Koronabirusa. Garbiñe Aranburu. LABeko idazkari nagusia

«Oraingoan ez dugu bakarrik langileok pagatuko faktura»

Osasun krisiak sistema osoaren krisia inoiz baino ageriago utzi duela uste du Garbiñe Aranburuk. Dioenez, Jaurlaritzak Confebasken interesak zaindu ditu, «herritarren osasuna zaindu beharrean».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
xabier martin
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
LABek arduraz jokatzeko gaitasun handia duela dio haren idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk (Legorreta, Gipuzkoa, 1973), eta enpresa baten egoera errealari erreparatzen ere badakiela, baina ohartarazi du enpleguari eustea izango dela sindikatu abertzalearen lehentasuna.

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua auzitara eramatea beharrezkoa zen?

Gasteizko eta Iruñeko gobernuak erabat lerrokatu dira Confebasken eta CENen interesekin, kosta ahala kosta jarduerari eusteko. Lehentasuna enpresa gutxi batzuen interesa zaintzea izan dute, langileen osasuna zaindu beharrean. Presio handia egin diote Madrili interes horien alde, eta dekretua urratzeko oharrak atera dituzte. Horri erantzuten dio gure salaketak. Ateak ireki dituzte enpresa asko lanera itzul daitezen. Pandemiari mugak jartzea eta herritarren osasuna zaintzea dira hartutako neurrien helburuak, ez dezagun ahaztu. Funtsezkoa ez beste jarduera eten egin behar da. Madril berandu ibili da, negargarri, baina horiek dira helburuak.

Ez dituzte enpresa asko ireki, ordea.

Ez, eta guk uste dugu sindikatuok egindako presioak galarazi duela gehiago irekitzea.

Jaurlaritzak eta patronalak diote gezurra dela osasuna ala ekonomia hautatu behar dela, biak uztar daitezkeela. Ezin dira uztartu?

Pandemiak fase desberdinak dauzka. Lehenean, oso neurri zorrotzak ezarri zaizkigu norbanako moduan; askatasun ugari mugatu dituzte; umeak ere ezin ditugu kalera atera arnasa pixka bat hartzera. Nola uztar daitezke hori eta milaka eta milaka langile lanera joatea? Komunitate zientifikoak ere babestu du mugikortasuna mugatzea, eta, beraz, zentzugabekeria da lanera bidaltzea beharginak funtsezkoak ez diren alorretan.

Ez dago langileen osasuna bermatuko duen enpresarik?

Ez da ezinezkoa; har daitezke babes neurri egokiak, zorrotzak, baina oinarrizko zerbitzuetan dauden langileek ere ez dituzte jaso berme horiek, osasungintzan eta adinekoen zaintzan, adibidez. Aldiz, industriaren hainbat enpresatan bazituzten babes neurri batzuk. Lehentasuna non jarri duten argi erakusten du horrek.

Auzitegiak erantzun du ez duela gaitasunik Hego Euskal Herriko gobernuen ohar argigarriak kautelaz bertan behera uzteko. Zer diozu?

Auzitegi horri badagokiola hain urgentziazkoa den erabaki hori hartzea, milaka pertsonaren osasuna eta bizitza arriskuan jartzen dituelako.

Urtarrileko greba orokorra erasora egindakoa zela esan duzue maiz. Datorren krisia ikusita, ez ote zaizue sindikatuei egokituko defentsiban aritzea berriro?

Osasun krisi hau sistemaren krisi baten barruan iritsi da, eta begien bistan utzi ditu sistemaren gabezia guztiak, hasteko, bere alor publiko ahulean. Murrizketak eta inbertsio eza agerian geratu dira. Gainera, argi geratu da noraino heldu den azpikontratazioa, batik bat feminizatutako esparruetan. Halaber, zaintza konpondu gabeko arazo bat dela ikusi da, lan horiek ez baitira behar bezala aitortzen. Globalizazioa kostu merkeak lortzeko tresna bihurtu dutela ere azaleratu da.

Langile klaseak berriro koska bat behera egin dezake egoera berrian. Sindikatuen rolari buruz zen galdera.

Bai, bai; izan ere, esaten ari dira krisi honek ez duela bereizketarik egiten klaseen artean, eta hori ere ez da egia. Birusaren ondorioei ez baitzaie aurre egiten era berean 40 metro koadroko etxe batean edo txalet batean. Batzuek ez dakite zer den hilabete bukaerara iritsiko ez ote diren beldurra izatea. Finean, bi eredu desberdinen talka islatu du osasun krisi honek. Enpresarien apustua izaten ari da langileen bizkar uztea egoeraren kostua, diru publikoa baliatuz eta enpresen ardura soziala ahaztuz. Oso garbi dugu 2008ko krisi garaiko errezeta bera aplikatu nahi badute langileok aktibatu, ahaldundu eta antolatu egin beharko dugula, borrokari ekiteko.

Krisiaren fakturaren zati bat langileei dagokiela diote batzuek, aditzera emanez soldatak murriztu direla berriro.

Oso kezkatuta gaude osasun krisiari ematen ari zaion erantzunean bertan ikusten hasiak garelako joera argi bat. Aberastasunaren banaketaren eztabaidari heltzea inoiz baino beharrezkoagoa da, errezeta neoliberalak aplikatzeko tentaldi hori hor egongo baita. Haien emaitza prekarizazio orokorra dela badakigu. Martxoko langabezia datu negargarriak azken urteetan eraikitako lan merkatuaren isla baizik ez dira, hain zuzen.

Ezer gertatu izan ez balitz bezala ere ezin dute jarraitu enpresek, ezta? Ondorioak egotea ulergarria izan daiteke kasu askotan.

Guk sarri erakutsi dugu gaitasun handia dugula lantokietan erantzukizun ariketak egiteko. Badakigu enpresa baten egoera errealari erreparatzen, eta, unean uneko neurriak hartu behar badira, konpromisoak hartzen ere bai, baina betiere lehentasuna enpleguaren defentsan jarrita; horrek garbi geratu behar du. Baina oraingoan ez dugu bakarrik langileok pagatuko faktura: enpresariek ere ordaindu beharko dute hau.

Zer gertatuko da Maiatzaren Lehenean? Balkoiak alternatiba dira?

Ez da erraza jakitea, ziurgabetasun handi honekin. Ukaezina da aurreko urteko Maiatzaren Lehena ez dela izango, desberdina izan beharko duela, eta aitortu behar dut oraindik erabaki gabe dugula nola egin behar dugun.

Espainiako armada Euskal Herriko kaleetan dugu egunotan. Zer diozu?

COVID-19aren aitzakian zentralizazioari ekin dio sutsuki Espainiako Gobernuak, erkidegoak zalantzan jarrita eta autogobernuari eraso eginez. Armada kalean da, eta ez da beharrezkoa, eta ez da ongi etorria. Eta paradoxa da: Jaurlaritza hainbeste lerratu da Confebasken interesen alde, ezen aurrerakoiak izan baitira Madrilgo gobernuak hartutako erabakiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.