Kauldi Odriozola. Naoned eskubaloi taldeko jokalaria

«Txikitako ametsa betetzen ari naiz: onenekin jokatzea»

Gaur hasiko da Munduko Txapelketa, Suedian eta Polonian. Hiru euskal jokalari ariko dira, Espainiarekin: Kauldi Odriozola, Imanol Garziandia eta Iñaki Peciña. Odriozola pozik dago, uste baitu iazko Europako Txapelketan baino gehiago jokatuko duela.

«Txikitako ametsa betetzen ari naiz: onenekin jokatzea».
Julen Etxeberria.
2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Espainiako selekzioko kideak Krakovian daude (Polonia); tartean dago Kauldi Odriozola (Zumaia, Gipuzkoa, 1997). Han jokatuko dute lehen ligaxka, eta, sailkatzen badira, baita bigarrena ere. Bihar dute lehen partida, Montenegroren aurka (20:30, Teledeporte).

Iaz, lehen aldiz Europako Txapelketa jokatuta ekin zenion urteari; aurten, berriz, lehen aldiz ariko zara Munduko Txapelketan. Ohitzen ari zara?

Bai, eta oso pozik nago halako aukerak izateagatik. Sekulakoa da halako txapelketa handiak jokatzea. Gainera, iazkoaren aldean, itxura du gehiago jokatuko dudala. Iaz, Ferran [Sole], Aleix [Gomez] eta hirurok ginen eskuin hegalean jokatzeko, eta gutxi jokatu nuen. Aurten, ordea, Aleix lesionatuta dago, eta, hori dela eta, beste egiteko bat izango dut taldean.

Iaz oso gutxi jokatu zenuen: zortzi partidetatik bakarra. Espainiak zilarra irabazi zuen. Horren gutxi jokatuta ere, domina zurea ere bazela sentitu zenuen?

Bai, noski. Nahiz eta gutxi jokatu, haiekin egon nintzen, haiekin entrenatu nintzen; beste bat gehiago izan nintzen. Niretzat, oso garrantzitsua da bai iaz, bai orain, onenekin jokatzea; txikitako ametsa betetzen ari naiz; oso zoriontsua naiz.Oso zaila da, eta, horregatik, gutxiago edo gehiago jokatu, balio handia ematen diot.

Egitekoa aldatuko zaizula esan duzu. Baita ardura ere?

Gehiago jokatzen badut, ardura handiagoa izango dut. Baina, orain arte, antzeko denbora ari gara jokatzen jokalari guztiok. Hala ari gara Ferran eta biok ere. Jokatu dudanean, gustura aritu naiz, konfiantzaz. Horregatik, txapelketa hasteko gogoz nago.

Zer itxura hartzen diozu txapelketari?

Oso gogorra eta estua izango da; sekulako maila dago. Danimarka, Frantzia, Espainia, Alemania, Islandia, Suedia... urtero lehian aritzen diren selekzio indartsu asko daude.

Montenegro, Txile eta Iran izango dituzue aurkari lehen ligaxkan. Zer iritzi duzu?

Montenegroren aurka jokatuko dugu lehenbizi, eta oso lehia gogorra izango da. Gero, Rodrigoren eta Estebanen Txileren aurka ariko gara [Salinas anaiak: Rodrigo Bidasoan ari da, eta Esteban Bidasoan aritu zen]. Kontuan hartzeko selekzioa da, baita Iran ere. Selekzio guztiek egin dituzte merituak hemen jokatzeko. Irabazteko, ondo aritu beharko dugu.

Zer helburu du Espainiak?

Pausoz pauso joan nahi dugu. Aurrena, lan ona egin nahi dugu lehen ligaxkan; eta, gero, aurrera egin ahala, ikusiko dugu noraino irits gaitezkeen. Ea urruti den.

Iaz Europako txapeldunorde izan zen selekzioko hamahiru jokalari ariko zarete. Oinarri ona da hori?

Bai. Iaz, aldaketa handia izan zen, Tokioko Olinpiar Jokoak amaitzean hainbat jokalari garrantzitsuk utzi baitzuten selekzioa. Belaunaldi aldaketa egon zen, eta jokalari asko lehen aldiz aritu ginen txapelketa garrantzitsu batean. Aurten, ordea, ez da egon horrenbeste aldaketa, eta askok esperientzia handiagoa dugu. Talde polita dugu, eta ondo ari gara.

Belaunaldi aldaketa egin da?

Horretan ari gara. Beti da zaila belaunaldi aldaketak egitea, are eta gehiago Espainiaren kasuan, aurrekoak oso emaitza onak lortu zituelako. Iaz, oso emaitza ona lortu genuen Europako Txapelketan, eta beste horrenbeste egin nahi dugu orain. Zaila izango da, baina saiatuko gara.

Lehen txapelketa duzu Bidasoa utzi eta Naonedera joan zinenetik. Zer moduz moldatu zara talde berrian?

Oso ondo; oso gustura nago han. Bete-betean ari gara Txapeldunen Ligan, eta hirugarren gara Frantziako Ligan, liderrarengandik bi puntura baino ez. Egunerokoan ere oso gustura nabil: hango bizimodura egokitu naiz, eta gustatzen zait hiria.

