Albistea entzun

Iker Olaeta. Gernikako errugbi taldeko jokalaria

«Etxekoek emandako maila izan da igotzeko gakoa»

Gernika Espainiako Ohorezko Mailara bueltatu da, igoerako kanporaketan Independiente garaitu ostean. Iker Olaetak berretsi du talde sendo bat izan direla.
MARISO,L RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi -

2021eko ekainak 2

Aurreko denboraldia amaitu gabe geratu zenez, Gernikak ezin izan zuen igoerako kanporaketa jokatu. Urtebete geroago lortu dute aurreko sasoian ezarritako maila nagusira itzultzeko helburua. Denboraldi osoan partida bakarra galdu dute, La Vilaren aurkako kanporaketako finala, baina Iker Olaeta taldeko kapitainaren (Gernika, Bizkaia, 1990) ustez, «10 bat» merezi du sasoiak: «Alacanten gertatutakoa pena bat izan zen, baina larunbatean Valladoliden bizitakoa, oso polita. Bigarrenean bada ere, helburua lortu dugu».

Ohorezko B mailan bi denboraldi egin eta gero, lortu duzue igoera. Espero zenuten?

Iragan den urtean, ligako fase erregularreko azken partida jokatzeko falta zenean, pandemiagatik, liga bertan behera geratu zen, eta ezin izan genuen igoerako kanporaketa jokatu. Iaz, helburua maila nagusira itzultzea zen, baita aurten ere. Etxeko jokalariek eman duten maila izan da igoera lortzeko gakoa. Iazko taldearekin alderatuta, aldaketa asko izan ditugu, eta etxekoek egin duten jauzia handia izan da. Talde sendo bat izan gara, eta hori da garrantzitsuena.

Partida bakarra galdu duzue denboraldi osoan. La Vilaren aurkako igoerarako finala galtzeak nola eragin zuen taldean?

Haiek gailendu ziren, baina uste dut partida hori guk ere irabazi genezakeela. Porrot mingarria izan zen, Alacantetik bidaia oso luzea egin zitzaigun, eta hurrengo astea ere gogorra izan zen. Baina gugan sinisten jarraitu genuen, eta, azkenerako, helburua lortu dugu. Formatu berriak eta kanporaketak 80 minutura jokatzeak ez digu mesede egin. Final-laurdenetan ondo menderatu genuen Zaragoza, Pozuelori azken unean irabazi genion, eta, finala galdu bagenuen ere, uste dut irabazi genezakeela. Independienteri ondo irabazi diogu.

Hirugarren denboraldiz jarraian, beheko mailako taldeak goikoa menderatu du. Zein izan daiteke arrazoia?

Ohorezko B mailako taldeen maila igo egin da, eta goian daudenetako batzuei aurre egiteko gai dira bigarren koxkan dauden taldeetako batzuk. Independienteren aurkakoari dagokionez, aurreko astean askotan errepikatu genuen, denboraldi osoan hiru partida baino ez dituztela irabazi. Duela lau urte jaitsierako promozioa jokatu genuen guk, eta, nahiz eta mailari eustea lortu genuen, taldeko gazteei hasieratik esan nien horrelako egoerak oso gogorrak direla.

Independienteren aurkako partidan hasieratik aurreratu zineten markagailuan. Hori izan zen neurketa irabazteko gakoa?

Oso indartsu ekin genion lehiari, eta hasi eta berehala, 0-10 aurreratu ginen. Atsedenaldira ere errenta dotorea eraman genuen. Bigarren zatian apur bat gerturatu baziren ziren, ondo kudeatu genuen errenta, 21-34 irabazteko.

Valladolideko Pepe Rojo zelaian 400 zaleren babesa izan zenuten. Hori ere erabakigarria izan zen?

Ikaragarria izan zen. Urbietan denboraldi osoa zalerik gabe jokatu eta gero, Alacantera 150 joan ziren, eta larunbatean, Valladoliden, 400 zaleren laguntza izan genuen. Egun oso berezia izan zen, eta betirako gogoratuko dut.

Eduardo Maidagan entrenatzaileak 9,5ko nota jarri dio denboraldiari: La Vilaren aurkako porrotagatik ez dio notarik altuena eman. Iritzi berekoa zara zu ere nota horrekin?

Nire ustez, 10 bat merezi du sasoiak. Alacanten gertatutakoa pena bat izan zen, baina larunbatean Valladoliden bizitakoa oso polita izan da. Bigarrenean bada ere, helburua lortu dugu. Urte asko daramatzat taldean, eta Valladoliden bizitakoa ez dut beste ezergatik aldatzen.

Etxekoen maila izan da igoera lortzeko gakoa.

Niretzat eta klubarentzat garrantzitsuena etxeko jokalariek aurten eman duten aurrerapausoa izan da. Kalitateari dagokionez, jauzi bat egin dute. Ea horrela jarraitzen duten, eta kanpotik etorri diren askok gurekin segitu ahal duten. Taldearen gehiengoa mantentzea garrantzitsua izango da. Zalantzarik gabe, mailari eustea izango da helburua.

Getxok maila galdu ostean, bi euskal talde arituko zarete Ohorezko Mailan. Pena da derbi hori galdu izana, ezta?

Bai, maila batean edo bestean izan, norgehiagoka bereziak direlako. Bizkaiko derbia da, zelaia bete egiten da, hedabideak ere guri begira daude, eta polita da giroa. Gure kirolarentzat oso garrantzitsua da derbi horiek duten xarma.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Soilik izozmendiaren punta ikusten da garaipenarekin»

Beñat Mujika Telleria

Lehenengoz hartu zuen parte Helene Alberdik nazioarteko triatloi batean, joan den asteburuan. Europako Txapelketa Bilbon jokatu zen, eta urrea kolkoratu zuen.
Juan Cruz Osasunako atzelaria eta Alexander Sorloth Realeko aurrelaria, lehian, aurreko denboraldian Anoetan jokatutako partidan. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Komeni indarberritu izana

Iñigo Lasa Fresneda

Realak eta Osasunak gaur ekingo diete norgehiagokaz betetako bost aste gogorri. Talde txuri-urdinak Gironan jokatuko du, eta gorritxoak Real Madrili egingo dio bisita

Masterseko finalerdiak jokatu zituzten herenegun gauean Nafarroa Arenan. 1.500 ikusle izan ziren harmailetan. Gehiago izango dira gaur finalean. ©JESUS DIGES / EFE

Udari txapela jarri nahi diote

Julen Etxeberria

Ezkurdia-Mariezkurrena eta Altuna-Imaz ariko dira gaur Masterseko finalean, Nafarroa Arenan

Alavesek ezin du burua altxatu, eta 0-4 galdu du Vila-realen kontra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...