Xabi Oroz. Acunsa Gipuzkoa Basketeko jokalaria

«Guk izan behar dugu garbi nora irits gaitezkeen»

ACB ligara itzuli da Gipuzkoa Basket. Igo eta jaitsi ibiltzen den talde bat izateari utzi nahi dio, eta, nahiz eta uda ez den erraza izan klubarentzat, Xabi Oroz kapitaina itxaropentsu dago.

GIPUZKOA BASKET.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Gaur ekingo dio ACB ligari Gipuzkoa Basketek. Xabi Oroz taldeko kapitaina (Azkoitia, Gipuzkoa, 1996) «lehiatzen hasteko irrikaz» dago. Gaztea izan arren, ACBn jokatutakoa da, eta uste du esperientzia hori «lagungarria» izango dela bai kantxan, baita kanpoan ere.

Azkenean iritsi zaizue lehiatzeko eguna. Gogoz egongo zara, ezta?

Bai. Hainbeste hilabetez lehiatu gabe egotea gogorra da, eta dagoeneko partidan dugu arreta osoa.

Oso luzea egin al zaizu itxaronaldia?

Bai. Ez gaude ohituta hainbeste denbora geldirik egotera, eta lehiatu gabe egotea gogorra egiten da. Konfinamendua luze joan zen. Denboraldi-aurrearekin eta entrenamenduekin hasi ginenean hobe sentitu nintzen, baina entrenatzea eta lehiatzea ez dira gauza bera.

Liga Real Madrilen aurka hasiko duzue. Ez da aurkari samurra hasteko.

Liga honetan ez dago aurkari errazik. Egia da talde indartsua dela Real Madril, eta ez dela batere erraza izango. Baina konfiantza dugu guregan, eta egunero egiten dugun lan gauzak ondo egiteko, eta ahalik eta partida onena jokatzen saiatuko gara.

Nolako neurketa espero duzu izatea?

Egia da haiek txapelketa bat irabaztetik datozela [Espainiako Superkopa], eta lehiatzearen dinamika horretan gu baino gehiago sartuta daudela. Baina ahalik eta hobekien landu dugu Real Madrilen jokatzeko modua, partidan haien jokoa gelditu ahal izateko.

Etxean jokatzea egokitu zaizue, baina Illunbeko lanak ez daudenez amaituta, Miribillan jokatuko duzue. Arraroa egingo zaizue, ezta?

Bai, arraroa izango da. Baina horri ez dizkiot buelta gehiago eman nahi. Hori ez da gehien kezkatzen nauena, beste gauza batzuek lehentasuna izango dute partida irabazi nahi badugu.

Klubak zalantzaz betetako uda izan du. Duela hilabete ziurtatu zizueten maila gorenean jokatuko zenutela. Jokalariei asko eragin al dizue klubak ACBrekin izan duen borroka horrek?

Niri, pertsonalki, beste jokalari batzuei baino gutxiago. Nik banekien kontratua nuela taldearekin. Igo edo ez, ziurtatua nuen klubean jarraituko nuela. ACBn jokatzeko itxaropena nuen, eta horretan sinesten nuen. Klubak oso gogor egin du lan uda osoan. Kontratu gabeko jokalariek egoera berezi bat bizi dute.

Oso denbora gutxi izan duzue taldea prestatzeko. Orain dela bi hilabete eskas, zu bakarrik zeunden taldean.

Uste dut klubak beste jokalari batzuekin hitz egin zuela dagoeneko, eta egun batetik bestera, talde osoa aurkeztu ahal izan zuen.

Zortzi izan ziren iragarritako jokalariak. Aurretik ezagutzen al zenituen?

Bai, ezagutzen nituen. Haiekin harremanik ez nuen, baina banekien nortzuk ziren. Egia da batzuk beste batzuk baino gehiago ezagutzen nituela, elkarren aurka jokatu genuelako eta abar.

Nola ikusten duzu taldea?

Oraindik, talde moduan, osatzen ari gara. Fisikoki taldea egina dago, baina lan zailena geratzen zaigu, eta hori gure esku dago: elkar ezagutu, talde bat izan... Horrek bere denbora eskatzen du, eta horretan ari gara. Oso talde langilea gara: gogotsu ari gara entrenatzen. Pixkanaka ari gara gauza horiek ere lortzen.

Esan dituzun gauza horiek ondo lantzeko denbora nahikoa izan duzuela uste al duzu?

Egia da ez dugula denbora asko izan prestatzeko, baina lehen esan dudan bezala, orain horrelako gauzetan pentsatzea denbora galtzea besterik ez da. Ez du ezertarako balio gure aitzakiak denboraldia lantzeko izan dugun denboran oinarritzeak. Daukagun denboran pentsatu behar dugu, eta ez ez daukagunean. Dugun denbora aprobetxatu beharra daukagu talde dinamika on bat sortzeko, bakoitzaren jokatzeko erak ezagutu...

ACBn lehiatzeko prest ikusten al duzu taldea?

Bai. Liga hastera doa, eta jendea gogoz ikusten dut nik. Gainera, hainbeste denbora jokatu gabe pasatu eta gero, aparteko gogoekin gaude. Zaila izango da gogo horiek kontrolatzea. Honek ez du beste denboraldiekin zerikusirik, eta barruko gogo eta urduritasun hori kontrolatzea ez da lan erraza izango. Horri ere neurria hartu beharko diogu, baina nik jendea anbizioarekin ikusten dut.

Taldeko askok estreinakoz jokatuko dute ACBn.

Lehenengo aldiz jokatuko duten horietako askok beste liga batzuetan esperientzia dute. Egia da ACB asko eskatzen duen liga bat dela. Baina aurretik hemen jokatu izan dugunaren lana ere bada besteei laguntzea, eta erraztasunak ematea. Denok jarri beharko dugu gure partetik.

Askok itxaropen txikia dute zuengan, maila honetan esperientzia gutxi duzuelako eta talde gaztea zaretelako. Horrek zuen alde jokatu al dezake?

Gu gara zer garen jakin beharra dugunak. Besteek nahi dutena pentsatzeko eskubidea dute, baina gu gara elkarrekin lan egiten dugunak, eta guk dakigu noraino irits gaitezkeen. Besteek pentsatzen dutenak ez digu eragingo. Liga honetan taldeen arteko errespetu handia dago.

Gaztea izan arren, Gipuzkoa Basketeko kapitaina zara, eta ez da zure lehen aldia izango ACB ligan. Aurreko aldietako esperientziak zer esparrutan lagundu zaitzake?

Nik uste dut, azken urte hauetan, pertsonalki hazi egin naizela, eta horrek lasaitasuna emango didala bai jokatzeko, baita gauzak ulertzerako orduan ere. Gainera, eredu bezala izan ditudan kapitainak oso onak izan dira, eta haiengandik ikasitakoa orain errazago ulertzen dut. Kantxatik kanpo ere eredugarriak ziren, eta horrek lagundu egingo dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.