Emma Boada. Super Amara Bera Berako jokalaria

«Oraindik ez dugu ikusi sasoiko Bera Bera onena»

Sailkapenaren puntan daude Bera Bera eta Ro'Casa, eta gaur elkarren aurka jokatuko dute, Gaskan (21:00, Tdp). Boadak «bolada onean» ikusten du taldea, eta baikor dago.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Bera Beraren jokoaren iparrorratzetako bat da Emma Boada (Bartzelona, 1994).Abendua bai mentalki eta bai fisikoki «gogorra» izan iela dio. Baina nahiz eta Europatik kanpo geratu, aurreikuspenak bete dituztela nabarmendu du.

Espainiako Superkopa irabazi eta ligan Porriño menderatu ostean, badirudi taldeak eman diola buelta Europatik kanpo geratzeari ezta?

Bai, dudarik gabe. Europatik kanpo geratzea kolpea izan zen. Halakoetan gertatzen da taldeek apur bat behera egitea. Baina guk nahiago izan genuen beste bide bat aukeratu: sekula baino gogorrago eta ilusio handiz lan egitea.Asko batu ginen. Txarrenari onena atera genion, emaitzatik harago ondo sentitu baikinen, eta gai izan baikinen Besançon bezalako talde gogor baten kontra nor baino nor gehiago lehiatzeko. Jakitun geunden denboraldiko helburuetako bat, Europakoa, ez genuela bete; baina, handik astebetera, denboraldiko lehen titulua genuen jokoan: Superkopa. Horrek asko lagundu zigun. Ondoren ere ligako bi partida garrantzitsu genituen: Porriñorena eta biharkoa [gaurkoa]. Zorionez, Superkopa irabazi egin genuen, baita Porriñoren aurkako partida ere. Orain, Ro'Casaren aurkako partida falta zaigu urte amaiera biribiltzeko. Baikor nago, taldea bolada onean baitago.

Abendua gogor zetorrela jakinda, eta gaur Ro'Casari irabaziz gero, aurreikuspenak bete dituzuela uste duzu?

Baietz uste dut. Bera Berak denbora zeraman Superkopa irabazi gabe, eta multzoan bagenuen gogoa arantza hori kentzeko. Berezia izan da. Porriñon irabaztea ere ez zen erraza, denboraldi aparta egiten ari baita. Alde handiz irabazi genuen, gainera. Dena den, esan bezala, emaitzetatik harago, sentipenekin geratzen naiz.

Zer traza hartzen diozu gaurko lehiari? Azken sasoietan, neurria hartu diozue Ro'Casari.

Egia da azken denboraldietan irabazi egin diegula, baina Ro'Casaren aurkako norgehiagokak beti izaten dira zailak eta gogorrak. Sasoi honetan oso ondo indartu da. Kalitate eta garaiera handiko jokalariak ditu, eta eskarmentu handikoak: Almudena Rodriguez, Marta Mange, Alba Spugnini...

Zer egin behar duzue gaur ere bi puntuak Donostian geratzeko?

Azken partidetako bidetik jarraitu. Erakusten ari garen talde izaerari eta nortasunari eutsi behar diogu, defentsan bizi eta oldarkor jokatuz, eta erasoan korrika eginez. Azken arlo horretan beste aurrerapauso bat eman dugula uste dut. Geldikako erasoan, berriz, ondo ateratzen ari zaizkigun gauzei segida eman behar diegu.

Zer iritzi duzu Ro'Casa egiten ari den denboraldiaz?

Batek baino gehiagok esan dit: «Ro'Casaez dago espero bezain indartsu». Baina haien partidak ikusita, argi dago ez dela horrela. Aipatu bezala, bakarkako jokaldietan erabakigarriak diren jokalariak ditu, eta horrek asko ematen dizu une zailetan.

Agian, multzo moduan, zuek indartsuagoak zarete?

Ez nuke jakingo. Beharbada, guk gehiago eutsi diogu multzoari, eta fitxatutakoak egokituz joan ahala gero eta hobeto ari gara.

Txapelketa eredu berriarekin, uste duzu halako partidak ez direla hain erabakigarriak?

Ezetz erantzun beharko nizuke. Baina neurri batean uste dut ez direla horren erabakigarriak. Titulurako kanporaketak izanda, denboraldian zehar hanka sartze txikiren bat izateko aukera duzu. Aurreko txapelketa ereduarekin, berriz, ia ez zenuen aukerarik hutsegite horiei buelta emateko.Dena den, guk halakorik ez gertatzeko egiten dugu lan.

Oraingo bolada eta sasoi onari denboraldi amaiera arte eustea da zuen erronka?

Argi dago ez dela erraza izango, baina horretan saiatuko gara. Lortuz gero, izugarria litzateke, eta titulu guztiengatik borrokan egotea ahalbidetuko liguke. Horri begira, ondo etorriko zaigu urtarrilaren 14ra bitarteko etena, abendua oso gogorra izan baita fisikoki eta mentalki: bidaiak, egutegi betea, Europako kanporaketa kudeatu... Uste dut, gainera, taldea hazteko unebatean dagoela, eta oraindik ez dela denboraldiko Bera Bera onena ikusi.Ziur nago.

Eta zu nola ari zara sentitzen denboraldi honetan?

Ondo. Pozik nago, gogotsu, ilusioz. Aspaldiko partez minik gabe jokatzen ari naiz, eta hori garrantzitsua da niretzat. Behar nuen hori, batez ere mentalki. Izan ere, mina izanda, ezin nuen arreta osoajokoan jarri. Minak, txikia izanda ere, gogorarazten zidan ez nengoela sasoi betean. Uda oso ondo etorri zitzaidan atseden hartzeko, eta fisikoki ondo jartzeko.

Ez da erraza izango minez jokatzea ezta?

Ez, hala da; eta, batez ere, neurketa batean ondo aritzen ez bazara minaren eraginez, frustrazio puntu bat izaten duzu. Nik, gainera, nahiko gaizki daramat minarena. Baina kirolaren parte da. Are gehiago eskubaloian, kontaktu handiko kirola baita. Ikusten ez den zerbait da.

Zure denboraldirik osoena da Donostian zaudenetik?

Nik beti esaten dut momenturik onena iristeko dagoela. Baina, aipatu bezala, oso gustura eta pozik nago. Entrenatzaile multzoak eta nire taldekideek hala sentiarazi naute, eta horri ere balio handia ematen diot. Hortik abiatuta hobetzen jarraitu nahi dut. Izan ere, oso exijentea naiz taldekideekin, baina batez ere neure buruarekin, eta beti dago zer hobetu eta ikasi: taldea hobeto zuzendu nahi dut, defentsan zorrotzago aritu, baloi gutxiago galdu, jaurtiketetan gehiago asmatu, une txarrak egokiago kudeatu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.