Unai Laso. Baikoko pilotaria

«Ander konfiantzaz aritzen bada, ni ondo ariko naiz berriro»

Lasok esan du hura eta Imaz «iaz baino gorabeheratsuago» aritu direla, baina, gaizki edo ondo jokatu, «garrantzitsuena» dela berriz finalerdietan daudela. «Eta, orain, hutsetik hasiko gara».

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Estatistika bikaina du Unai Lasok binakakoan (Bizkarreta-Gerendiain, Nafarroa, 1997): hirutan jokatu du, eta hiruretan aritu da gutxienez finalerdietako ligaxkan. Gogotsu dago: «Indarra eman digu kanporaketa irabazteak».

Gaur hasiko da binakakoaren finalerdietako ligaxka. Hutsetik hasiko zarete denak?

Bai. Atzean utzi dugu lehen ligaxkan gertatutakoa, eta, orain, aurrera begira gaude, lehen partidari begira. Gogotsu gaude.

Eta sasoiko?

Ondo gaude. Azken neurketan ez nuen ondo jokatu, baina Ander oso ondo aritu zen. Hura konfiantzaz aritzen bada, ni ondo ariko naiz berriro. Finalerdietako partidak tentsio handikoak dira, eta burua ondo izan behar da. Konfiantzaz aritzen bagara, gure lana ondo egin dezakegu.

Kanporaketa irabazi izanak eta moduak indartu egin zaituzte? Atzetik aurrera egin zenuten.

Batetik, mesede egin diezaguke jokatu izanak, lehiaren erritmoari eusteko; baina, bestetik, aurkariei mesede egin diezaieke atseden eduki izanak; ezin da jakin. Guri indarra eman digu kanporaketa irabazi izanak.

Zer pentsatu zenuen garaipenaren tantoa egin zenuenean?

Azkenean, gantxo bat sartu nuela! Asko arriskatu nuen, eta, huts asko egin; askotan jo nuen txapa, eta hori zorte txarra da. Baina irabazi egin genuen. 21-19 joan ginen galtzen, eta gai izan ginen emaitza iraultzeko. Lasaitua hartu genuen; asko zegoen jokoan.

Finalerdietako ligaxkarako sailkatzea zen lehen helburua?

Bai. Iaz bezala, finalerdietako ligaxka jokatu nahi genuen. Lortu dugu, eta, orain, gozatu egin nahi dugu; erronka oso zaila da, aurkari izugarriak baitaude. Partidaz partida joan nahi dugu. Tentsio ikaragarria egongo da. Ea nola kudeatzen dugun.

Iazkoaren aldean, gorabeheratsuago aritu zarete. Ados?

Bai, baina toki berean amaitu dugu. Partida oso onak eta ez hain onak egin ditugu. Gaizki edo ondo jokatu, finalerdietan gaude, eta txapelketa berria hasiko da. Sentipen onekin ekin behar diogu.

Bigarren urtez jarraian ari zarete elkarrekin Imaz eta zu. Horrek abantaila izan behar luke?

Mesede egiten du: elkar ezagutzen dugu. Baina ez daude bi txapelketa berdin, eta gauza asko gerta daitezke; adibidez, Anderrek mina izan du eskuetan, eta ni ez naiz aritu askotan nahi bezain ondo. Baina kito. Aurrera begira gaude. Ea orain gure jokoa ateratzen dugun.

Zergatik ez zara aritu nahi bezain ondo?

Ez dakit, bolada kontua izan daiteke; iaz, hobeto nengoen jokoz. Baina uste dut finalerdietan nire jokoa egin dezakedala.

Animatuagoa zaude? Txinpartarekin?

Animatua beti, baina ea zer gertatzen den lehian. Baina ondo nago.

