Andaluzia: galerarik eza ere bada garaipen bat

PSOEk eserleku kopuruari eutsi dio, eta PPk azken 25 urteotako beherakada handiena izan du.Oposizioa zatituta egonda, bakarrik gobernatzeko «egonkortasun» aski baduela adierazi du Diazek

Andaluzia: galerarik eza ere bada garaipen bat.
Samara Velte.
2015eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Konforme gelditzeko moduko emaitza lortu du Andaluziako PSOEk asteburuko bozetan. Botoetan aurrekoetan baino kaskarrago ibili arren —%39tik %35era jaitsi da—, ez du eserlekurik galdu, eta, garrantzitsuagoa zaiona: lehiakide nagusiak azken mende laurdeneko beherakada handiena izan du. PPk hamazazpi eserleku galdu ditu, eta 33rekin gelditu da, PSOE baino dezente atzerago. Benetan gora egin dutenak bi alderdi berri izateak —Podemos eta Ciudadanos— ere ez du gehiegi kezkatu Susana Diaz, Andaluziako alderdi sozialistako burua: hark postuari eutsiko dio, eta «egonkortasun handiagoarekin», gainera.

Diazen alderdiari zortzi eserleku falta zaizkio gehiengo osora heltzeko, eta gainerakoek errezeloz begiratzen diote azken hiru urteotan Andaluziako presidente izan denari. Hala ere, baikor mintzatu da hauteskundeen biharamunean: «Bakarrik gobernatuko dut». Egonkortasun berri hori oposizioaren zatiketatik datorrela ekarri du gogora: «Bi modu bakarrik daude gobernuaren asmoak trabatzeko: PPk eta Podemosek bat egitea, edo guztiek gobernuaren aurka jotzea». Oraingoz, oposizioak ez du asmorik adierazi gobernuko koalizio alternatibo bat sortzeko, baina ezta Diazen izendapena babesteko ere. Podemosetik ere ohartarazi dute «nekez» bozkatuko dutela presidentearen alde, «sakoneko aldaketak» abiatu ezean.

Hiriburuko kezkak

Hainbat arrazoi direla medio piztu dute Andaluziako hauteskundeek halako ikusmina, Madrilen batez ere. Ez soilik Espainiako autonomia erkidego nagusia delako boto-emaileetan; datozen hilabeteotan etorriko diren hauteskunde sailaren lehenbiziko atala izanik, hurrengoetarako joerak neurtzeko balio behar zuen. PSOEn ospatu egin dute eserlekurik ez galdu izana. Pedro Sanchez idazkari nagusiarentzat, gainera, lasaitu bikoitza izan da: Andaluzian irabazita, bertan geratzeko asmoa adierazi du Diazek, eta ukatu egin du Espainiako Gobernurako bozetara aurkezteko asmoa. Sanchezek gogo onez onartu dio; Diaz lehiakide zaila zatekeen harentzat.

PPn azalpen ugari topatu dizkiote euren Andaluziako kideen porrotari. Batzuek komunikazio faltari egotzi diote errua; besteek, Juanma Moreno hautagaiaren ospe txarrari, Mariano Rajoy presidenteak berak aukeratu zuelako. Rajoyk argudiatu du «krisi garaian gobernatzearen ahidura» izan dela kausa, eta Andaluzian jasotako kolpea ez duela jasoko gainerako hauteskunde barrutietan. Kontuak kontu, Espainiako bi alderdi nagusiek, batuta, botoen %20 galdu dituzte duela hiru urteko hauteskundeetatik.

Alderdi biko sistemaren amaiera espero dutenek pozik hartu dute emaitza, eta Madrilgo paisaia politiko herdoilduan zabal litekeen arrakalaren muturtzat jo dute Andaluzia, nahiz eta, teknikoki, autonomia erkidego horretan ez den araua horren zorrotz betetzen. PSOE eta PPz gain, IU Izquierda Unidak ere muturra sartua du bertako instituzio politiko nagusietan. Hark Andaluzian ditu afiliatu gehien, eta aurreko agintaldian gobernatzeko ezinbesteko akuilu izan zen Diazentzat. Baina koalizioak ez dio mesederik egin botoetan, eta hamabi diputatutik zazpi galdu ditu; Andaluzian sekula jasotako emaitza kaskarrena du aurtengoa. Autonomia Erkidegoko erabakietan eragin handi samarra izatera ohitutako alderdiak periferiara ohitu beharko du berriz, baina ez da hori IUren kezka nagusia. Larriagoa da ikustea inkestek iragartzen zutena betetzen ari dela: beste alderdi bat ari dela haren lekua hartzen. Podemosek ez du lortu iragarpen baikorrenek ziotena bezain emaitza ona, baina bai duina: lehenbiziko aldiz aurkeztuta, parlamentuko hirugarren indarra izango da. «Emaitza historikoa da, baina ez da nahikoa gizarte aldaketarako prozesua gure kabuz eramateko», onartu du Carolina Bescansa alderdiko Analisi Politiko eta Sozialerako idazkariak. Ohartarazi du, dena den, Andaluzia ezin litekeela estatu osoaren islatzat jo, eta Podemosek aukera gehiago dituela maiatzeko bozetan.

Nondik begiratzen zaion, desberdina da asteburuko bozen irakurketa. Podemos eta IU batuta, PSOE baino ezkerreragoko koalizioek sekula lortutako ordezkari kopuru handiena pila dezakete Andaluzian. Eta eskuina, lehenbiziko aldiz, nabarmen zatituta ageri da: PPk galdutako botoetatik Ciudadanos elikatu da, eta laugarren indar bihurtu da zuzenean. Bozek ziurtasun gutxi eta galdera asko utzi dituzte udaberrirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.