Pilota. Binakakoaren finala. Jose Javier Zabaleta. Aspeko pilotaria

«Finala ez da izango gure arteko azken partida bezalakoa»

Txapelketa ikusgarria egin du Zabaletak, eta makina bat laudorio jaso. Eskertu egin ditu, baina zehaztu du «kasu gutxi» egiten diela. Lana biribiltzea besterik ez du buruan.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Jose Javier Zabaletak (Etxarren, Nafarroa, 1991) sutan izan du sakelakoa azken egunetan. Ez du ezustean harrapatu. Badaki zer dakarren final bat jokatzeak: laugarrena du. «Polita» dela dio, «eta, batez ere, seinale ona».

Nola duzu gorputza finalaren atarian?

Lasai nago, eta oso pozik. Oso zaila da final batera iristea, are gehiago horrelako txapelketa batean. Eta Danelek eta biok lortu dugu.

Azken partida galdu izanak mesede egin diezazueke belarriak tente izateko?

Ez. Inoiz ez du mesede egiten galtzeak. Danel eta biok triste etxeratu ginen. Pena izan zen. Irabazi egin nahi genuen, baina haiei irten zitzaien ondo, eta guri, dena gaizki.

Ez zegoen ezer jokoan. Lasaiago jokatu zenuten?

Ez. Pilotariok beti eman nahi dugu barruan dugun guztia.

Egun txarra izan zenutela pentsatu behar da?

Bai. Ahaztu dugu, eta bete-betean ari gara finala ahalik eta ondoen prestatzen. Espero dugu igandekoak finalerdietako ligaxkako lehen bi partiden antza izatea, eta gure maila ematea.

Aurretik eginiko lan bikaina duzue helduleku.

Hala da. Oso pozik gaude egin dugun txapelketarekin: bikote ona osatu dugu, eta partida asko irabazi ditugu. Finalera ailegatzea izan ohi da zailena, eta lortu dugu. Orain lana biribiltzea falta da, txapela irabazita. Ea partida ona egin dezakegun.

Zein izan da gakoa?

Bikote ona osatu dugula, eta erregularrak izan garela. Oso ondo hasi ginen, aurreneko lau partidak irabazita, eta horrek konfiantza eman zigun. Sasoiz eta eskuz ere ondo ibili gara. Oso ondo ikusi dugu geure burua.

Duela lau urte, elkarrekin aritu zineten. Horrek lagundu egin du bikotea errazago egiten?

Bai. Orduan ere oso ondo aritu ginen. Finalerdietara iritsi ginen, baina zorte txarra izan genuen. Danel lesionatu zen, ez genuen gurea eman, eta finaletik kanpo geratu ginen. Oraingoan, aldiz, finalean gaude. Ea nola doan.

Finalera iristeko, bikoteko bi pilotariek aritu behar dute ondo derrigorrean. Hala ere, zu nabarmendu zara. Ikusgarri aritu zara. Jabetu zara horretaz?

Polita da jendea zutaz ondo esaka entzutea, baina, normalean, kasu gutxi egiten diet halakoei. Nire lana, nire bidea egiten saiatzen naiz. Horretan jarraitu behar dut.

Norbera da norberaren kritikorik handiena. Halakoxea zara zu ere?

Bai. Partidan zerbait gaizki egiten dudanean, asko gustatzen zait aste barruko entrenamenduetan gogor lan egitea, gaizki egindakoak hobetzeko. Ona da zeure buruarekin kritiko izatea, neurrian betiere.

Partida batzuetan, erabateko nagusitasuna erakutsi duzu. Zer sentitzen duzu kantxan eman eta eman ari zarenean?

Sentipen oso polita da. Oso gustura nabil azken lesioa osatu zitzaidanetik [11 hilabete egin zituen min hartuta 2015 eta 2016 artean]. Gozatzen ari naiz kantxan. Hori gutxi balitz bezala, ondo ari naiz. Horrek zoriontsu egiten nau.

Zure garairik onenean zaude?

Beste urte batzuetan ere ondo aritu naiz, binakakoan eta udako sasoian. Txapelketa onak egin izan ditut. Iaz Erikekin [Jaka] eta aurten Danelekin, biekin asko gozatu dut. Oso pozik nago egiten ari naizen lanarekin, baina saiatuko naiz lan hobeagoa egiten.

Erabateko heldutasunera iritsi zara: sasoiaz, joaz eta indarraz gain, eskarmentu handia duzu jada. Hobeto irakurtzen dituzu partidak?

Bai. Urteek eta partidek ematen dute esperientzia. Ikasi egiten duzu zer egin behar duzun une bakoitzean: noiz jo eta noiz eutsi. Garrantzitsua da hori guztia ikastea eta barneratzea.

Nola ikusi duzu bikotekidea?

Oso ondo. Bikotea egin dugu, eta hori da garrantzitsuena. Partida gehienetan ausart jokatu du, une oro jakinez zer egin behar zuen. Denok dakigu zer errematatzaile ona den, eta agerian geratu da hori. Defentsan ere ondo aritu da. Txapelketa osoa egin du.

Enpresak aurreko binakakotik kanpo utzi zuen. Hori dela eta, gogotsuago sumatu duzu?

Nik askotan jokatu dut harekin, eta beti sumatu diot gogo eta gose bera. Ez dut alderik nabaritu.

Igandean, laugarrenez jokatuko duzue Peña II.a-Albisuren aurka. Denetarik egon da zuen artekoetan: lehen bietan, haiek irabazi zuten, eta azkenekoan, zuek. Zer gertatuko da laugarrengoan?

Auskalo. Gogorra izango da, ziur. Oso aurkari indartsuak dira: sasoi betean daude, eta konfiantza handia dute. Partida guztiak ezberdinak dira, eta finala ez da izango azken neurketa bezalakoa. Gu gurea ematen saiatuko gara.

Azken partidan, zuk hautsi zenuen lehia. Zure lanaren araberakoa izango da emaitza?

Baita besteen araberakoa ere. Danelek eta biok badakigu irabazteko biok egin beharko dugula lan ona. Hamarreko lana egin ezean, ez dugu irabaziko. Haiek asko eta ondo jokatzen dute. Gaitasuna eta indarra dute partida beren alde jartzeko.

Azter itzazu aurkariak.

Peñari ez zaio sumatu lehen txapelketa zuenik, oso pilotari ausarta, indartsua eta konpletoa baita. Hasieratik aritu da konfiantza handiz. Eta zer esango dut Albisuren inguruan... Ikusgarri ari da: bi eskuekin ari da pilota gogor jotzen, eta sekulako konfiantza du. Gozamena da hura frontoian ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.