Ane Bergara. Futbolari ohia

«Azken bi sasoietan ez nenbilen gozatzen; horregatik utzi dut»

Hamabost urteko ibilbidearen ondoren, erretiroa hartu du Bergarak. Gertutik ezagutu ditu emakumeen futbolaren argi-ilunak, baina gustura dago ibilbidearekin: «Oso zoriontsu izan naiz».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Ez denboraldi-aurre, ezta lagunarteko ere, udaz gozatzeko aukera izan du aspaldiko partez, eta patxadaz erantzun ditu galderak. Azalpen mamitsuak eman ditu, galderak saihestu gabe. Plazera da harekin solastatzea.

Hamabost urte goi mailan jokatu eta gero, futbola uztea erabaki duzu. Zergatik?

Hamabost urte asko dira, eta azken bi sasoiak nahiko zailak izan dira. Ez gehiago edo gutxiago jokatzeagatik, baizik eta futbolari izateaz gain pertsona ere bagarelako; eta, futbolaren zurrunbiloan zaudenean, askotan ahaztu egin zaizu. Orain, bizimodu berri bat hasi nahi dut, beste norabide bat hartu. Noizbait iritsi behar zuen uzteko unea, eta orain izan da.

Lehen baino gutxiago jokatzea, hortaz, ez da erabakigarria izan uzteko?

Ez, ez. Jokalariok beti jokatu nahi izaten dugu gehiago, baina azken sasoian hamalau partida jokatu nituen, eta alde horretatik pozik nengoen. Lehen eta Bigarren Mailako eskaintzak ere izan ditut jokatzen segitzeko, baina, esan bezala, bizimodu berri bati ekin nahi diot. Futbola ez da dena, eta hortik kanpo bizimodua dago.

Zuk Bartzelonan jokatu duzu, eta aukera izan duzu futboletik bizitzeko. Hala ere, emakumeen futbolak ez du etorkizuna bermatzen.

Bai, alde horretatik zorte handia izan dut, gustuko dudan kiroletik bizitzeko aukera izan dudalako azken sasoietan. Baina argi dago etorkizuna ez dugula ziurtatua, eta, sasoiak aurrera joan ahala, horretan ere hasi behar duzula pentsatzen. Kasu honetan, kezka edo pentsamendu hori banuen. Gainera, nire erabakietan dirua ez da inoiz erabakigarria izan. Nik futbolean jokatu dut gustuko nuelako, eta gozatu egiten nuelako. Baina azken bi sasoietan ez dut gozatu. Jarraitu nahi dut jokatzen, baina beste modu batera, ondo pasatuz eta disfrutatuz. Nire lehengusinak futbolean jokatzen du, eta ilusio handia egiten dit harekin aritzeak.

Nola izan da erabakia hartzeko prozesua ?

Nik garbi izan dut beti futbolak amaiera izango zuela. Baditut ikasketak: Soin Heziketa eta Irakasletza, eta Fisioterapia ikasten ari naiz. Bi aldiz heldu nien ikasketa horiei, baina, futbola tarteko, utzi egin behar izan nituen. Orain ikusi beharko dut berriz helduko diodan. Dena den, hain maitea eta gustukoa duzun kirol eta bizitza bat uztea, ez da erraza. Hori da gogorrena. Baina alde onari ere begiratu nahi diot, eta orain aukera gehiago izango dut familiaz, bikotekideaz eta lagunez gozatzeko, eta horrek asko betetzen nau.

Ingurukoekin hitz egin al zenuen erabakia hartu aurretik?

Bai, baina denek esaten zidaten azken hitza nik nuela, eta hala egin dut. Ekainetik horretan pentsatzen ari nintzen. Neure buruari galdetu nion: «Berriro ere sasoi baten zurrunbiloan sartu nahi duzu: denboraldi-aurrea, bidaiak, entrenamenduak, partidak...». Uztail hasieran jarraitzeko asmoa nuen, baina, agian, ez Lehen Mailan. Egunak aurrera joan ahala, konturatu nintzen ez zela hori nik nahi nuena. Izan ere, Bigarren Mailan jokatuta ere, lotura hori bera izango zen, eta, jokatuz gero, nire onena eman nahi nuen eta lehiakor izan. Behin erabakia hartuta, pozik daudela esan didate denek, eta gauzak ondo joango zaizkidala.

Zein da erabakia hartu eta gero geratu zaizun sentipena?

Lasaitasuna, erabakia hartzeko zama gainetik kendu dudalako.

Hasi zinenean ez zenuen sekula pentsatuko 15 urte egingo zenituenik Lehen Mailan, ezta?

Ez, ez. Ikastolan nengoenean, Lehen Mailara iristea zen nire ametsa. Iritsi nintzen, baina ez nuen sekula pentsatu hamabost urte bertan emango nituenik eta tituluak irabaziko nituenik, adibidez. Atzera begiratuta, oso harro eta asebeteta nago egin dudanarekin.

Zein da hainbeste urte goi mailan emateko sekretua?

Lana egitea eta tematia izatea. Ni txikitatik borrokatu nintzen futbolari izateko, eta, behin goi mailara iritsita, hor segitzeko lan egin dut egunero.

Orain etorkizuna eraikitzen hasteko garaia zela zenioen agur, eskutitzean. Zein izango da etorkizun horren lehen zutarria?

