Ander Sansinenea. LKS Next aholkularitza enpresako zuzendaria

«Helburua ez da hautaketa robot batek egitea»

Lan elkarrizketetan laguntzeko adimen artifizial tresna bat garatu du LKSk, eta elkarrizketatzaileen aurreiritziak «neutralizatzeko» balio duela uste du Sansineneak.

JON URBE / FOKU.
inaut matauko rada
Donostia
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Adimen artifiziala bizitzako gero eta afera gehiagotara ari da iristen, baita zenbait enpresatako giza baliabideen sailetara ere. LKS Next aholkularitza enpresak, KEVO Technologiesekin batera, adimen artifizial tresna bat garatu du lan elkarrizketetan hautagaiaren soslai pertsonala osatzen laguntzeko. Ander Sansinenea (Donostia, 1973) LKSko zuzendariaren arabera, adimen artifizialak ez du inoiz giza baliabideetako langileen beharra ordezkatuko, baina tresna erabilgarria izan daiteke, «laguntza» bat.

Noiz hasi zineten adimen artifizialaren erabileraren inguruan hausnartzen?

Duela bi urte inguru hasi ginen lehen kontaktuak izaten LKS eta KEVO. Beraiek aurretik ezagutzen zituzten AEBetako teknologia batzuk aurkeztu zizkiguten, eta hortik aurrera hasi ginen elkarlanean: hitz egiten, galderak egiten, erantzuten, eta berriro galderak egiten, erantzuten eta abarretan. Gero, bi hilabeteko hausnarketa prozesu bat egin genuen, aurrera egitea erabaki genuen arte. Hala, hutsetik hasi ginen zerbait hori sortzen: hemen erabil dezakeguna eta beste eredu batzuk kopiatu gabe.

Zoritxarrez, gazteleraz soilik hasi dugu prozesua. Euskaraz abiatuko dugun? Ez dakit, baina nahiko nuke. Baina egia da prozesu hau guztia inongo laguntzarik gabe egin dugula, bi enpresok egin baitugu inbertsio guztia.

Pentsatu al duzue horretan ere aurrera egitea?

Gustatuko litzaidake teknologia hau euskaraz ere garatu eta erabili ahal izatea. Orain, adibidez, Irizar enpresa 200 langile inguru kontratatzeko asmotan ari da, eta, zorionez, hautagai gehienek euskara dute lehen hizkuntza. Hori dela eta, haiekin ezin dugu tresna hau erabili. Hautagai horiei ezin diegu eskatu elkarrizketa gazteleraz egiteko. Izan ere, ama hizkuntza ez duten heinean, ez daude berdintasun egoera batean. Beraz, euskaraz egiten jarraituko dugu, era klasiko batean.

Zer fasetan dago proiektua?

2.0 fasean gaude, adimen artifizialaren bidez lortzen ditugun datuak eta emaitzak elkarrizketaren ostean jasotzen baititugu. 3.0 fasea izango da hurrengoa, erdiko aurrerapausoa. Orduan, elkarrizketan zehar adimen artifizialak nahikoa hitz kopuru duenetik beretik emaitzak jasoko genituzke, eta horrek aukera emango liguke elkarrizketa berriro bideratzeko edo galdera berriak egiteko.

4.0 izango da azken fasea, adimen artifizialak audioa eta bideoa interpretatuko lituzkeen unea. Hasieratik grabatu genituen elkarrizketa guztiak, eta horiek erabili ahal izango ditugu modeloa garatu ahal izateko. Ikusi behar dugu ea gai garen komunikazio ez-hitzezkoan eta ahotsaren tonalitatean elkarrizketatuaren izaera ezaugarriak detektatzeko.

Zertan oinarritzen da garatu duzuen tresna?

Hipotesi lexikoa dago honen atzean. Hipotesi horrek argudiatzen du gure izaera ere islatzen dugula adierazteko erabiltzen ditugun hitzen eta sintaxiaren bitartez; hau da, esaldiak eraikitzeko dugun moduaren arabera. Analisi hori era azkar batean egin ahal izatea ahalbidetzen digu analisi konputazionalak. Horrez gain, sistema bera ikasten doa denborarekin.

Hala ere, diozuenez, tresnak ez du giza baliabideetako langileen lana ordezkatuko.

Argi eta garbi; gure helburua ez da hautaketa robot batek egitea, ez zaigulako etikoa iruditzen pertsona baten inguruko erabakiak robot batek hartzea. Iruditzen zaigu beti egon behar dela ikuspegi humano bat.

Tresna honek egiten duena da lagundu, giza baliabideetako langileek izan ditzaketen aurreiritziak neutralizatzen. Adimen artifizialak ez daki aurrean dagoena zuria, beltza, emakumezkoa, gizonezkoa, altua edo baxua den, edo piercing bat duen edo ez.

Pertsona batzuentzat gogorra izan daiteke jakitea adimen artifizial bat haien hizkera aztertzen ari dela.

Bai, azken finean, giza jarrera delako ezezaguna zaigun guztiaren aurrean alarmak piztea, eta mamu asko eraikitzen ditugu gure buruan. Horregatik uste dugu garrantzitsua dela ekuazio honetatik pertsonaren erabakia ez desagerraraztea. Ez esatea: «Robot batek elkarrizketatuko zaitu, eta hark erabakiko du aurrera zoazen ala ez». Ez. Mezua hau da: «Pertsona bat egongo da zurekin, eta pertsona horrek lagungarri izango du tresna bat zuri buruz izan ditzakeen aurreiritziak neutralizatzeko».

Hautagaiak badu eskubidea tresna horren erabilerari uko egiteko?

Bai, noski. Baina enpresa batek esaten badu «guk nahi duguna da prozesu hau objektibatzea, eta adimen artifiziala erabili», eta hautagaiak esaten badu, «ba, nik ez dut nahi», esango du enpresak: «Oso ondo, ba, zoaz beste toki batera nahi baduzu, baina hemen erabaki dugu hau erabiltzea». Erakundeak erabakiko du hautaketa prozesu hori nola egiten duen, adimen artifizialarekin edo adimen artifizialik gabe, testak egiten edo ez.

Arautua al dago adimen artifizialaren erabilera?

Europan hasi da araudi bat sortzen, eta uste dut oso garrantzitsua dela. Adimen artifiziala erabiltzen bada gurekiko edozein prozesutan, gizaki gisa eskubidea izango dugu jakiteko algoritmo hori nola sortu den. Eta uste badut ez dagoela ondo eginda, eskua altxatu ahal izango dut, eta esan: «Aizu, hau ez dago ondo eraikia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.