Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: eguneko erreportajea

Zain dauka 'bere' bihurgunea

2010ean, 2011n eta 2012an Samuel Sanchezek irabazi zuen Arrateko etapa, Euskal Herriko Itzulian. Oroitzapenen kaxa astinduta, igoeraren azterketa zehatza egin du BERRIArekin.

Samuel Sanchez (BMC), irribarretsu, Ordizian, Euskal Herriko Itzulia abiatu aurretik. GOTZON ARANBURU / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Urdazubi
2014ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Ia ezinezkoa da leku berean hiru aldiz jarraian irabaztea». Horregatik da hain neurriz kanpokoa Samuel Sanchezen balentria (Oviedo, Espainia, 1978). 2010, 2011 eta 2012. Bat, bi eta hiru. Hiru kolpe eder eman zizkion Euskal Herriko Itzuliari Arrateko santutegira bidean. Igoeraren jaitsieran eman ere. Orduko 50 kilometroko abiaduran. Haren izena hartu du helmugara bidean dagoen azkenaurreko bihurgune itxi eta itsuak. «Ezagutu beharrekoa da bihurgune hori, beldurtzeko arriskua dagoelako bestela». BMCkoaren hitzetan, ordea, bihurgune horren aurretik Usartza gainera oso larri iritsiz gero, «gorriak» ikusteko arriskua egoten da gero. «Arrateko igoeran oso garrantzitsua da ordeka, eta indarrak gorde beharra dago zati horretarako».

Euskal Bizikletako adibidea jarri du jaitsieraren gogortasuna azaltzeko. «Gogoan daukat Igor Anton ihes eginda zihoan urte batean, Eros Capecchi nola iritsi zen atzetik eta etapa eta lasterketa nola lapurtu zizkion». 2008an izan zen. Amaiera harrigarria eginda, zazpi segundoren aldea atera zion italiarrak galdakoztarrari. Etapan eta sailkapen nagusian.

«Mendatean amaitzen den edozein etapatan ohi baino urduriago egoten gara guztiok beti tropelean». Eta zer esanik ez aurtengo itzulian. «Bigarren galbahe argia egingo duelako Arrateko igoerak». Gaintzak egin zuen lehenengoa. Astelehenean. Uste baino handiagoa. «Eta erlojupekoan, benetan, zeintzuk lehiatuko diren argituko da Eibarren». Samuel Sanchezen begietara, igoerak, bere orokortasunean, ez dauka sekreturik. «Gogorra da, serioa, eta indarrek agintzen dute beti».

Amaierako sasi-ordeka baino zerbait gehiago delako Arrate. «Lehen zatia da gogorrena». Hortxe azalpena. «Lehen bi kilometroetan daude aldaparik tenteenak. Ondoren batez bestekoak jada ez dira hain altuak, baina nekea pilatuta egoten da ordurako». Bi aldiz igotzen dutelako Usartza. «Mendiko pankartapera iritsi aurretik ezkerrera bihurgunea hartzen da lehenengo, eta Ixua igotzen dugu hor. Gogorra da zati hori». Eta jaitsiera azkar baten ondoren, «Eibarren, kale artean, kokapen lan handia eginda» ekiten diote beti azken igoerari. «Etapa amaiera, nekea, urduritasuna... Tentsio ikaragarria egoten da azken igoerari ekin aurreko kilometro horietan».

Hori bai, Samuel Sanchez urduri jarriko duenik ez dago. Ia urtero, tropel nagusiaren atzeko aldean egoten da Arrateko azken igoeraren lehen zatian. Eta ondoren agertzen da, erdi dantzan, santutegira bidean mirariren bat gertatu izan balitz bezala. Barrez erantzun dio hausnarketa horri. «Ez dakit... Eduki daiteke taktika jakin bat buruan, baina hanka onak behar dira Arraten aurrean ibiltzeko. Hanka onik gabe ezinezkoa da garaipenaren lehian sartzea edo taktikaren bat baliatzea». Hala ere, aitortu du odol hotza edukitzea gustatzen zaiola. «Hala egiten dut sasoi puntu onean nagoen gehienetan». Baina taktika bakarra da arrakastatsua: «Irabazten laguntzen dizuna».

Urte bakoitzeko garaipena aztertzen hasita, gakoa «unean uneko egoeraren hausnarketa azkarra egitea» dela uste du. «Momentu horietan pentsatzea bera zaila izaten den arren, ezinbestekoa da». Robert Gesink eta Chris Horner ondoan zituela helmugaratu zen 2010ean; Joaquim Rodriguez eta Horner bera ondoan zituela 2012an; eta multzo handiagoan 2011n. Orain bi urte hamabi segundora iritsi zen faboritoen talde nagusia, eta haren lehen garaipen urtean, 2010ean, 33ra. «Arraroa da hainbesteko aldeak egotea, eta geroz eta txikiagoak izango direla uste dut». Kataluniako Voltako etaparik gogorrenetara jo du azalpena osatzeko. «Bertan ikusi genuen mendiko etapa zailenetan zazpi segundoren aldea besterik ez zela izan lehen hiruren artean». Gaur antzeko zerbait gerta daitekeela uste du. «Aurrean doazenak elkarri begira edo erasoka hasten direlako ia beti, etapa garaipena buruan. Eta atzekoak ahalik eta gehien gerturatzen saiatzen direlako». Horregatik da hain zaila Arraten gora eta behera izaten den jokoa.

Esker on hitzak zaleentzat

Gaintzako aldapa beldurgarrian gertatu zen modu berean, urtero-urtero jendetza handia pilatzen da Arrateko maldetan. «Eta horrek are bereziago bihurtzen du igoera. Ikaragarria izaten da. Frantziako Tourraren traza hartzen du beti igoeraren azken zatiko zuzenguneak». Bai euskal herritarrek eta bai atzerritarrek, den-denek esker on hitzak izaten dituzte urtero behin Arrateko etapa amaituta. «Eta gure taldea, Euskaltel-Euskadi, tartean ez dagoen arren, aurten ere antzera sentitzea espero dugu».

Talde aldaketa hizketagai hartuta, «egokitzen» ari dela argitu du. «Eta oso gustura nago». Samuel Sanchezek hamazazpigarren lehiaketa eguna izango du gaurkoa BMCrekin. «Egun bakarrekoetan lehiatu naiz, astebeteko batean... Zoratzen nago». Ez delako gutxiagorako. «Espero bezala», sailkapen nagusiko lehiatik kanpo geratu zen Gaintzan, Alberto Contador liderrarengandik (Tinkoff-Saxo) 58 segundora. «Baina aurrean ibiltzeko aukerarik txikiena baldin badaukat, baliatzen saiatuko naiz».

Zerbait egiteko asmoa daukan seinale. Itxura pixka bat egin, erreakzionatu, santutegiko mirariaren ukitua jaso, jaitsieran erritmoa bizitu, bihurgune itxi eta itsuan begiak itxi, eta lau hatz erakutsiz gozamena ukitu. Samuel Sanchezen ametsetako baten irakurketa zen hori. Eta amets asko bihurtu zaizkio errealitate bere ibilbide oparoan. Arrate gainean zain dauka bere bihurgunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.