Andrea Sierra. Eibarreko jokalaria

«Baloiarekin bizkorrago eta zehatzago aritu behar dugu»

Eibarrek lau norgehiagoka jokatu ditu ligan, baina bakarra irabazi du. Dena den, Andrea Sierra baikor da. Bihar Realaren kontra jokatuko dute, Zubietan (18:30, Dazn)

EIBAR.
ainara arratibel gascon
2023ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Andrea Sierra Eibarreko jokalaria(Bilbo, 1998) Lehen Mailan jokatzeko aukera izaten ari da berriz, Athleticekin jokatu ostean. Bigarren denboraldia du taldean: «Jokalari indartsuagoa naiz, bai psikologikoki eta bai fisikoki».

Azken bi partidetako sentsazio txarrak alde batera uztea izango al da bihar Realaren aurkako neurketan izango duzuen helburuetako bat?

Bai. Gogotsu gaude azken bi emaitza txarrak alde batera utzi, eta berriz ere puntuak hirunaka batzen hasteko. Izan ere, batez ere Madrilen aurkako porrota—1 eta 6 galdu zuten— kolpe handia izan zen.

Zer gertatu zitzaizuen neurketa horretan?

Haiek kalitate handiko jokalariak dituzte aurrean, oso bizkorrak. Guk defentsako lana apur bat atzerago egin genuen, korrika egiteko zuloak eduki ez zitzaten.Baina lehen gola sartu zutenean, hankaz gora jartzen hasi zitzaigun plangintza. 0-3 jarri ziren aurretik. Bigarren zatian ahalegindu ginen lerroak apur bat gehiago igo, eta haien baloi irteera gehiago oztopatzen. Gol bat sartu genuen horri esker; baina haiek ere guk gorago aritzeagatik utzitako zuloak baliatu zituzten, norgehiagokaren azken txanpan beste hiru gol sartzeko. Sei gol jasotzea beti da gogorra, batez ere psikologikoki. Ez genuen halako emaitzarik espero. Ez dut uste, gainera, hainbesteko zigorra merezi genuenik.

Orain arte lau partida jokatu dituzue. Bat irabazi egin duzue, eta beste hirurak galdu. Lehen Mailara igo eta gero, nola ari zara ikusten taldea denboraldi hasiera honetan?

Jokalari gehienok taldean jarraitzen dugu, eta kategoriari neurria hartzen ari gara; egokitzen ari gara. Izan ere, saltoa handia da. Aurrerapauso bat eman behar dugu, puntuak hirunaka batzeko.

Zuk Athleticekin bost denboraldiz izan zenuen Lehen Mailan aritzeko aukera. Orain, gorenera bueltatu zara Eibarrekin. Zertan nabaritu duzu aldea?

Denbora gutxian emakumezkoen futbolak bilakaera handia izan du, eta nabaritzen da; batez ere erritmoan eta fisikoan. Dena bizkorrago doa.

Eta aurrerapausoa non eman behar duzue?

Arlo guztietan. Psikologikoki talde indartsuagoa izan behar dugu. Gol bat jasoz gero, gai izan behar dugu egoera iraultzeko. Fisikoki ere hobeak izan behar dugu. Baloiarekin, berriz, zehatzago eta bizkorrago aritu behar dugu, ideiak argiago izan. Izan ere, aipatu bezala, bizkorrago jokatzen da. Baloia ez dugunean, oldarkorrago eta sendoago egon behar dugu, hori izan baita gure ezaugarri nagusia. Sasoi honetan, ordea, nahiko atzean defendatu dugu, eta horrek aukera eman die aurkariei jokoaren ekimena izan, eta gol aukerak izateko. Lan horretan urrats bat egin behar dugu aurrera. Hor dago Lehen Mailan jarraitzeko gakoa: psikologikoki indartsua izatean, eta gure jokatzeko era ezartzean. Bartzelonaren, Real Madrilen, Atletico Madrilen eta Levanteren kontra, agian, zaila izango da hori lortzea. Baina gainontzekoen aurka ausart aritu behar dugu, eta gure jokoa egin behar dugu.

Eta gauza onei erreparatuta, zertan aritu zarete ondoen?

Geldikako jokaldietan. Golak sartu ditugu horiei esker, eta aurkariarenak ondo defendatu ditugu. Garrantzi handia ematen diegu, golak sartzeko modurik zuzenenetako bat baitira, eta eutsi egin behar diegu. Goitik oso ondo moldatzen diren jokalariak ditugu, eta asko eman diezaguke estrategiak.

Sasoi hasiera horrelakoa izatea espero al zenuten?

Genituen aurkariak kontuan hartuta, punturen bat gehiago izatea espero genuen. Pena izan zen, adibidez, Levante las Planasen aurka luzapenean galtzea. Baina ez dugu atzera begiratu nahi, baizik eta hazten segitu eta hutsegiteak zuzendu. Hau luzea da. Denboraldia hasi besterik ez da egin, eta hemen bagaude, merezita gaude. Hori aldarrikatu nahi dugu.

Zer moduz Ipuruan jokatzen?

Argi dago Unben jokatzera ohituta geundela, eta talde indartsua ginela etxean. Hori lortu behar dugu orain Ipuruan. Mailari eusteko gakoetako bat izango da. Uste dut Ipuruan jokatzeak lagundu egin diezagukeela. Zelaia paregabea da, zale gehiago etortzen dira... Egia esan, oso gustura gaude.

Ez jaisteko lehia horretan zein talde ikusten dituzu?

Uste dut Levante las Planas, Granada eta, agian, Betis hor egon daitezkeela.

Nola ikusten duzu zeure burua denboraldi honi begira ?

Oso gustura eta pozik nago. Duela bi denboraldi, Deportivon, lesioak tarteko, ez nuen jokatzeko aukera asko izan. Aurreko denboraldian iritsi nintzen Eibarrera, eta hasieratik ikusi nuen Yerayk [Martin entrenatzailea] konfiantza handia zuela nigan. Bide beretik jarraitu nahi dut, eta horretarako egiten ari naiz lan. Bai zelaian eta bai kanpoan jokalari garrantzitsua naizela sentitzen dut. Psikologikoki eta fisikoki jokalari indartsuagoa naiz, eta horrek laguntzen dit zelaian erabakiak hartzerakoan konfiantza eta argitasun handiagoa izaten.

Biharko Realaren aurkako partidari zein itxura hartzen diozu?

Reala talde oso ona eta orekatua da. Baina gure DNA ateratzen badugu, uste dut min egin diezaiokegula, eta partida irabazi. Aurreko denboraldian taldearen zutarriak bi izan ziren: atzean sendo aritzea eta aurrean eraginkor izatea. Hori errepikatu nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.