Nerea Arruti. Herri kirolaria

«Uste baino emaitza hobeak lortu ditut»

Bitik bi. Nerea Arrutik irabazi egin ditu Urrezko Aizkoran jokatu dituen finalak, kirol horretan hasi eta gutxira. Orain, hilaren 18ko binakako pentatloian jarria du arreta.

JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Nerea Arrutik (Urnieta, Gipuzkoa, 1990) bikain ekin dio herri kiroletako ibilbideari. Aizkoran probatu eta hilabete gutxira jantzi zuen estreinako txapela, martxoan, eta joan den igandean bururatu zuen bigarrena. Urrezko Aizkorako txapelketa irabazi zuen Azpeitian (Gipuzkoa), Nerea Sorondo eta Laiene Pikabea menderatuta. «Lanean segitzeko bultzada da», dio.

Zure aizkorako bigarren finalean jantzi duzu zure bigarren txapela. Zer sentitzen duzu?

Emozio handia. Ez nuen espero; lehen enborra bukatu nuenean, esan nuen: «Lehendabizikoa egin dut». Lehen proba horren ostean, beste bi enbor ebaki behar genituen, eta, bigarrenean, Nerea Sorondo bakarrik entzuten nuen. Oso urduri jarri nintzen, eta azken enborra oso gaizki moztu nuen. Baina, amaitutakoan, sekulako emozioa izan nuen; familia osoa eta entrenatzailea etorri zitzaizkidan gogora.

36 ontzako hiru enbor ebaki zenituzten. Bizitasuna izan al zen gakoa?

Niretzat, lan gutxi da. Igandean larri samar ikusi nuen neure burua, katarroarekin-eta nenbilelako, baina, niretzat, zenbat eta lan luzeagoa izan, orduan eta hobeto.

Sorondori 34 segundo atera zenizkion. Dezentekoa da, ezta?

Aldea da, baina, beste pare bat huts eginez gero, segituan egongo litzateke nire gainean. Huts dezente egin nituen, baina 34 segundo horiek ematen didaten sentipena da beste gauza bat uste izan arren ez zela horren gaizki atera. Neure buruaz harro nago oraintxe bertan, are gehiago Nerea Sorondori irabazita.

Hain justu, martxoan Sorondorekin batera irabazi zenuen binakako txapelketa. Lortutako emaitzak espero baino hobeak al dira?

Bai, uste baino emaitza hobeak lortu ditut. Sorondorekin hasi nintzenean, esan nion: «Barka iezadazu; hasiberria naiz, eta ez dakit nola moldatuko naizen». Entrenamenduetan-eta hobeto aritzen naiz; neure burua jendaurrean ikusita... Halere, gauzak geroz eta hobeto ateratzen ari dira, eta gustura nago.

Gainera, lanean segitzeko akuilu izango dira txapelak.

Bai, ziur. Pentatloiari begira hasi nintzen aizkoran. Hilaren 18an daukagu pentatloia. Gabrielekin hasi nintzen [Saralegi, aizkolari ohia], eta ez nuen uste horrenbeste gustatuko zitzaidanik. Norbere burua geroz eta hobeto ikustean saio politagoak egiten dira, eta hobeto zaude. Ez nuen pentsatzen Urrezko Aizkora txapelketan parte hartzerik; Gabrielek baietz esan zidan. Hark konfiantza osoa zuen nigan, eta ondo atera da. Ea aurrerantzean zer gertatzen den, baina segitzeko ilusioa dut.

Urte erdi pasa daramazu herri kiroletan. Nola egin duzu urratsa?

Crossfit-ean aritzen nintzen Donostian, eta Gipuzkoako Herri Kirol Federaziokoak etorri ziren saio bat egitera. Batez ere, harri jasotzen aritu ziren, eta Ostolazak-eta [Joseba] ondo ikusi ninduten harriarekin. Haiekin entrenatzera joan nintzen pare bat egunetan, eta Amalurrekin topo egin nuen [Arbelaitz, herri kirolaria]. Harekin egingo dut binakako pentatloia. Hark esan zidan pentatloiarena, eta elkarrekin hasi ginen. Leitzara joaten gara astean behin edo bitan, Gabrielekin entrenatzera. Horrela izan zen; bat-bateko kontua izan zen, eta oso gustura nabil.

Aizkora al da pentatloiko modalitaterik zailena?

Teknikoki gehien behar duena da. Harriak ere badu zailtasuna, baina aizkorak du zailtasunik handiena. Horretan ikusten nuen neure burua okerren, eta lehentasuna eman diot. Agian, ondo etorri zait.

Zer moduz daramazue pentatloirako prestaketa?

Dudan hasi ginen. Harriak 63 kilo ditu, ez genekien aizkoran... lehen egunak eskasak izan ziren. Etxera bueltan pentsatzen nuen ez zela niretzat. Asteak igarota, elkarrekiko konfiantza horrekin, oso ondo ikusten dugu geure burua. 18an ahal duguna egingo dugu, baina lana emango dugu.

Beraz, irabaztea da helburua?

Helburua bai, baina ikusiko dugu. Besteak ere oso indartsu daude, eta entrenatzen ariko dira. Duguna emango dugu, ziur; Amalurrek, nik bezala, zerbait buruan sartzen zaionean, ez du etsitzen.

Zure ezaugarriak kontuan hartuta, zer datorkizu ondoen, aizkorako espezialitatea, edo pentatloiko bost kirolak uztartzea?

Uste dut agian hobeto ariko naizela pentatloian. Fisikoki gehiago eskatzen du, bost modalitate dira, eta neure burua hobeto ikusten dut. Baina ez dakit; orain, aizkoran txapela irabazi ondoren, bestela ikusten dut. Halere, bost kirol izanda, nik uste egokiagoa dela niretzat.

Probek crossfit-aren antz handiagoa dutelako?

Bai. Crossfit-ean indar handia behar da, eta fisikoki asko eskatzen du. Pentatloia horregatik ikusten dut egokiago: antz handia dute. Karmele [Gisasola, Zelai III.a] eta Lucia [Orbe] ere crossfit-ean ari dira. Zerbaitengatik da hori.

Aurrez, judoan aritu zinen, maila onean aritu ere.

Bai. Urteak egin nituen judoan. Usurbilen aritzen nintzen. Ondo moldatzen nintzen.

Zer aurkitu duzu herri kiroletan? Zerk erakarri zaitu gehien?

Giroa izugarri polita da. Kirol giroaren falta sumatzen nuen, eta herri kiroletan aurkitu dut hori. Lagun asko egin ditut, eta motibazioa ere topatu dut. Ezjakintasunez hasi eta zerbait lortzea bizio baten parekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.