izan liteke galbaheak jaso duena: harmonia onaren etsenplu gisa, turistek elkar agurtzea zen ohikoena, eremuaren barnean gurutzaturiko jende orori diosala egin eta irribarrea eskaintzea, elkarren berri ematea, adiskidantzaz. Edo kaotikoa, atzera eginarazten duena: hiritik, hondartzatik edo interesgunetik kanpo kokatuak sarri; bizilagunak, beti zaratatsuenak eta zabarrenak; komun-dutxak, gutxi, zenbaitetan zikin eta tokitan, harraskak zomorroz beteak eta gainera ilaran zain egon beharra... Norberak bizi izandako esperientziak edo besteri entzundako iritziek markatzen duten itxurakoak dira kanpinen gaineko usteak, betiere.

Nolanahi dela, gaurko kanpinek urrun utzi dituzte beren hastapenetako ezaugarriak, eta horietarik asko resort bilakatu dira. Hoteletako erosotasuna eta aisialdirako aukera zabala eskaintzen dituzte, ez beti merke. Bazterrak ezagutzeko aukerarik popularrenak eboluzio handia izan du azken hamar urteetan, eta erdietsi duen arrakasta, neurri handi batean behintzat, krisi betean egindako inbertsioei zor die. Gustu berrietara egokitzeko eta baliabide berriak txertatzeko egin duen ahaleginak ere badu horretan meriturik.

Etxolak nagusi

Kanpinetan, kanpin denda gutxi. Horixe bera da azken urteotako aldaketarik esanguratsuena. Gaurko ohituren arabera, kanpin denda lotuago ageri da kirolari, udako egonaldiari berari baino. Hala, kanpinetako partzeletan denda paratzen duten bisitari asko surflariak izan ohi dira, edota bestenaz mendizaleak, jarduera jakin bati jarraikiz, batetik bestera sarri aldatzen direnak. Batez besteko zenbakietan esanda, %10 izan ohi dira kanpin dena hobesten dutenak, ez besterik. Karabanek —eta neurri txikiagoan autokarabanek— eremuaren %40 hartzen dute. Etxe itxurako egiturek, berriz, gainerako guztia betetzen dute; hau da, eremu osoaren erdia. Eta urte osoan daude erabilgarri. Badira etxola mota hori bizitoki finkotzat hartu dutenak ere.

Izan ere, azken urteetako eraldaketaren lehen erantzulea eta kanpinetako paisaia arrunt bestelakotu duena aterpetzeko molde berri horren etorrera izan da. Egun, mobil home deritzen etxolak erruz hedatu dira. Eramangarriak izanik, begiz jotako kanpinean finkatzen dira, lurraren alokairua ordaintzearen truke. Erabiltzaile askorentzat, bigarren etxebizitzaren funtzioa du; gustuko lurraldean koka liteke, eta apartamentu batek adina zerbitzu ditu: etxetresnak, sukaldeko ontziteria, ura, dutxa, argindarra... Baita balio erantsia ere: belazetxo bana eta zuhaizpea, naturan bizitzearen sentsazioa.

Baina hori baino gehiago ere bada mobil home-a, bungalow-ak bezala mobil home-ak ere alokatu egin baitaitezke nahi izanez gero. Askotan, kanpina bera da mobil home-aren jabea. Beste askotan, berriz, partikularrenak dira, baina kanpinak berak eskaintzen ditu, bi parteen arteko hitzarmena tarteko.

Mobil home eta etxe moduko gainerako aterpeei esker, eskaintza biziki zabaldu da kanpinetan. Familia planari jarraitzen dioten zale askok, esate baterako, sasoiz kanpoko hilabeteak ere hartzen dituzte etxetik ez oso urrun; uztaila eta abuztua libre utzita, aski merke ordaintzen dutelako urtea, eta asteburuetarako nahiz zubi eta jaiegunetarako egonaldiak antola ditzaketelako, naturaz inguratuta, lagunartean eta opor giroan. Etxean karabana gordetzeko tokirik ez duten familientzat irtenbide interesgarria izan ohi da, gainera, karabanentzako garajeak ere ez baitira beti merke izaten.

Familia planetan ez dabiltzan gazteek, bestalde, aisialdiko egonaldiak bilatzen dituztenean errazago jotzen dute toki turistikoetako apartamentuetara, eta, horiek ezean, mobil home eta bungalowak alokatzera, kanpin dendak bizkarrean hartzera baino. Zer esanik ez, uda beteko giro lehor eta beroa ziurtatuta ez dagoen sasoian. Etxola handietan 6-8 laguneko taldeak aterpetu daitezke, eta berogailua ere badute.