Hasiera izan ohi da okerrena. Zer moduz egokitu zinen?

Ondo, erraz. Hara joan aurretik banuen kezka ea nola moldatuko nintzen, baina hasieratik oso gustura sentitu nintzen; taldekideek asko lagundu zidaten. Hizkuntza traba edo muga izan zitekeen, baina gaztelania dakiten hainbat jokalari daude taldean, eta horrek erraztu egin dit egokitzapena. Taldekide asko ez nituen ezagutzen, baina segituan egin nuen harremana haiekin. Esperientzia oso ona da, eta oso gustura nago.

Kosta egin zitzaizun etxea uztea. Merezi izan du?

Bai, dudarik gabe. Bidasoan oso gustura nengoen: talde ona genuen, eta Europan ari ginen jokatzen. Baina Naoned koska bat gorago dago: Txapeldunen Ligan bete-betean lehiatzeko aukera dut han. Hobetu egin nahi dut, eta Naoned toki aproposa da horretarako. Bete-betean asmatu dut hara joanda.

Nolako kluba da?

Alde handia dago Bidasoarekin konparatuta. Hasteko, askoz aurrekontu handiagoa du [zortzi milioi euro inguru, eta Bidasoak milioi bat pasatxo]. Horri esker, baliabide gehiago ditu, eta lana egiteko era ere bestelakoa da;askoz profesionalagoa da. Kirol arloan ere aldea dago: oso talde indartsua da, mundu osoko jokalariak ditu, eta horietatik askok selekzioen arteko txapelketak jokatzen dituzte.

Eta zuk nola ikusten duzu zeure burua horien artean?

Ondo; oso gustura ari naiz: asko jokatzen ari naiz, eta garrantzitsua sentitzen naiz. Horixe nahi nuen, eta, oraingoz, hala da. Oso pozik nago.

Frantziako Ligan funtsezkoa da arlo fisikoa. Hala da?

Bai. Oso jokalari indartsuak daude. Maila handia dago, gainera: oso jokalari onak daude. Aldea dago Asobal ligarekin konparatuta.

Pabiloi handi asko daude, eta bete egiten dira. Nolakoa da halako pabiloi batean jokatzea?

Gozamena da. Artalekun sekulako giroa egoten da, baina 2.000 lagun sartzen dira bertan, eta gure pabiloian, 6.000 inguru. Bete egiten da beti; ikusgarria da.

Lehen titulua irabazi duzu: Frantziako Txapeldunen Torneoa.

Bai, eta PSGri irabazita; sekulako taldea da. Oso polita izan zen.

Aldea dago Bidasoarekin edo Naonedekin Txapeldunen Liga jokatu?

Bai. Bidasoarekin jokatu nuenean, lehiaketa sistema ez zen oraingoa. Orain, talde gutxiago ari gara, eta mailak gora egin du. Hala ere, bete-betean ari gara zenbait talde handirekin lehian. Kieli, Aalborgi eta Kielceri irabazi diegu, eta nor baino nor gehiago aritu ginen Bartzelonarekin partida amaitu arte. Sekulakoa da telebistan pila bat aldiz ikusi dituzun munduko jokalari onenen kontra aritzea, eta zer esanik ez haiei irabaztea.

Zer helburu ditu taldeak?

Batetik, Txapeldunen Ligan, kanporaketetarako sailkatzea. Bide onean gaude: laugarren gara multzoan, eta sei sailkatuko dira. Bestetik, Frantziako Ligan, ahalik eta goren geratu nahi dugu, berriro Txapeldunen Ligarako sailkatzeko. Ondo ari gara orain arte: hirugarren gara, eta bigarren itzuli osoa falta da jokatzeko.

Argi dago oso gustura zaudela, baina herrimina baduzu?

Lau hilabete besterik ez da pasatu. Gabonetan etxean egon naiz, baina nahi baino gutxiago, partidak direla eta. Batzuetan, familiaren eta lagunen falta sumatzen dut, baina oso gustura nago, eta, horri esker, nahiko ondo daramat etxetik kanpo egotea.

Bidasoaren berri baduzu? Zer iritzi duzu egiten ari den lanaz?

Asko jarraitu dut; hainbat partida ikusi dizkiot. Lehen itzuli zaila izan du, baina denboraldia luzea da, eta seguru nago Europarako sailkatzeko aukera izango duela.

Zuk egin bezala, etxeko beste jokalari batek erabaki du taldea uztea: Jon Azkue kapitainak. Gomendioa eskatu zizun?

Galdetu zidan ea gustura nengoen, eta baietz esan nion. Baina berak hartu beharreko erabakia zen. Kanpora joatea erabaki du, beste esperientzia batzuk bizitzeko. Klub berean ibilbide osoa egiten duten jokalari gutxi daude.

Hiru euskal jokalarik jokatuko duzue Munduko Txapelketa, eta hirurak atzerrian ari zarete: Peciña eta zu, Frantziako Ligan, eta Garziandia, Hungariakoan. Atzerrira joan beharra dago aurrerapausoa emateko?

Nire iritziz, bai. Selekzioan ari garen hemezortzi jokalarietatik bakarra baino ez dago Espainiako Liga jokatzen [Gonzalo Perez de Vargas Bartzelonako atezaina]. Agerikoa da baietz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.