Joseba Rodriguez, 'Haito'. Zubileta Evolution Zuazoko entrenatzailea

«Genuen erronka ikusita, denboraldia bikaina izan da»

Zuazok aukera du zortzigarren amaitzeko sasoia. Rodriguezek dioenez, aurreko urteetako lanaren fruituak jasotzen hasi dira. Teneriferen aurka jokatuko dute gaur, Barakaldon (19:00).

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Zubileta Evolution Zuazon «gustura» eta «eroso» dago Joseba Rodriguez Haito entrenatzailea (Basauri, Bizkaia, 1980). Horregatik erabaki du, beste eskaintza batzuk izan arren, beste urtebetez Barakaldoko taldean jarraitzea. Denboraldia hasi aurreko aurreikuspenak ez ziren onenak, kluba egoera ekonomiko «kritikoan» baitzegoen, eta azken urteetan funtsezkoak izan ziren hainbat jokalarik taldea uztea erabaki baitzuten. Alta, bere aroko emaitzarik onena lortzeko aukera dauka taldeak. Izan dituzten zailtasun horiei aurre egiteko taldeak izan duen gaitasunarekin «gozatu» egin duela aitortu du.

Liga amaitzeko bi jardunaldi falta badira ere, zein da denboraldiaren balorazioa?

Oso pozik nago. Denboraldi bikaina izan da. Baja oso garrantzitsuak izan genituen denboraldia hasi aurretik, eta bazirudien mundua amaitu egingo zela guretzat. Partida bakar bat irabaziko ez genuela ere entzun genuen, maila galduko genuela, edo Zuazo desagertu egingo zela. Baina iritsi direnak oso ondo aritu dira, taldean ondo sartu dira, eta asmatu dugu. Nire aroko emaitzarik onena lor dezakegu.

Aukera duzue zortzigarren postuan amaitzeko denboraldia. Garrantzitsua litzateke?

Bai. Izan ere, datorren denboraldiari begira, Espainiako Kopako lehen kanporaketa saihesteaz gain, bigarren kanporaketan aurkari samurrago bat izango genuke. Badirudi ezetz, baina sari handia da, eta ezin diogu ihes egiten utzi. Ez dago gure esku soilik, baina polita den zerbaitengatik borrokan jarraitzeko ilusioa dugu. Klubak aurrez kopako finalen bat jokatu du, puntu gehiago edo sailkapen hobeagoren bat erdietsi du, baina, ni nagoenetik, gehienez 23 puntu lortu ditugu, eta aurten 26 batzeko aukera daukagu.

Zuazoko entrenatzaile zarenetik, hau da gehien gozatu duzun denboraldia?

Bai, baina ez dut esan nahi aurreko hirurak txarrak izan direnik. Lau urte edo denboraldi hauek oso onak izan dira. Haatik, aurten genuen erronkagatik, baja horien ostean, eta kanpotik jendeak zioena kontuan hartuta, uste dut asko gozatu dugula egoerari buelta emateaz. Eta zergatik ez esan, bide batez, jende askori ahoa itxi diogu.

Emaitzetan ez ezik, joko aldetik ere taldeak hobera egin du?

Bai. Hemen nagoenetik, aurten egin dugu jokorik onena, erasoan zein defentsan. Talde arloan urrats handia egin dugu, eta, aurreko denboraldiekin alderatuta, taldearen indarra izan da gure indargune nagusia. Ez gara banakakotasunetatik bizi izan.

Ainhoa Hernandezek, June Loidik eta Maddi Aallak taldea utzi zuten udan. Gainontzeko jokalariei balio izan die erantzukizun handiagoa hartu, eta euren onena emateko?

Denboraldiaurreko lehen saioan, bi aukera geneuzkan: mezu katastrofiko bat bidali eta jokalariei ahal genuena egingo genuela esan, edo denboraldi berria erronka baten moduan irudikatu. Bigarrena egin genuen. Jokalariek sinetsi egin zuten, eta banakakotasunek nabarmen hobera egin dute. Horri esker, taldeak hobera egin du.

Hasi zarete dagoeneko datorren denboraldirako taldea atontzen?

Morvedreri irabazi genionean hasi ginen horretan. Hiruzpalau baja izango ditugu, baina blokea mantenduko dugu. Horrek lasaitasuna ematen dit, oinarri sendo baten gainean lan egiten jarraitzeko aukera emango digulako. Taldeak ia osotasunean jarraituko du, eta seguru aurpegi berriekin taldea indartuko dugula. Fitxaketaren bat eginda daukagu. Otsailetik bagenekien jokalariren batek ez zuela bere taldean jarraituko, eta kluba azkar ibili da.

Bera Berak iragarri du hainbat jokalarik ez dutela jarraituko. Hortik zerbait lor dezakezue?

Beti ahalegintzen gara guretzat interesgarriak diren jokalariak fitxatzen. Joko estiloa asko errespetatzen dugu, eta Bera Beran jokatze hutsagatik ez ditugu fitxatuko. Gure estiloa barneratu dezaketen eta guretzat onuragarriak izan daitezkeen jokalariak bilatzen ditugu. Zaila da talde horiek uzten dituzten jokalariek Zuazon pentsatzea, tituluen lehian dauden taldeetan jarraitu nahi izaten baitute.

Beste urtebeterako berritu duzu. Erabaki erraza izan da?

Bai. Eskaintzaren bat izan dut, baina uste dut, oraingoz, nire tokia hemen dagoela. Aurrerago, gustatuko litzaidake kanpoan entrenatzea, baina ez dakit noiz izango den hori. Gustura, eroso nago Zuazon, eta gustatzen zait dudan taldea. Aurrez egindako lanaren fruituak jasotzen hasi garen honetan alde egitea lana erdizka uztea litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.