Clara Azurmendi. Badminton jokalaria

«Orain gehiago sinesten dut neure buruarengan»

Clara Azurmendik konfiantzaz gainezka ekingo dio bihar Munduko Txapelketari, Huelvan. Ez zaio koadro erraza egokitu, baina «edozeini aurre egiteko gai» dela dio.

INDONESIAN BADMINTON ASSOCIATION.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Bihar hasiko da Munduko Txapelketa, Huelvan (Espainia), eta lehen aldiz ariko da Clara Azurmendi (Donostia, 1998). Dioenez, «sasoirik » ekingo dio. Bolada onean dago, eta gaztea izanagatik ere, goi mailako jokalariei aurre egiteko gai dela erakutsi du azkeneko hilabeteetan. Tokioko Olinpiar Jokoetan bezala, «ikasten jarraitzea» du helburu.

Bihar hasiko da Munduko Txapelketa. Lehiatzeko gogoz zaude?

Bai, gogo handia dut. Pandemia dela eta, atzeratuz joan da Munduko Txapelketa; Olinpiar Jokoak jokatu ziren aurretik. Azkenean, iritsi da. Jokatzeko gogo handia dut.

Nola iristen zara?

Oso gogotsu. Estreinakoa dut horrelako txapelketa batean. Orain dela bi urte ezin izan nintzen Munduko Txapelketan lehiatu. Sasoi onean iristen naizela uste dut, mentalki ondo nago, eta partida oso onak jokatu berri ditut. Oso pozik nago orain arte egindakoarekin, eta irrikaz nago berriro ere zaleen aurrean aritzeko aukera daukadalako. Gainera, etxetik gertu jokatuko dudanez, are bereziagoa da txapelketa hau. Amak esan dit noiz jokatzen dudan jakin bezain laster hegaldi bat hartu eta ni ikustera etorriko dela. Txinan edo Indonesian jokatzen dudanean ezin du hori egin, eta etxetik gertu izatea eskertzen da. Ezin dut gehiago eskatu.

Zein helburu dituzu?

Ikasten eta gozatzen jarraitzea, azken hilabeteetan egin dudan bezalaxe. Partidaz partida joango naiz; hau Munduko Txapelketa bat da, eta fase guztiak dira zailak. Koadroaren arabera ere ezartzen dira askotan xedeak, eta nire kasuan, ez dizut esango zorte txarra izan dudanik, baina oso koadro gogorra egokitu zait, lehen partidatik hasita.

Eugenia Kosetskaia errusiarraren aurka jokatuko duzu. Munduko zerrendan 26. postuan dago. Zer itxura hartzen diozu haren aurkako neurketari?

Zaila izango da, baina ez ezinezkoa. Orain dela bi urte Europako txapeldunorde izan zen, eta ondo ari da azkenaldian. Jokatzeko partida polita izango da.

Ezustekoa emateko gai ikusten duzu zeure burua?

Bai, nik beti sinesten dut neure buruarengan, aurrean munduko lehena edo 500.a izan. Inoiz ez dut ematen norgehiagoka galdutzat, beti irabaztera ateratzen naiz; badakit gauzak ondo eginez gero, aukerak izango ditudala. Badmintonean edozer gerta liteke.

Txapelketa onak egin berri dituzu Indonesian eta Danimarkan. Azken horretan, munduko sailkapenean hamabigarren postuan dagoen Mia Blichfeldt danimarkarrari irabazteko gai izan zinen. Indonesian, berriz, Pusarla Venkaka Sindhu Indiako jokalari indartsuari gauzak zail jarri zenizkion.

Olinpiar Jokoen bueltan txipa aldatu nuen. Premia nuen horretarako, eta orain hobeto nago. Joko onarekin nengoen, baina aldaketa egin behar nuen buruan. Lehiatzeko garaian beti hor egon naizela uste dut, baina orain, gehiago sinesten dut neure buruarengan. Ni mendean hartzeko, irabazi egin beharko didate; nik ez dut ezer oparitzeko asmorik. Oso ondo aritu naiz azken txapelketetan, eta nor baino nor gehiago aritu naiz jokalari oso onen aurka.

Zergatik egin duzu aldaketa hori?

Onenen kontra aritu arte ez dakizu benetan zein mailatan zauden; dena oso subjektiboa da. Zuk pentsa dezakezu «ni hemen nago, haiek han daude, eta hau falta zait», baina beraien aurrean jarri arte ez dakizu benetan non zauden. Tokion horretaz jabetu nintzen: non nagoen eta zer falta zaidan maila handiko jokalarien aurka lehiatzeko. Hortik aurrera pixka bat objektiboagoa bihurtu da dena, eta horrek helburuak zehazten lagundu dit. Jokoz banekien ez nenbilela hain urruti. Ahalegin handia egin dut buruarekin.

Asko kostatu zaizu aldaketa hori egitea?

Ez. Egia esan, gehiago kostatuko zitzaidala uste nuen. Hilabete batetik bestera sekulako aldaketa sumatu dut.

Olinpiar Jokoetan aritu zinen lehenbizi, eta orain, Munduko Txapelketan. Nola eraman duzu bi lehiaketa garrantzitsu horietan lehiatu behar izatea?

Gogorra izan da. Lehiatzeko gogo asko genituen, koronabirusagatik denbora dezente generamatzalako lehiatu gabe. Baina hilabete gutxitan txapelketa garrantzitsu asko izan ditugu: Olinpiar Jokoak, World Tour txapelketa, mundukoa... Irailetik abendura arteko hilabete hauek luzeak egin dira, egun asko pasatu ditudalako etxetik kanpo. Zenbait jokalarik bizpahiru torneori uko egin diete, estresagatik. Nik ez dut estresik izan, akaso, goi mailako txapelketetan orain dela gutxi hasi naizelako, eta hasiberriaren gogoarekin harrapatu nauelako.

Nola antolatu duzu egutegia?

Oso zaila izan da, azken finean, torneo guztietara ahalik eta sasoirik onenean iritsi nahi duzulako. Baina dena hain kontzentratua egon denez, kirolari asko lesionatu egin dira. Txapelketak elkarren jarraian hasi zirenean, bost lagunek belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuten hilabete berean, eta hori oso ezohikoa da.

Minik hartu al duzu zuk geldialditik hona?

Ez, zorionez, ez dut minik hartu. Izan ditudan lesio guztiak geldialdiaren aurretik izan ziren. Agian, ondo etorri zait etenaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.