Alberto Munarriz. Waterpolo jokalaria

«Domina bat eskuratzeko borrokan egon nahi dugu»

Gaur hasiko da Munduko Igeriketa Txapelketa, Hego Korean, Gwangjun. Alberto Munarriz da bertan parte hartuko duen euskal herritar bakarra. Asmo handiko helburuak ditu iruindarrak.

VILLAR LOPEZ / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Egun batzuk daramatza jadanik Gwangjun Alberto Munarrizek (Iruñea, 1994). Euskal Herriak eman duen waterpolo jokalari onenetako bat da. Gaztea izanagatik, badu eskarmentua, hirugarrenez ariko baita Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketan. Gogotsu eta baikor azaldu da, ondo aritzeko itxaropenez. Astelehenean jokatuko du lehen lehia, Hegoafrikaren aurka. Txapelketa «irekia» aurreikusi du.

Astelehenean jokatuko duzu lehen partida. Nola joan dira prestaketa lanak?

Nahiko ondo joan dira. Udan ez dugu entrenamenduak egiteko denbora asko izan, lehiatzen egon garelako. Duela gutxi arte, Munduko Liga jokatzen ari ginen. Ondo prestatuta iritsi nahi genuen, txapelketa garrantzitsua da eta. Tarte horretan, Munduko Txapelketarako prestaketa lanak alde batera utzi genituen, baina, amaitutakoan, izan dugu berriz entrenamenduekin hasi eta fisikoki ondo prestatzeko aukera. Orain, Hego Korean gaude, txapelketa hasteko irrikan.

Zein da helburua?

Gure helburua da final-laurdenetan aurrera egitea. Hori da guztia markatzen duen langa. Txapelketaren amaierara arte domina bat eskuratzeko borrokan egon nahi dugu. Funtsezko partida izango da final-laurdenetakoa.

Zein da faborito nagusia urrea irabazteko?

Ez nuke esango faborito garbirik dagoenik. Badaude hobeto iritsi diren selekzio batzuk. Hungaria, esaterako, oso ondo aritu zen Europa kopan. Kroazia ere oso ondo jokatzen ari da. Horiek izan daitezke faboritoak, baina beste talde indartsu asko daude: Serbia, Italia, Montenegro, Grezia, gueta Australia, esaterako. Parekatua eta irekia egongo dela uste dut. Talde horietako asko final-laurdenetan topatuko dira,eta xehetasunetan erabakiko dira norgehiagoka horiek.

Non dago txapelketa txukun bat egiteko gakoa?

Intentsitatez eta ondo jokatzean egongo da gakoa. Ondo jokatzea lortzen badugu, intentsitatez eta erritmo bizian, ondo ibiliko gara. Fisikoki indartsu gaude, eta erritmo altua jartzeko ahalmena dugu. Horrela, ustez, jokalari hobeak dituzten selekzioen maila berdindu ahal izango dugu.

Hirugarren aldiz hartuko duzu parte Munduko Txapelketan Espainiako selekzio nagusiarekin. Esperientzia eta eskarmentua baliagarriak izango dira?

Baietz uste dut. Lehiatzen ari zaren heinean, ikasten ari zara. Urteekin lortzen duzu partida hauek jokatzeko eta une zailetan erantzun ahal izateko esperientzia. Oraindik asko dut ikasteko.

Denboraldi honetan, Espainiako Ligako jokalari onenaren saria eskuratu duzu. Zure kirol ibilbideko momenturik onenean zaude?

Ez dakit. Bakarkako sariak talde osoak egindako lanaren ondorio ere badira. Denboraldian zehar taldeari lagundu diodala uste dut, nahiz eta, beti bezala, gehiago laguntzea gustatuko zitzaidan. Orain, txapelketa garrantzitsua dator, eta ea gai naizen ongi aritzeko.

Postu batean baino gehiagotan aritzeko erraztasuna duzu. Non sentitzen zara erosoen?

Ez nago oso ziur; partidak eta egoerak asko baldintzatzen dute. Baina esango nuke ezkerraldetik jokatzen edo buia defenditzen sentitzen naizela erosoen.

Denboraldi ona egin duzu Atletic Barcelonetarekin; liga eta kopa irabazi dituzue, eta Txapeldunen Ligan laugarren postuan amaitu duzue. Zein da zure balorazioa?

Denboraldia ona izan da. Noski, Txapeldunen Ligan aurrerago amaitu nahi genuen, baina zailtasun handiko txapelketa da. Jokalari oso onak daude, eta aurrekontu altuak dituzten taldeak. Akatsak zuzendu, eta datorren denboraldian hobetzen saiatuko gara. Dena den, nota ona jarriko nioke denboraldiari.

Euskal herritar bakarra izango zara. Hala izan zinen azken Munduko Txapelketan ere.

Bai, pena da. Azken finean, waterpoloa gehienbat Katalunian eta Madrilen jokatzen da. Hona etortzen diren gehienak waterpoloa famatuagoa den eta maila handiagoa dagoen lekuetatik datoz. Garrantzitsua da hori jokalarien garapenerako.

Osasuntsu ikusten duzu waterpoloa Euskal Herrian? Nolako bilakaera izan du?

Ondo ikusten dut. Ni bertan jokatzen hasi nintzen, Navarra taldean. Talde asko daude, eta garrantzitsua iruditzen zait txapelketak antolatu eta waterpoloaren alde apustua egiten jarraitzea. Zenbat eta talde gehiago saiatu ligetan sartzen eta txapelketa garrantzitsuagoetan parte hartzen, orduan eta gehiago hobetuko da maila.

Taldean eta selekzioan jokalari garrantzitsua bilakatu zara dagoeneko.

Bai. Hala ere, hobetzen jarraitzeko tarte handia dudala uste dut. Taldeari gehiago lagundu eta hobeto joka dezaket. Hori da buruan izan behar dudan ideia.

Datorren urtean Tokion jokatuko dira Olinpiar Jokoak. Han ikusten duzu zure burua? Gogotsu zaude? Bigarrenak zenituzke, Rio de Janeirokoetan ere aritu baitzinen.

Olinpiar Jokoetan egotea da helburua. Gogotsu nago bertan izateko. Egutegian markatzen den ekitaldi bat da. Zaila izango da sailkatzea, baina borrokatuko gara, eta han egotea espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.