Oraindik ez dakit. Hasieran, une honetaz eta udaz gozatu nahi dut, eta, behin hori pasatuta, hasiko naiz erabakiak hartzen. Ez naiz geldik egoten diren horietakoa; beraz, iruditzen zait berehala jarriko naizela martxan. Soin Heziketa eta Irakaskuntza ditudala kontuan hartuta, hortik joan daiteke nire etorkizuna. Baina ikusi behar dut.

Zeri egin behar izan diozu uko futbolarengatik?

Ez nuke esango uko egitea izan denik. Argi dago 16 urterekin ez zela erraza izan futbolean jokatzeko etxetik joatea, familia bertan utzi nuelako, eta senideak beti izan direlako nire zutabea. Ospakizun eta momentu asko galdu ditut. Baina gustuko nuen zerbaitengatik egin nuen: futbolarengatik. Horregatik diot ez niola ezeri uko egin. Baina egia da zaila dela behin futbola utzita lana topatzea. Izan ere, ez dugu esperientziarik. Niretzat, futbola ogibidea izan da urte hauetan, baina irakaskuntzarako curriculum bat bidaltzen duzuenean, ezer gutxirako balio du. Futbolak eman dizkidan bestelako balio eta gauzak baliatu behar ditu lana topatzeko: goi mailako errendimenduaren ezagutza, talde lanean aritzeko gaitasuna, izaera lehiakorra eta konstantea...

Hasi al zara curriculuma prestatzen?

Bai, bai, hasi naiz prestatzen. Begirale ere aritu naiz, eta herriko futbol campusa antolatu izan dut. Hori ere baliatuko dut.

Eta zer eman dizu futbolak?

Ni naizena naiz, familiaz gain, futbolari esker. Nire bikotekidea ere futbolari esker ezagutu nuen,Bartzelonan nengoenean, duela zortzi urte. Oso zoriontsu izan naiz urte hauetan, eta hori futbolari esker izan da neurri handi batean.

Orduan, zergatik ez duzu gozatu azken urte hauetan?

Jokatzen nuenean gozatzen nuen, eta nituen bestelako kezkak ahazten nituen. Baina, ondoren, hor zeuden: familiarekin eta bikotekidearekin gehiago egon nahi izatea, amatasunaren gaia, lan etorkizuna... Kezka asko. Horrek guztiak eragina izan du erabakian. Orain, behin hartuta, eta aste batzuk pasatu ostean, horretan guztian pentsatzen has naiteke, horri begira urratsak egiten.

Lagunak, Espanyol, Reala, Bartzelona eta Athletic izan dira zure taldeak. Bakoitzari buruzzer esango zenuke?

Lagunek aukera eman zidan Lehen Mailan jokatzeko. Espanyolen lortu ditut titulu gehienak, eta ikasketak jarraitzeko modua eman zidan. Realean jokatuta amets bat bete nuen, nire taldea izan baita txikitatik. Bartzelonan profesionalizazioa ezagutzeko aukera izan nuen, eta Txapeldunen Ligan jokatzekoa. Athleticen jokatzea ere ederra izan da, etxeko beste taldean, eta pixkanaka etxera gerturatuz joatea.

Athleticen gehiago jokatzea espero zenuen?

Bartzelonako nire azken sasoia ez zen batere ona izan, oso gutxi jokatu nuelako. Baina Athleticek goi mailan jokatzen segitzeko aukera eman zidan. Hamalau partida jokatu nituen. Bukaera ez da nahi bezalakoa izan, baina, esan bezala, horrek ez du erabakia baldintzatu. Erabakia ez dut horregatik hartu. Beste urtebeteko kontratua nuen, eta hor segitzeko aukera nuen.Baina 31 urterekin, ez da onena.

Urte hauetatatik, zer gordeko duzu zeuretzat?

Zoriontsu izan naizela gustuko nuen zerbait izaten. Txikitako amets asko bete ditut, gainera.

Eta kirol mailan?

Tituluek asko markatzen zaituzte, beti jokatzen baituzu irabazteko. Espanyolen irabazi nituen tituluak oso garrantzitsuak izan ziren niretzat, baita Espainiako Selekzioarekin irabazi nuen 19 urtez azpiko Europako Txapelketa ere. Ez genuen espero, Alemania zelako faborito finalean.

Nola bizi izan duzu emakumeen futbolaren profesionalizazioaren hastapena?

Gogoan dut ni Lagunak-ekin Lehen Mailan jokatzen hasi nintzenean gurasoek ekonomikoki lagundu behar izan zidatela. Iruñera joan nintzen bizitzera, eta ostatua ordaindu behar izan zidaten. Oraindik egiteko asko dagoen arren, garapena handia izan da, eta ez bakarrik esparru horretan. Kirol mailan ere asko egin da aurrera. Denon artean lortu behar dugu hori, eta borrokan segitu gauza gehiago lortzeko. Izan ere, hasi nintzenean nik hau ez nuen espero, ez nintzen hasi diruagatik.Nire apustua ez zen batere ziurra izan. Ez nekien nora iritsiko nintzen. Are gutxiago futbolean jokatzeagatik dirua irabaziko nuenik.

Belaunaldi berriei zein gomendio emango zenieke?

Lan asko egin eta dutenaz gozatzeko. Izan ere, momentuan gutxi irudituko zaie. Baina kontuan hartu behar dute besteok gutxiago izan genuela, eta gogor borrokatu behar izan genuela egun dutena lortzeko. Beraz, orain haiei dagokie lanean jarraitzea, lortutakoari eutsi eta hurrengo belaunaldiek gehiago izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.