Joseba Madariaga. Laboral Kutxako ikerketa zuzendaria

«Industriaren sektorea desazeleratzen ari da»

Euskal ekonomian igartzen ari dira munduko hazkundearen geldotzearen eraginak, baina, hala ere, bankuak baikortasunari eutsi dio: Hegoaldean 39.500 lanpostu berri iragarri ditu 2020rako.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Euskal ekonomia «irla bat balitz bezala» ikusten du Laboral Kutxako ikerketa zuzendariak: munduko desazelerazio olatuak azpian hartu ez duen uharte bat, baina dagoeneko olatuaren eragina igartzen hasi dena, bereziki industriaren sektorean. Nazioarteko ziurgabetasun politiko-ekonomikoei tentuz begiratu arren, Laboral Kutxak baikortasun mezua zabaldu zuen atzo, Bilbon eta Iruñean ekonomiaren egoeraz egindako prentsaurrekoetan.

EAEko ekonomia %2,2 haziko da aurten, bankuaren kalkuluen arabera, eta Nafarroakoa, %2,7. Hazten jarraitu arren, moteldu egingo da erritmoa.

Hazkundearen motelaldiak enplegu sorreran eragingo duela diozue, eta 2020a amaitzerako 39.500 lanpostu sortuko direla Hego Euskal Herrian.

Olatu global bat dago mundu mailakoa, eta batez ere hiru faktorek sortu dute: Trumpen eta Txinaren arteko gerra komertzialak, brexit-aren auziak, eta euroguneko barne gorabeherek. Elementu politiko horiek ari dira ekonomia globalaren ziurgabetasuna areagotzen. Eta etorkizuna argi ikusten ez bada, enpresek inbertsioetarako planak gelditzen dituzte, eta horrek ekonomiaren hazkundea apaltzea eragiten du. Olatu globala da, eta eskualde guztiei eragiten die, baina batzuei beste batzuei baino gehiago.

Nori gehiago?

Europan handiagoa da desazelerazioa, baina, euskal ekonomia, oraingoz, irla bat da.

Irla bat?

Bai, hemen ere badugu desazelerazioa, baina hazkunde erritmo oso bizietatik gatoz, eta enplegua sortzen ari da, eta langabezia tasa jaisten.

Zerk eragiten du irla bat izatea?

Ez dago erantzun garbirik, baina badaude arrazoi batzuk: barne eskari oso indartsua daukagu...

Esportazioak ere bai.

Bai, bereziki Nafarroak. EAEk ez horrenbeste: lehen hiruhilekoan, eurotan, jaitsiera txiki bat izan zuten esportazioek.

Nafarroan autogintzak hauspotzen ditu esportazioak, ezta?

Bai, esportazioen %15 inguru dira autogintzarenak, eta esportazioak, oro har, %7 inguru ari dira handitzen aurten. Nafarroan, gainera, hainbat gauza ari dira gertatzen: kanpoko sektore oso indartsua dauka, eta barne eskaria ere handia da. Aldiz, EAEn, kanpo sektorea ahulagoa da, eta barne kontsumoa eta inbertsioak indartsuak dira. Nazioartean, inbertsioak gutxitzen ari dira, baina hemen oraindik eusten diote.

Olatuaren eragina, halere, ailegatuko da, ezta?

Olatua hor dago, eta EAEko kanpo sektorea ja ari da arazo hori igartzen: industriaren sektorea geldotzen ari da. Gizarte Segurantzako afiliatuei begiratuz gero,afiliatu kopurua handitzen ari da industrian, baina motelago.

Ziurgabetasun politikoari egozten diozu ziurgabetasun ekonomikoa?

Ekonomia globalari azken urtean emandako kolperik handiena Donald Trumpen gerra komertziala izan da: Txinarekin, Mexikorekin...

EBko autogintza ere mehatxupean du.

Enpresen konfiantzaren kontrako kolpe handiena izan da gerra komertziala. Brexit-ak, oraingoz, eragin txikiagoa izan du.

Ziurgabetasun ekonomikoa etahazkunde motelagoa aipatu dituzue: zenbat motelduko dute enpleguaren sorrera?

2018ko abenduan egindako aurreikuspenari eusten diogu: aurten, langabezia tasa %9 ingurura jaitsiko da EAEn. Langabezia tasa jaisten ari da, baina motelago, etagauza bera gertatzen da afiliazioarekin. Hau da, enpleguaren hazkunde tasa moteltzen ari da, eta industriako enplegua gainerakoak baino motelago ari da hazten.

Desazelerazioaren olatuaz gain, desinflazioaren olatua ere nabarmendu duze txostenean. Zer aukera geratzen zaio EBZri, noiz eta Mario Draghiren eta Christine Lagarderen arteko trantsizioa prestatzeko unean?

Uste dut albiste ona dela Lagarde izendatu izana, printzipioz, Draghiren ildoari jarraituko diolako.

Baina geratzen al zaio muniziorik EBZri pizgarri politika indartsuagoetarako?

AEBetako Erreserba Federalak tarte handiagoa du, %2,5eko interes tasa izanda jaitsi daitekeelako zerbait, baina hemen zailagoa da. EBZk uda ostean egin dezakeena da gordailu tasa oinarrizko beste 10 puntu jaitsi; horrez gain, beti geratzen zaio Quantitative Easing programa [aktibo pribatu eta publikoak bereganatzeko pizgarri programa]. Baina Draghik dagoeneko argi eta garbi aktibatu duena pizgarrien lengoaia da, erakutsiz beharrezkoa dena egingo dutela inflazioa igotzeko %2 ingurura. Munizio gutxi daukaEBZk, baina, Olivier Blanchard NDFko ekonomista buru izandakoak berriki esan duen bezala, beharbada garaia da politika fiskala ere aktibatzeko.

EBko kideen artean gai arantzatsua da harmonizazio fiskala.

Baina zerbait egin beharko litzateke Europa mailan. Eta Blanchardek esaten zuen zerga bilketen diruarekin inbertsioak egin behar direla ingurugiro arloan eta baita erreformen kostuak leuntzeko neurrietan ere. Eta esaten zuen hori ona izan daitekeela, politika fiskal horrek ere lagun dezakeelako interes tasak igotzen, eta maniobra tartea zabaltzeko euroguneko diru politikari.

Produktibitatea hobetzeko eta egiturazko langabezia murrizteko neurria hartu beharra ere nabarmendu duzu. Zer neurri?

Ezabatu dugu produkzio arrakala, eta eskura dauzkagun baliabide guztiak ia bete-betean ari gara erabiltzen. Baina langabeen artean badago talde bat, egiturazko langabeena, eta, horiek sektore produktibora bideratzeko, formakuntza politikak jarri beharko lirateke martxan. Desberdintasunaren kontra egiteko modu bat da, eta ekonomiaren hazkundea hauspotzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.