Albistea entzun

Koronabirusa. Iker Badiola. EHUko ikertzailea eta irakaslea

«Gure aurkikuntza txertoen osagarri izan daiteke»

EHUko ikertzaileak eta haren lantaldeak koronabirusaren infekzioa eragozten duten konposatu berriak aurkitu dituzte. Ikerketa fasea amaituta, bazkide bila ari dira entsegu klinikoak aurrera eramateko.
EHU Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria -

2021eko abuztuak 20

Iker Badiola (Ondarroa, Bizkaia, 1978) Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da. Haren lantaldeak minbizia ikertu ohi du, baina pandemia hasi zenetik euren jakintza mugitu zuten minbizitik SARS-CoV-2aren infekziora, bi prozesuetan dagoen proteina bat aurkitu baitute. Hari horri tiraka, koronabirusaren infekzioa eragozten duten konposatu berriak aurkitu dituzte, eta, orain, bazkide bila ari dira entsegu klinikoak aurrera eramateko. Ikerketaren nondik norakoak azaldu ditu Badiolak.

Zehazki, zein aurkikuntza egin duzue?

Gu minbizia ikertzen duen EHUko talde bat gara. Lankidetzak ditugu mundu osoan, baita ikerkuntza lerro desberdinak ere. Ikerkuntza lerro batean molekula jakin batzuk ikertzen ditugu, eta lankidetza dugu Bordeleko Iserm Frantziako Ikerketa Institutu Nazionalarekin. Furina da ikertzen ditugun proteinetako bat, eta funtzio garrantzitsua betetzen du minbizi batzuetan aurrera egiteko.

Pandemia hasi zenean, ordea, Bordeleko taldeko buru Majid Khatibek deitu zidan esanez furina hori agertzen zela SARS-CoV-2 birusaren infekzio prozesuan, eta begirada horrekin ikertzen hasi ginen. Labur azaltzeko: birusak arantza itxurako proteina bat dauka, eta, zelulekin elkartuz, gure gorputzean sartzea lortzen du.

Nola egin duzue aurkikuntza hori? Zuk eta zure ikertaldeak minbizia ikertu ohi duzue…

Guk gure jakintza mugitu dugu minbizitik SARS-CoV-2aren infekziora. Modeloak apur bat aldatu ditugu, eta aurrez ikertu ditugun konposatuak begirada berri batekin ikertu ditugu, jakiteko infekzioa eragotz daitekeen edo ez. Finean, ikusi duguna da ikertzen ari ginen proteina batek eragina duela infekzio prozesuan, hau da, bi prozesuetan ageri dela proteina hori. Hortik bideratu dugu gure ikerkuntza afera honetan laguntzeko asmoz, gure jakintza baliagarria izan zitekeelakoan.

Hau adibide argi bat da ikusteko naturak tresna bakar bat erabil dezakeela funtzio desberdinak egiteko. Gu ez gara ez biologoak ez mikrobiologoak, baina biologo zelularrak gara, eta tresna horiek aztertzeko gai gara.

Nola jarraitu du ikerketak?

Mila konposatu aztertu behar izan genituen simulazio informatiko bidez, eta, horietatik, hogei onenekin gelditu ginen. Horien artean, esperimentu biologikoak egiten hasi ginen, eta bost izan dira eraginkorrenak. Sulkonazola batez ere. Gaur egun onddoen aurkako ukendu moduan erabiltzen da. Horrek ez du esan nahi ukendu moduan erabiliko denik birusaren aurka; seguruenik, ez da horrela izango, baina oraindik ez dakigu nola administratu beharko litzatekeen.

Koronabirusaren tratamendu bat aurkitzeko lehen urratsa izan daiteke?

Ez dakit lehen urratsa den, baina ez bakarra. Gehiago ere badaude, eta hori garrantzitsua da. Nire ustez, bakar bat egotea baino eraginkorragoa da asko eta desberdinak egotea. Orain ikusten ari gara txertoen kasuan txerto batzuk pertsona jakin batzuetan ez direla eraginkorrak. Gure aurkikuntzarekin berdin pasa daiteke, pertsona batzuetan izan daiteke eraginkorra, eta beste batzuetan, ez. Berdin gerta daiteke beste tratamendu batzuekin ere. Beraz, zenbat eta tratamendu gehiago egon, eraginkorra izateko aukera handiagoa dago.

Zenbat denbora eman duzue ikerketa honetan?

Bost eta sei hilabete inguru egon gara horrekin buru-belarri. Kontuan hartu behar da pandemiak hasieran gogor jo zuela, eta geldirik egon gara hasierako bizpahiru hilabeteetan, laborategiak ere itxita baitzeuden. Gero, martxan jarri ginen, eta lehenengo emaitzak sei hilabeteren buruan izan ditugu.

Zertarako balioko luke?

Txertoen osagarri moduan balioko du. Txertoek ez daukate %100eko eraginkortasunik, hori bagenekien aurretik ere. Horrek esan nahi du bi dosiak jasota ere badagoela jende kopuru bat kutsatu egin dena, eta ospitaleetan eta ZIUetan dagoena. Ehunekotan oso gutxi da, baina milioika pertsonatan, asko. Horregatik, aurkikuntza honen helburua da txertoak eraginik egin ez dion jendearengana edo gaixotasuna larritasun maila batekin pairatu duenarengana iristea.

Oraindik ez du argia ikusi, baina jarri zarete harremanetan industriarekin, patenteak garatzeko eta merkaturatzeko. Zer esan nahi du horrek? Zein urrats egin behar dira hemendik aurrera?

Aplikazio berri hau patentatu egin dugu, bai. Horretara behartuta sentitu gara, gerora begira farmazia industriatik datorren bazkideren bat nahi badugu babestera behartzen gaitu eta. Babes hori gabe, inor ez litzateke etorriko horretan aurrera egitera. Orain, entsegu klinikoetarako sarreran gaude, eta bazkideak behar ditugu. Gu oinarrizko ikerkuntza talde bat gara, orain arte egin duguna egiteko gaitasuna daukagu, eta gure jakintza arloa da, baina hemendik aurrera entsegu klinikoetan sartzea beharrezkoa da. Ez diruarengatik bakarrik, baizik eta gauzak nola egin eta nola zuzendu behar diren jakiteko. Gaur egun komertzial moduan ari gara bazkide bila.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen prentsaurrekoa, atzo, Bilbon. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Manifestaziora deitu dute eskola publikoaren alde azaroaren 6rako

Javi West Larrañaga

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza akordio berriaren harira, «eskola segregazioari eta inklusio faltari» aurre egingo dien sistema bat eskatu du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak
Emakume bat, etxe agentzia baten aurrean. ©LUIS TEJIDO / EFE

Alokairuen prezioa soilik «tentsio handiko» tokietan mugatuko du Madrilek

Juanma Gallego

Ministroen Kontseiluak etxebizitzaren lege aurreproiektua onartu du. Erkidegoen esku utziko dute araua aplikatzea eta prezioak arautzea
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui, artxiboko irudi batean. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Sagarduik «tentuz» jokatzeko eskatu du, joera «goranzkoa» delako

Irati Urdalleta Lete

Sailburuaren hitzetan, goizegi da beste olatu bat datorrela esateko, eta ez dago jakiterik «goranzko» bilakaerak zer eragin izango duen ospitaleetan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.