Bihar jokatuko duzue lehen partida, Jokin Altunaren eta Xabi Tolosaren aurka, Gasteizen. Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Oso gogorra. Bitan jokatu genuen ligaxkan: bat, irabazi egin genien [22-19, Atanon]; bestea, ordea, erraz galdu genuen [22-8, Astelenan]. Partida guztiak ezberdinak dira, baina Altuna tartean egonda, oso gogorra izango da, ziur. Tolosa ere oso ondo ari da, oso sendo, pilotari emanez eta ezkerrarekin oso seguru eta pilota asko kenduz. Baina beti diot gauza bera: gure jokoa egiten badugu, edonori irabaz diezaiokegu. Ea hala den.

Altunaren aurkako partida guztiak dira bereziak?

Bai, pilotaririk erregularrena baita; ia beti ematen du berea. Beraz, hari irabazteko bete-betean aritu behar da. Oso zaila da hari irabaztea, baina lortu izan dugu. Badakigu irabaz diezaiokegula.

Pilota aukeraketan, bata besteari faborito rola emanez aritu zineten. Nor da faboritoa?

Txapelketaren hasieran, agian gu, txapeldunordeak ginelako. Baina, orain, haiek: bigarren sailkatu dira ligaxkan. Baina edozer gerta daiteke.

Bi bikoteek oso argi duzue egitekoa: aurkariaren aurrelaria saihestu eta atzelaria kargatu.

Hala da; ez dago misteriorik. Altuna aurrean dago, eta nik min egin dezaket atzean eskuinarekin. Gero, arriskatu egin beharko dut, eta aurrean asmatu.

Iaz, galdu egin zenuten ligaxkako lehen partida, eta, halere, finala jokatu zenuten. Garrantzitsua da, baina ez erabakigarria?

Garrantzitsua da irabaziz hastea, baina, gero, edozer gerta daiteke. Orain, aurreneko partida irabaztea besterik ez dugu buruan.

Zer iritzi duzu beste bi bikoteen inguruan: Elordiren eta Zabaletaren, eta Peña II.aren eta Mariezkurrena II.aren inguruan?

Mariezkurrena oso ondo dago;garaiz jarri da sasoi betean. Oso sendo ari da, eta asko ematen ari zaio pilotari. Zaila izango da hari aurre egitea. Elordi eta Zabaleta, berriz, bikoterik onena izan dira orain arte; oso erraz aritu dira. Ea finalerdietan nola aritzen diren.

Argi duzu nor nahi duzun egotea finalean, ezta?

Gu eta Jon; laguna dut, eta ilusio handia egingo zidan finala haren aurka jokatzeak. Baina, lehenbizi, gu, eta gero, besteak.

Aurki urtebete egingo duzu buruz buruko txapeldun gisa. Nola ari zara bizitzen?

Hasieran, arraro ikusten nuen neure burua, baina, orain, ohitu egin naiz. Ez diot horri buelta askorik ematen.

Zer da txapelduna izateak duen gauzarik politena?

Jendearen babesa. Pribilegiatutzat dut neure burua; txikitako ametsa bete dut. Orain, egunez egun gozatu nahi dut.

Badu zerbait txarrik?

Onekin bakarrik geratu nahi dut.

Txapeldun izan diren gehienek diote horren akituta bukatu zutela ezen pilota gosea galdu zuten. Zuri gertatu zaizu hori?

Ez. Baina gora egiten duen denak behera egiten du gero. Baina aspaldi irabazi nuen txapela; ez dut horretan burua orain. Etorriko da gero buruz burukoa, eta bete-betean ariko naiz berriro.

Osasuntsu egotea da lehentasuna?

Dudarik gabe; udan, nahi baino gehiagotan hartu nuen min.

Eskuin belauneko minak behartuta, Iker Irribarriak pilota utzi berri du, 26 urte eskasekin. Zer pentsatua ematen du horrek?

Bai, noski. Halakoek balio digute pribilegiatuak garela konturatzeko, eta egunerokoa gehiago baloratzeko eta gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.