Oinatz Bengoetxea. Baiko Pilotako pilotaria

«Bi urterako berritzea ondo dago; lasaixeago har dezaket»

Oinatz Bengoetxeak Baikorekin duen kontratua luzatu berri du, eta pozik da. San Fermin torneoa jokatzen ari da. Lehen partida irabazi du, Imazekin, eta gaur jokatuko du bigarrena.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Donostia
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Hasiera ona eman dio Oinatz Bengoetxeak udari (Leitza, Nafarroa, 1984). Baiko Pilota enpresarekin beste bi urterako luzatu berri du kontratua, eta sanferminetako Binanako torneoko lehenengo partida irabazi du, Ander Imazekin batera: 22-18 irabazi diete Iker Irribarriari eta Julen Martijari. Bi albiste on horiei esker, ilusioz dago aurrelari nafarra. Uda luzea du aurretik, baina indarra hartu du. Opor egun batzuk izan ditu, eta ondo baliatu ditu.

Ondo hasi duzue San Fermin torneoa, lehen partidan Irribarria-Martijari irabazita. Gaur, Olaizola II.a-Albisuren aurka jokatuko duzue bigarren neurketa. Nola ikusten duzu lehia?

Albisu erreferentzia bat da atzelarien artean, eta Aimar aurreanere bai. Partida aldeko duenean pilotari handia izaten jarraitzen du Aimarrek. Aurretik ez badoa, gehixeago sufritzen du agian, baina ziur Albisuk eta berak bikote oso ona egingo dutela; partida oso gogorra izango da.

San Fermin torneoan hiru txapel dituzu lau eta erdian, baina binaka, bat bera ere ez. Nafarra izanik, ilusio berezia egiten al dizu torneo hau irabazteak?

Ilusio handiz hartu dut torneo hau, gogo handiarekin. Nafarrontzat, sanferminak beti dira bereziak, eta ilusioa dugu. Lehenengo partida irabazita, gainera, baditugu aukerak finalera iristeko. Gaur ahal dugun guztia borrokatuko gara.

Baikorekin berritu duzu bi urterako. Pozik zaude kontratua sinatu izanagatik?

Bai. Egia esan, pozik nago kontratuarekin. Hasieran, urte baterako eskaintza egin zidaten, baina, azkenean, bira iritsi ginen. Alde horretatik, pozik nago. Bi urte niretzat ongi dago, denbora dut pixka bat lasaixeago hartzeko. Gainera, ikusten dut enpresak nirekin kontatzen duela. Nik fisikoki ongi ikusten dut neure burua, ez dut minik. Eta mentalki hobeto nago.

Esana duzu pilotan hogei urte betetzera iritsi nahiko zenukeela. Hamazazpi betetzera zoaz. Gertu ikusten duzu muga hori?

Niretzat oso polita izango litzateke hogei urtera iristea. Orain, hiru urte eta lau hilabete gelditzen zaizkit. Lehenbiziko helburua hori da. Ez dut esan nahi hogei urtera iritsitakoan utzi egingo dudanik. Ez diot mugarik jarri nahi nire kirol ibilbideari. Olaizola ere hor dago; aurten 40 urte egin behar ditu, eta oraindik oso ongi dago. Profesionaletan bi hamarkada betetzea gauza ederra izango litzateke. Oraingoz, bi urterako daukat kontratua, ikusi beharko da bi urte horietan nola aritzen naizen eta fisikoki nola nabilen, eta, horren arabera, ea aukerak ditudan aurrera egiteko.

Lesioek errespetatuz gero, askoz urte gehiago jarraitzeko asmoa duzu?

Pilotan zenbaki magikoa izanik, 22 urtera iristea ondo legoke. Baina berriz diot ez dakidala nola joango den etorkizuna. Oraingoz, pozik nago bi urte gehiago egitearekin.

Pilota utzi eta gero zer egin nahiko zenuke?

Nire ametsetako bat da munduko mendi dotoreenak ezagutzea, baina plan asko daude. Asmoa bizitzaz gozatzen jarraitzea da, eta, noski, mendia hor egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.