Carlos Txokarro. Anaitasunako jokalaria

«Gogorra eta krudela izan da sasoiaren lehen zati hau»

Sailkapenaren erdialdean amaitu du Anaitasunak ligako lehen itzulia. Txokarrok dio «erregularragoak» izatea falta zaiela. Urtarrilaren 9an itzuliko dira entrenatzera.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
Mutiloabeiti
2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Ligako azken hiru neurketak irabaztea «aringarria» izan dela dio Carlos Txokarro (Iruñea, 1985) Anaitasuna eskubaloi taldeko jokalari eta kapitainak. «Puntu gehiago merezi genituen». Europako txapelketa dela eta, otsaileko lehen asteburuan jokatuko dute Asobal ligako hurrengo norgehiagoka.

Zer nota jarriko zenioke taldeari denboraldiaren lehenengo zatian?

Zenbaki batekin definitzea zaila izango da, gauza asko gertatu baitira lehenengo hilabete hauetan. Azken finean, txapelketak sailkapeneko postu batean jarri gaitu, baina nik uste dut zenbakien eta emaitzen aldetik lehen itzulia ez dela justua izan gurekin. Baina, zenbaki bat esan behar badut, agian 6 bat izango litzateke.

Carlos Garcia taldeko arduradun teknikoak esan zuen taldeak «amorru» sentipenarekin amaitu duela. Zuk ere hitz hori erabiliko zenuke?

Bai, amorru handia sentitu dudalako une askotan. Zerbait gehitze aldera, lehen itzulia gurekin krudela izan dela esango nuke. Momentu askotan ez genuen merezi gertatu zaiguna, dena ematen eta lanean ondo ari ginelako, baina sariak azken unean ihes egiten zigun. Zorionez, azkeneko hiru garaipenek aho zapore hobea utzi digute.

Zuk, kapitain gisa, nola bizi izan zenuen bolada txar hori?

Gogorra izan da. Klubarekiko hainbesteko lotura sentitzen duzunean, bertan hainbeste denbora daramazunean —19. denboraldia egiten ari da klubean— eta ikusten duzunean gertatzen dena apur bat injustua dela, are eta min handiagoa egiten dizu. Dena den, seguru hemendik asko ikasiko dudala.

Esan liteke sasoiak hiru zati izan dituela?

Bai. Ondo hasi ginen, baina oso tarte motza izan zen. Ondoren, ondo jokatu genuen partida askotan, markagailuan aldea hartzen genuen, baina ez genuen irabazten. Tarte horretan, segurtasun gutxi genuen baloiarekin partidaren azken txanpan. Puente Genilen aurkako porrota mugarria izan zen, eta neurketa horretako mamuak beste neurketa askotan agertu ziren: Cangas, Valladolid... Nabarmentzekoa da Artalekuko partida salbu beste partida guztiak irabazteko aukera izan dugula. Oro har, puntu gehiago merezi genituela uste dut.

Azkeneko hiru partidak irabaztea aringarria izan da?

Bai, noski. Gainera, partida horiek irabazi ezean, azken postuetan murgilduta egongo ginateke honezkero. Guadalajararen aurka taldeak oso partida ona jokatu zuen; Logroñoren aurka partida ikaragarria egin genuen, eta Benidormen aurkakoa ere neurketa serioa izan zen. Egindako lan guztiak fruituak ematen dituela ikusteak konfiantza eta lasaitasuna ematen dizu.

Dena den, bolada txarra edo ona izan, lan egiteko modua ez da aldatu, ezta?

Ez genuen ezertxo ere aldatu. Quiquek [Quique Dominguez, Anaitasunako entrenatzailea] beti oso argi utzi digu hori. Oso argi dauka zein den jokatzeko bere modua, bere eskubaloia zein den, eta ideia horrekin bat egiten dugu denok. Egiten ari ginen horretan konfiantza izan behar genuela esan genuen aldagelan, eta, berriro irabaztea kostatu zitzaigun arren, zama hori kendu genuenean taldeak askoz ere hobeto funtzionatu zuen.

Bolada ona hartu bezain pronto, Europako txapelketa dela eta, etenaldia ailegatu da. Kalte egingo dizue orain geratzeak?

Sekula ez dakizu nola eragingo dizun horrelako etenaldi batek, baina ohituta gaude horrelakoetara. Agian etenaldia gertu zegoela jakiteagatik atera ziren hain ondo azkeneko hiru neurketa horiek. Batek daki! Lehenengo zatia gogorra izan da, eta, beraz, atseden hartu eta atzera begiratzea ere ez zaigu gaizki etorriko bigarren zatiari ahalik eta ondoen aurre egiteko.

Lesioak, beste behin, zama handia izan dira Anaitasunarentzat?

Ez dugu aitzakiarik jarri nahi, baina eragin handia izan dute. Taldea ahalegindu da lesioen kopurua murrizten, baina oso zorte txarra izan dugu. Hau kirola da. Xavi Castrok ailegatu bezain pronto min hartu zuen, Arthur Pereira ere luzaroan izan da baja, baita Ander Torriko ere. Funtsezko jokalari horien falta asko nabaritzen da. Hala ere, balio izan du hainbat jokalarik aurrerapauso bat eman dezaten.

Denboraldiaren bigarren zatiari begira, zer mezu dator aldagelatik?

Azken hiru garaipenei esker oso berdinduta dagoen sailkapenaren erdialdera itzuli gara, eta, ni oraindik ere baikorra eta anbizio handikoa naizenez, ahalik eta gorenen amaitzea nahi dut. Oraindik lor dezakegu, bigarren zati hau oso luzea baita. Ez dut ezer baztertzen. Erregularragoak izatea falta zaigu.

Prestatzaile fisikoa, Anaitasunako jokalaria, eta orain, aita ere bai. Halere, zure denboraldirik onenak egiten ari zara.

Kirol arloan nire ibilbideko sasoirik onenak izaten ari dira. Gol kopuruari dagokionez, lehen itzuli hau, oker ez banago, nire ibilbideko onena izan da. Ligako entrenatzaile onenetariko bat daukagu, eta niregan konfiantza handia dauka. Pozik nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.