Mikel Landa. Bahrain McLaren taldeko txirrindularia

«Irabazteko asmoa dugu»

Bosgarren aldiz ekingo dio gaur Frantziako Tourrari Mikel Landak, eta sekula baino konfiantza handiagoarekin dagoela dio. Nahi bezala dago, gainera: taldeburu. Haren ustez, ibilbidea egokia du.

SANTI OTERO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Frantziako Tourra hastear dela, tentsioan baina lasai dago Mikel Landa (Murgia, Araba, 1989) Nizako hotel batean, gaur lasterketa noiz hasiko zain. Bahrain McLaren taldearen babes osoa dauka, eta horrek segurtasuna ematen dio. Baita ardura berezia ere, baina «kontrolpean» duena. Helburu handiena jarri dio bere buruari.

Bosgarren aldiz ariko zara Frantziako Tourrean. Zer ikasi duzu aurreko lau aldietatik?

Asko ikasi dut. Zortea izan nuen Sky taldean Froomekin eta Thomasekin asko ikasteko, eta, gero, Movistarren, nire lasterketa egiten saiatu nintzen.

Inoiz baino heldutasun handiagoarekin hasiko duzu Tourra?

Bai. Azkeneko urteetan helduz joan naiz, eta garai onean iritsi naiz sasoi fisikoari dagokionez eta buru aldetik.

Aurten zaude konfiantza handienarekin Tourrerako?

Bai. Oso talde polita daukat inguruan, momentu guztietan egongo dira ni babesteko prest, eta hori horrela izateak sekulako konfiantza ematen dit.

Zein dira zure helburuak?

Podiumean egotea oso ona litzateke, baina hasi aurretik esanda, garaipena nahi dugu. Horren bila joango gara, eta, gero, lasterketak jarriko gaitu gure lekuan.

Hobea ahalik eta helburu handiena jartzea, ezta?

Bai. Lasterketa bat da azkenean, eta irabaztea izaten da helburua denetan.

COVID-19ak erabat aldrebestu dizkizue prestakuntza eta egutegia. Jakin daiteke zehaztasunez txirrindulari bat sasoi aldetik nola dagoen?

Jakin daiteke, bai. Azken urteetan, entrenamendua asko aldatu eta hobetu da. Dena daukagu kontrolatuta datu askoren bitartez. Lasterketa pare bat egin ditugu konfinamenduaz geroztik, eta badakigu ondo gaudela.

Ezohiko egoera honen eraginez aldatu egin da lasterketak korritzeko modua?

Pixka bat bai. Oso azkarrak ari dira izaten, azkena balitz bezala egiten diogulako aurre proba bakoitzari. Tour hau ere, agian, urteko azkeneko lasterketa izan daiteke COVID-19aren egoeragatik, eta, aukera guziak baliatu nahi ditugunez, oso azkarrak ari dira izaten lasterketak.

Tourra ere bizia izango da?

Ez dakit. Azkenean, hiru asteko lasterketa da, eta jendeak errespetu handiagoa izango dio. Uste dut txirrindulari askok behar dituztela emaitza onak, eta horrek ere lehia handitu egingo du. Oso borrokatua izango da.

Ibilbidea menditsua izanik, horrek berak ere bizitu egin dezake proba, tentsioa eragingo duelako?

Batez ere aurreneko egunak izango dira oso mugituak, bakoitzak bere lekua aurkitu nahi izango duelako, eta horrek urduritasuna eragiten du.

Aurreko Tourretan, ohikoa izan da talde batek lasterketa kontrolpean eramatea. Aurten, ibilbideagatik eta tentsioagatik zailagoa izango da?

Agian zailagoa egingo zaio Ineosi aurreko aldietan egin duen hori egitea, baina ez du arazorik izan lasterketa mendean izateko, eta esperientzia horren jabe da orain ere. Dena den, Jumbo Lottok sekulako taldea dauka, eta bi taldeek errespetu handia diote elkarri.

Lasterketa astintzea beste taldeen lana izango da. Hori izango da, adibidez, Bahrainen estrategia?

Tokatzen denean, bai. Horrelako talde indartsuenei aurre egitea ez da erraza, eta une proposa aurkitu behar da. Prest egon behar da, adi, momentua noiz helduko.

Ausarta izateko hobe da aurretik gutxi pentsatzea?

Ona da hori, baina aurretik pentsatuta izatea ere ona da. Garrantzitsuena da beti prest egotea, eta ahultasuna antzematen diezunean, baliatzea.

Zure ezaugarrietako bat da, hain zuzen, lotsagabea izatea lasterketetan.

Gustatzen zait, eta hori nire aldeko da.

Lider bakarra zara taldean, eta horixe nahi zenuen.

Taldeari asko eskertzen diot aukera hau ematea eta eskaintzen ari zaidan babes guztia.

Ardura handiagoa ekarri dizu horrek?

Bai, baina ondo moldatzen ari naiz. Polita da, eta hauxe nahi nuen.

Ibilbidea egokia da zuretzat, ezta?

Bai. Gainera, erlojupeko bakarra dago, mendian bukatuko da, eta azken-aurreko egunean da. Etapa menditsuak dira, egokiak niretzat. Dena ondo badoa, alde daukat hori nire onena emateko.

Kronoigoerara konfiantzaz zoazela esaten ari zara.

Lan handia egin du taldeak nirekin, bizikletako jarrerak asko landu ditu, ahalik eta erosoena joan nadin. Mendate asko igo ditugu erlojupeko bizikletarekin, eta gustura aritu naiz.

Etapa erabakigarria izango da?

Azken urteetan, bigarren asterako erabakitzen hasten zen Tourra. Zaila litzateke azken-aurreko egunean sailkapena iraultzea, baina batek daki, aurten dena delako ezohikoa.

Zein dira aurkari gogorrenak?

Roglic, Bernal eta Dumoulin.

Ezusteak zein izan daitezke?

Gazteren batzuk: Pogacar, Higuita eta Daniel Martinez, adibidez.

Zaleak besteetan baino gutxiago izango dira.

Pena da. Nabarituko dugu zaleen babes falta mendateko etapetan, baina egongo da norbait gu animatzen.

Hoteletan erdi bakartuta egongo zarete. Nola eragingo dizue lehiaketan?

Onerako izan daiteke, lasaiago egongo garelako; hedabideak eta zaleak asko estimatzen ditugun arren, aparte egongo baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.