Jokin Altuna. Aspeko pilotaria

«Sistema ez da justua; berdin esango nuke mesede egin izan balit ere»

Azken txanpan bigarren postuak ihes egin arren, Altunak dio ez dela kolpea izan, eta bera eta Mariezkurrena «ilusioz eta motibatuta» daudela Jaka-Martijari aurre egiteko etzi, kanporaketan.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Iazkoan bezala, binakako honetan ere kanporaketa jokatu beharrean da Jokin Altuna (Amezketa, Gipuzkoa, 1996). Iaz, Ladis Galarzarekin, galdu egin zuen, eta finalerdietako ligaxkaren atarian geratu zen. Ez du berriz ere halakorik gertatzea nahi.

Nola ekingo diozue kanporaketari: motibatuta ala etsipen pixka batekin azken txanpan bigarren postuak ihes egin eta gero?

Motibatuta, erabat. Jada amaitu da lehen fasea, eta Jonek eta biok egin dugu horren balorazioa. Kito. Orain, kanporaketari begira gaude, eta ilusio handia dugu partida hori jokatzeko.

Lehen ligaxkaren balorazioa egin duzuela esan duzu. Zer iruditu zaizue?

Txapelketa ona egin dugula. Aurreneko itzulian bigarrengoan baino emaitza hobeak lortu genituen. Lehen itzulian, bolada ona harrapatu genuen, eta partidarik onenak egin gabe garaipenak lortu genituen bata bestearen atzetik. Bigarren itzulian, berriz, asko markatu gintuen Getarian jokatutako norgehiagokak [22-21 galdu zuten Urrutikoetxea-Imazen aurka, 21-13 aurretik joan eta gero]. Hurrengo jardunaldian, Eibarren, oso lehia ona egin genuen, baina ez genuen asmatu partida ixten, eta 22-21 galdu genuen Peña-Albisuren aurka. Horregatik sailkatu gara azkenean hirugarren postuan.

Kolpea izan da zuzenean finalerdietarako ez sailkatzea?

Ez da kolpea izan. Hamargarren jardunaldian, Eibarren, Elezkano-Zabaletari 22-19 irabazita zortzigarren garaipena lortu genuenean, zuzenean sailkatzeko helburua jarri genion geure buruari. Baina argi genuen ere gerta zitekeela ez lortzea. Zoritxarrez, hala izan da, baina ez diogu horri buelta gehiago eman behar. Berriro diot: txapelketa ona egin dugu. Hamalau partidetatik bederatzi irabazi ditugu, eta hori ez da batere erraza. Pena da orain dena partida batean jokatu behar izatea, baina halaxe tokatu da. Larunbatean partida ona egitea: hori besterik ez dugu izan behar buruan. Ea dena ondo ateratzen den, eta finalerdietarako sailkatzen garen.

Iaz aldatu zuten txapelketaren sistema, eta kanporaketa sartu. Orduan kritiko azaldu zinen aldaketarekin: «Sistema honek ez du sarituko erregulartasuna, garai oso jakinetan ondoen aritzea baizik». Gertatu zaizuena eta gero, iritzi hori indartu zaizu?

Bai. Sistema ez da justua, inolaz ere. Pilotariok egunero eta astero prestatzen gara asteburuko partidan ondo egoteko, eta sistema honekin zertako balio dit niri duela bi hilabete ondo jokatutako partida batek gero horren saririk ez badut jasoko? Berdin dio txapelketa ona edo txarra egin. Lehen bi postuetan sailkatu ezean, garrantzitsuena da nola iristen zaren kanporaketara. Guk bederatzi partida irabazi ditugu, eta gure aurkariek, bost. Aldea dago. Pilotari guztiok ikusten dugu sistema hau ez dela oso justua, eta buelta bat eman behar zaiola. Larunbatean irabazi edo galdu, berdin pentsatuko dut nik, baina baita pilotari askok ere.

Egongo da norbait pentsatuko duena zuri kalte egin dizulako kexatzen zarela, eta ez zenuela gauza bera esango mesede eginez gero.

Nik beti esan dut, eta esango dut, baita seigarren postuan sailkatuta ere, sistema hau ez dela justua. Gauza bera esango nuke lauzpabost garaipen izanda bederatzi dituen bikote bati irabazi eta finalerdietarako sailkatuko banintz. Ez da justua, eta berdin esango nuke mesede egin izan balit ere.

Aurten, sistema halakoa da, eta etzi dena izango duzue jokoan Erik Jakaren eta Julen Martijaren aurka, Iruñean. Zer itxura hartzen diozu partidari? Ligaxkan bietan irabazi diezue.

Bai, baina larunbatekoa kale edo baleko partida da: buruz buruko edo lau eta erdiko lehia baten kutsua du. Neurketa zaila izango da. Argi dugu gure jokoa eginez gero edozeini irabaz diezaiokegula, baina baita gure hori egin ezean edonoren aurka gal dezakegula ere.

Lehenbizi, buruz burukoan; gero, lau eta erdikoan, eta, orain, binakakoan. Azkenaldian beti duzu aurkari Jaka kale edo baleko partidetan.

Bai, eta ez da atsegina. Baina seinale ona ere bada elkarren aurka jokatzea. Ea urte askoan egin dezakegun. Erik tartean izanda, zaila izango da irabaztea, baina zaila litzateke beste bikote baten aurka jokatuta ere. Maila handia dago txapelketan.

Nola ikusi dituzu aurkariak?

Luzea da binakakoa, eta gorabeherak izan ohi dira. Lehen itzulian, kosta egin zitzaien, baina bigarren itzuli oso ona egin dute, eta berriz daude bete-betean lehian.

Non egongo da gakoa?

Ondo sartu beharko dugu partidan, tentsio askokoa izango baita. Saiatu behar gara lehen tantoetan abantaila txiki bat lortzen. Hasieran alde egiten duenak abantaila izango du. Erronka zaila da, baina ilusioz eta motibatuta gaude.

Horri begira mesede egin dizue astelehenean Artola-Arangurenen aurka egin zenuten partida onak? Horren premia zenuten?

Bai, nahiz eta sentipenak ez ziren txarrak izan, galdu egin baikenituen aurreko hiru partidak. Irabazteak mesede egiten dio buruari. Guretzat garrantzitsuena izan zen Jonek ondo bukatu zuela eskuz, eta kolpea garbi bota ziola. Bigarren itzulian eskuko arazoekin ibili da, eta, horren ondorioz, komeria batzuk pasatu ditugu. Baina normala da hain txapelketa luzean gorabeherak izatea. Oso ondo ikusi dut Jon, eta ongi egon denean, maila ederra eman du.

Eta zu, zer moduz zaude?

Hobeto nago txapelketa hasieran eta erdian baino. Hasieran, eskuko arazo batzuk izan nituen, eta ezin izan nintzen behar bezala entrenatu. Orain, ordea, ondo nago, sasoiko eta txisparekin. Astelehenean ondo sentitu nahi genuen berriro, eta hala sentitu ginen: sasoiz eta eskuz ondo gaude biok. Horrek indarra eman digu larunbateko partidarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.