Jarduerak, ugari

Etxeko erosotasuna eta zerbitzu guztiak eskaintzen dituzten mobil home edo etxolek ez ezik, kanpinean proposatzen diren jarduerek markatu dute diferentzia. Alegia, aisialdia antolatzeko eta egonaldia aberasteko bezeroari eskura jartzen zaizkion ikastaro, egitasmo eta zerbitzuak.

Lehengo igerileku sinpleak, esate baterako, parke akuatiko bilakatu dira kanpin askotan. Batzuek toboganak eta antzeko dibertimenduak dituzte; beste hainbatek, berriz, igeritoki itxiak, ur beroa, zorrotadak, txikientzako igerileku egokituak, eta, nahi izanez gero, baita spa eta sauna ere. Gainera, yoga, masajeak, pilates eta antzeko gimnastika ariketak, eta piraguismoa, surf edo tokian tokiko jarduerei lotutako ikastaroak aurki daitezke kanpin bakoitzak eskaintzen duen aukera zabalean. Eta, jakina, gaueko festak, dantzaldi tematikoak, hamarkada zehatz bati loturiko diskotekak, kontzertuak eta gainerakoak. Beste horrenbeste esan liteke kanpin barruko ostatu eta jatetxeez ere: aukera erabatekoa da zenbait tokitan, pizzetatik hasi eta maila oneko sukaldaritza eskaintzerainokoa.

Proposamenen zerrenda luzeena, berriz, haurrei zuzendurikoa da. Kanpin askotan, ahalegin berezia egiten da haurrek entretenimendua izan dezaten, txikienak gustura uztea datozen urteetako bermea izaten baita, fideltasuna ziurtatzeko bidea. Alde horretatik, haurren zaintza zerbitzuak, irtenalditxoak, ikastaroak, altxorraren bila eta gisako jokoak, bestelako jolasak, parkeak eta zernahi izaten da, espresuki kontratatzen diren begirale talde profesionalen eskutik.

Lau eta bost izardun kanpinak ez bezala, zerbitzu txikiak eta izar gutxi dituzten kanpinak dira azken urteetan makalen agertu direnak. Horiexek beherako joera erakutsi dute Europa osoan; glamour-a ikur hartu dutenak, aldiz, goranzkoa.

Autokarabanak

Bakartxo Zubiaurrek aspaldidanik ezagutzen ditu kanpinak. Hain zuzen, kanpin baten ondoan bizi izan da urteetan, Hendaian. Gazteago zenean, bikotekidearekin joan ohi zen kanpinera, edo bestela lagun taldearekin, betiere udan. Azken urteetan, familia planean joan ohi dira bi alaba nerabeak, haien aita edo bere bikotekidea eta laurak, eta, uda ez ezik, hainbat asteburu eta urte barruko oporraldi gehienak profitatu ohi dituzte horretarako: «Kanpin dendak aspaldi utzi genituen atzean, di-da batean muntatzen diren horiek asmatu baino lehen. Ahal izan genuenean, furgoneta hornitu bat hartu genuen, eta, ondoren, Euskal Herriko jende askok eta askok bezala, autokarabana bat, txikia. Aurten, handiago bat erosi dugu, lau garenez. Egonaldiak ez ditugu beti kanpinetan egiten; camping car edo autokarabanen eremuak ere baliatzen ditugu, bereziki bidaian goazelarik, Frantzian barrena. Alemanian autokarabanen eremu sarea zabala denez, eta eremu bakoitza ere bikaina, libreago ibili izan gara, kanpinetara horrenbestetan jo behar izan gabe. Autokarabanetan hornituta zoaz; behar duzuna lasaitasuna da».

Kanpinak zer duen on, garbi du Zubiaurrek: «Naturan zaudela sentitzen da, nahiz eta zibilizazioaren erdian egon. Eta, kanpin bertsutara joz gero, jendea ezagutzen hasten zara. Nolabaiteko giroa sortzen da fikzio txiki horretan». Kanpinen aukera zabalean ez galtzeko, eta prezioetan dauden gorabeherek ustekabean ez harrapatzeko, zer nahi den aldez aurretik argi eduki behar dela iritzi dio Zubiaurrek; alegia, komenigarri dela jakitea norberak zer eskatzen dion kanpinari, eta horren araberako hautua egin.

Kopuruz, Euskal Herriko kanpin gehienak Lapurdin eta Nafarroan daude, eta gutxien, berriz, Araban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.