Marina Agoues. Futbolari ohia

«Barrez eta zoriontsu egon arren, gaizki pasatu dut»

Goi mailako futbolean 11 denboraldi pasatu eta gero, erretiroa hartu du Agouesek. Lesioek behartuta, futbola nahi baino bizpahiru urte lehenago utzi behar izan du.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Oso gaztea zela hasi zen Marina Agoues (Zarautz, Gipuzkoa, 1992) futbolean jokatzen. 16 urterekin, emakumezkoen lehen mailan lehiatzen zebilen Realarekin. Talde txuri-urdinean ia bost sasoi osatu ostean, bizipen berriak izan ditu azken urteetan Italian, Espainian, Oiartzunen eta Eibarren.

Azken bi urteak belauneko lesio larri batetik osatzen aritu zara. Borrokatzeaz nekatu zara?

Nekatu ez. Azken finean, azkeneko bi urteak futboletik kanpo pasatu ditut, ni bakarrik entrenatzen, belaunaren gorabeherak. Izan ditudan lau ebakuntzak oso gogorrak izan dira. Naizen bezalakoa ikusita, beti zoriontsu eta barrez, ez dirudi, baina oso gaizki pasatu dut. Sei-zazpi hilabete igaro, eta futbolean jokatzea espero nuen, baina hirugarren hilabetean herrenka nenbilen, hilabete eta erdira morfinarekin jarraitzen nuen... Gero, gainera, hutsetik hasi beharra nuela esan zidaten.

Noiz hartu zenuen erretiroa hartzeko erabakia?

Orain dela egun batzuetako gauza izan da. Ekainean kontratua amaitu zitzaidan Eibarrekin, eta medikuarekin aritu nintzen hitz egiten ea segitu ala ez. Jakinarazi nuen egunean erabaki nuen.

Nori esan zenion lehenbizi zure erabakia?

Familiakoei esan nien. Haiek nire ondoan egon dira beti, zenbat sufritu dudan ikusi dute, eta ez ziren harritu nire erabakiaz. Nirekin jokatu duten Maialen Zelaiari eta Ainara Manterolari ere esan nien.

11 denboraldi eman dituzu goi mailan lehiatzen. Gustura izan duzun ibilbidearekin?

Oso harro. Denetarik bizi izan dut nire ibilbidean: nahiz eta zelaitik kanpo egon, Eibarren igoera; Oiartzunen jaitsiera; Realarekin Espainiako Kopako finalerdiak jokatu nituen... Bizipen asko izan ditut, jende asko ezagutu dut, talde umiletan ibili naiz...

Realera iritsi zinenean, ez zen oso talde indartsua, eta zuek ezagutaraztea lortu zenuten.Zaila izan al zen hori?

Gaur egungo taldeekin ez zuen zerikusirik talde hark. Aurrekoan, Aintzanerekin [Encinas] eta Maialenekin [Zelaia] hitz egiten gogoratu ginen autobusean hamabi ordu pasatzen genituen bidaia haietaz, eta gero, joan eta12-0 galtzen genuen Bartzelonaren aurka. Aurreko urtean, esaterako, Espainiako Kopa irabazi zutenean, gu Granadara joan ginen, eta hunkituta bukatu genuen. Kopa hori geurea ere bazela esan ziguten, urtetan egindako lanarengatik.

Zeintzuk izan dira gehien irakatsi dizuten taldekideak?

Maite Lizasok pila bat lagundu dit, baita Larraitz Lucasek eta Gurutze Del Amak ere. Maialenenoso laguna naiz, Aintzanerena... Irene Paredes berak asko irakatsi dit, nahiz eta defentsa izan, gaur egun nire lagunik hoberena da.

Kanpoko bi taldeetan ere aritu zara futbolean: Riviera di Romagnan eta Santa Teresan. Nolakoa da emakumezkoen futbola etxetik kanpo?

Italiara joan nintzenean sekulako gogoa neukan han jokatzeko. Aldaketa bat behar nuela sentitu nuen, eta hara joan nintzen. Italian zegoen egoera ikusita, [baldintza aldetik] etxean zein ondo gauden konturatu nintzen, sekulako zortea daukagu hemen. Orduan oso gaizki zegoen futbola han. Nire taldekideek esaten zidaten: «Marina, gu hara joateko desiratzen, eta zu hona zatoz».

Realean ez ezik, beste bi talde gipuzkoarretan ere aritu zara: Eibarren eta Oiartzunen. Zer dute horiek Realak ez duena?

Reala, Reala da. Oiartzun beste gauza ezberdin bat zen, familia bat. Zeukaten gutxia jokalariei ematen ziguten. Eibarrez, berriz, ezin dut gauza handirik esan. Bi sasoi hauetan aparte eta bakarrik ibili naiz. Ezin izan nuen futbolean jokatu [lesioa dela eta]. Nire ustez, ez dut Eibarren jokatu, ez naiz Eibarreko jokalari sentitu. Apartatua sentitu nintzen; itsusia da, baina egia da.

Zer esango zenioke 17 urterekin futbolean debuta egin zuen Marina hari?

Ezagutu egin nahiko nuke nolakoa den jakiteko [barrez]. Dauden aukera gutxiak momentuan hartu egin behar direla. Nire ustez, aldaketa guztiak hoberako dira; inguruan daukan jendearengandik futbolaz ikasteko eta umila izateko esango nioke.

Zer eman dizu futbolak?

Futbola nire bizitza izan da orain arte, dena. Jende askok ez ulertu arren, dena izan da niretzat. Jendeak esan lezake:«ez duzu zure bizitzan lanik egin»; baina nire lana futbola zen. Profesionala izan edo ez, esnatzen nintzenean entrenatzera joatea pentsatzen nuen. Aste guztia itxaroten nuen asteburuan futbolean jokatzeko.

Eta kendu?

Ez naiz ezertaz damutzen. Hartu ditudan erabaki guztiak momentuan sentitzen nuena kontuan hartuta hartu ditut.

Espero zenuen jokatzen hasi zinenean gaur egun emakumezkoen futbola horrela egotea?

Ez, ez nuen espero. Duela egun batzuk, Irene Paredesekin hitz egiten aritu nintzen gaur egun jokalari batzuek irabazten duten diru pilaz. Gainera, etxeak eta autoak ematen dizkiete.

Eta hemendik aurrera zer asmoduzu?

Koronabirusa baino lehen Zarauzko surf denda berri batean eskaini zidaten lana, eta segituan hartu nuen, futboletik zerbait ezberdina egiteko. Halere, ni ezin naiz geldirik egon... Lanean gustura nabil orain. Baina ez da nire bizitzako lana; ez dut neure buruahemen ikusten hiru urte barru. Orain daukadana biziko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.