Vanja Marinkovic. Baskoniako jokalaria

«Tomic eta Ribas nola edo hala geratu behar ditugu»

Joventut izango da Baskoniaren lehen aurkaria gaur, Espainiako Kopa eskuratzeko bidean (21:30, Movistar). Marinkovicek dio defentsa funtsezkoa izango dela partida irabazteko.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Baskoniak gaur egingo du debuta Espainiako Kopan, eta zaleak eta kluba ilusioz daude. Iragan sasoian, gasteiztarrek ez zuten lortu sailkatzea, eta arantza hori kendu dute jada. Talde hartatik Baskonian jarraitzen duten jokalarietako bat da Vanja Marinkovic (Belgrad, 1997). Taldea uzteko gertu izan zen udan, baina oso jokalari garrantzitsua bilakatu da Joan Peñarroyaren taldean. «Gogotsu» dago, baina «oinak lurrean» izan behar dituztela nabarmendu du.

Zer berezitasun ditu Kopak?

Kopa beti da lehiaketa berezia, oso desberdina baita gainerakoekin alderatuta. Europako herrialde askotan jokatzen da lehiaketa hori asteburu honetan, baina ACB ligakoa da mailarik handiena daukana. Hiru edo lau egunean hiru partida jokatu behar dituzu finalera iristeko, eta ez da erraza.

Zein da taldearen helburua Kopan? Eta zer eskatu behar zaio?

Amaieraraino iritsi nahi dugu, baina urratsez urrats joan behar dugu. Ostiralean [gaur] daukagu lehenengo finala, eta gero jarriko gara aurrera begira.

Baskoniak 2009an irabazi zuen azken aldiz txapelketa. Ordutik, ez da finalera iritsi. Irabazteko presioa sumatzen al duzue?

Egia esan, ez; ez dugu presiorik nabari. Real Madrilek, Bartzelonak, Valentziak... beti dugu helburu bera: lehiaketan amaieraraino iristea. Ez daukagu presiorik, baina argi daukagu zer klubetan gauden eta zer dimentsio daukan. Hori soilik bada nahikoa arrazoi lehiaketa irabazten ahalegintzeko behintzat.

Oraingoan, gainera, ez dituzue Euroliga jokatzen duten hirutaldeak koadroaren zuen aldean.Koparen bilakaeran garrantzitsua dela uste duzu?

Ez dugu askorik hitz egin horretaz. Horren egun gutxian nola demontre hartuko dugun atseden, hori da gure solasaldietan gehien aipatzen dena! [barrez]. Lehiaketa guztien erritmoa oso gogorra da, oso talde gogorren aurka lehiatu beharra daukagu. Ez daukagu astirik horrelako gauzei askorik erreparatzeko. Lehiatzeko eta irabazten ahalegintzeko gaude hemen, eta horretan ahaleginduko gara.

Lehenbizi, Joventuten aurka jokatu beharko duzue. Etxean jokatzen dute, eta, ACB ligan, bi partida soilik galdu dituzte han sasoi honetan. Ez da aurkari makala…

Ez nuen datu horren berririk. Baina ez dut uste gure jokoa aldatu behar denik horregatik. Guk ere oso gutxi galdu dugu etxean, eta horrek ez du ezer esan nahi. Egindakoari erreparatzea baino nahiago izaten dut egin dezakegunari erreparatzea. Espainiako Kopan, partida makal bat jokatuz gero, kanpoan geratzen zara, eta berdin du etxean edo etxetik kanpo jokatu, garrantzitsuena da zer pentsaerarekin aurre egiten diezun neurketei.

Orduan, zure iritziz, etxean jokatzea motibazio bat edo presio gehigarri bat da haientzat?

Askotan hitz egiten da etxean jokatzearen garrantziaz, baina presio gehigarri bat ere izan daiteke, noski. Joventuteko zaleek ilusio handia daukate, Kopa etxean jokatzen dutelako, eta hori presioa bilakatu liteke jokalarientzat.

Zure ustez, zein izango da lehen partidako gakoa?

Ante Tomic eta Pau Ribas nola edo hala gelditu behar ditugu, haiek baitira taldearen liderrak. Ligan, Buesa Arenako partidan, min handia egin ziguten barruko jokoan eta errebotean. Tomic jokalari bikaina da, eta oso zaila da hura gelditzea, baliabide ugari baititu erasoan jokatzeko. Beti esaten dudan bezala, defentsa funtsezkoa izango da. Dakigun bezala defendatzen dugunetan, oso talde gutxik irabazten digute.

Urtarrila eta otsaila hilabete gogorrak izan dira, partida kopuruarenagatik. Bolada bikain batetik zetorren taldea, eta zenbait porrot iritsi dira. Nola bizi izan duzue barrutik?

Ondo eraman dugu, ahalik eta normalen. Beti daude halako boladak, sasoi guztietan; hori ez gertatzea izango litzateke albistea. ACB liga eta Euroliga tartekatzea oso polita da, baina zaila ere bai. Partida gehiago galduko ditugu, baina entrenatzen jarraituko dugu; lan egitea da talde honen sekretua. Hala ere, baikorrak izan behar dugu.

Etxean talde bat izan zarete, eta kanpoan, beste bat. Zergatik? Hainbesteko aldea dago?

Ez nuke azaltzen jakingo zenbatekoa den aldea. Zaleen animoekin jokatzea beti da hobea, eta gehiago zaleak Baskoniarenak bezalakoak badira. Oso talde gaztea gara, eta gai izan behar dugu gure zaleak aurrean ez daudenean ere hortzak estutzeko. Batez ere defentsan.

Pierria Henry galtzea albiste gogorra izan zen, baina Max Heidegger fitxatu du klubak. Zer eman dio taldeari?

Bi hiruko Unicajaren aurka jokatutako luzapenean [barrez]. Bi aste soilik daramatza Gasteizen. Hainbeste partida jokatzen ditugunez, oso entrenamendu gutxi egin ditu taldearekin, eta erritmo honetan aritzeko prestatzea lan zaila da. Orain arte ,oso ondo aritu da, eta erakutsi du taldeari laguntzeko gai dela.

Henry gabe, zu aritu zinen antolatzaile postuan, Darius Thompsonekin batera; orain, eskolta postura itzuli zara berriro. Heideggerren etorrerak zama arindu dizu?

Joanek [Peñarroya] antolatzaile postuan nahi banau, prest egongo naiz, eta eskolta lanetan nahi banau, berdin. Hark eskatzen didana egiten ahaleginduko naiz beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.