Imanol Albizu 'Goikoetxe'. Harri-jasotzailea

«Harritu egin ninduen zein erraz egin nuen nire lana»

«Pozik eta gustura» dago Imanol Albizu 'Goikoetxe', joan den larunbatean Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV.a'-ri apustua irabazi ziolako. Aitortu du «uste baino emaitza hobea» lortu zuela.

JON URBE / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Bost egun pasatu dira Imanol Albizu Goikoetxe-k (Elgoibar, Gipuzkoa, 1987) Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a-ri Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazan apustua irabazi zionetik. 121 jasoaldi egin zizkion 125 kiloko kubikoari hamar minutuko hiru txandetan, aurkariak baino bost gehiago. Horri esker, berak eraman zituen jokoan ziren 12.000 euroak. Ahalegin handia izan zen, eta apurka-apurka ari da indarberritzen. Irabazi izanak lagunduko dio horretan.

Egun batzuk joan dira apustua jokatu zenuenetik. Ari zara indarberritzen?

Nahiko ondo doa. Lanak handiak izan ziren, eta uste bezain ondo ari naiz indarberritzen.

Lan handiak ziren: hamar minutuko hiru txanda 125 kiloko kubikoarekin.

Exijentzia handiko lanak izan ziren. Dena espero baino askoz hobeto atera zitzaidan. Ez nuen espero etxean egiten nituen lanak plazan hain erraz egingo nituenik. Dena ondo atera zen, eta, horregatik, oso gustura nago.

Aste barruan apustu gehienek zioten 120 altxaldiren bueltan ibiliko zinetela. Zu ere horrela pentsatuta joan al zinen?

Bai, banekien horren inguruan ibiliko ginela, baina plazaratzeko garaian ez nekien nola erantzungo nuen. Urduritasunarekin nola moldatuko nintzen ere ez nekien. Beldur hori ere banuen.

Apustuaren zozketan, bigarren aritzea tokatu zitzaizun. Hori ere abantaila izan al zen?

Bigarren izan nahi nuen, eta hala izan zen. Zorte pixka bat izan nuen, eta horrek ere izan zuen eraginik hasieran. Banekien Iruretagoiena ere 120 altxaldiren inguruan ibiliko zela, eta horren abantailarekin jokatu nuen. Azkenean, bost altxaldiren abantailarekin amaitzea lortu nuen.

25 urte ziren horrelako harri batekin apusturik jokatzen ez zela. Zer zailtasun ditu harri horrek?

Erresistentzia eta indarra izatea eskatzen du, oso harri osoa delako. Eta horri gehitzen badiogu hamar minutuko hiru txanda zirela, dena esanda dago.

Gustura amaitu al zenuen egindako lanarekin?

Oso gustura. Egun borobila izan zen. Espero nuen lana bete nuen, eta, gainera, irabazi egin nuen. Ezin dut gehiago eskatu. Apustuan zehar ere oso gustura aritu nintzen. Hasieratik nire entrenatzaileen konfiantza banuen, eta, gainera, lehen txandatik abantaila hartu nuen. Psikologikoki asko lagundu zidan aurretik joateak.

Noiz ikusi zenuen apustua irabazita?

Bigarren txandan berak 36 altxaldi egin zituenean konturatu nintzen nik nire saioa txukun amaituta irabazteko aukera asko nituela. Txanda berean, 40 jasoaldi egin nituen, eta, gainera, nahiko fresko amaitu nuen. Hor ikusi nuen apustua nahiko alde.

Irabazteaz gain, marka handia ezarri nahi zenuen?

Nire asmoa 120 altxaldiren inguruan ibiltzea zen. Banekien marka oso zaila zela, 135 altxaldikoa delako. Baina niretzat oso garrantzitsua zen, behintzat, 120 egitea, eta hasieratik horren bila irten nintzen.

Nola moldatu zinen aurreko entrenamenduetan?

Harria eta halterofilia uztartuz ibili naiz. Prestakuntza guztietan bezala, gorabehera batzurekin ibili naiz kirolari guztien modura, baina entrenamendu onak eginda plazaratu naiz.

Elikadura asko zaindu behar al duzu?

Bai. Nire gorputzarengatik pisua erraz hartzen dut, eta elikadura asko zaindu behar izaten dut.

Zure lehen apustua izan zen. Zer-nolako esperientzia izan da?

Ikaragarria. Ez nuen espero dena hain biribil irtetea. Gehien harritu ninduena izan zen zein erraz egin nuen nire lana. Emaitzak ere harritu ninduen.

Jendearen ahotan zegoen beste apusturik egingo ote zenukeen etorkizunean. Zer diozu?

Oraindik, behintzat, garaipen honekin gozatu nahi dut. Etorkizun laburrean ez dut besterik egiteko asmorik.

Urte batzuk badaramatzazu harriak jasotzen. Zein izan dira zure ereduak?

Kuadrillan denetik eginak gara gaztetan, harriak jasotzen, aizkoran, trontzan... Niri harriak jasotzea tokatu zitzaidan, Pedro Mari Egaña Mintxeta zenarekin. Handik bideratu nuen nire zaletasuna.

Zer etorkizun ikusten diozu harri-jasotzeari?

Nik uste dut zerbait mugitzen ari dela, baina iruditzen zait gaur egun, ez dagoela oso aintzat hartuta. Errespetu osoarekin esango dut, baina uste dut hedabideen aldetik ere ez zaiola behar adinako garrantzia ematen. Gustatuko litzaidake egunen batean zor zaion errespetua izatea.

Larunbatean, eta egiten zuen eguraldiarekin, jende asko hurbildu zen Azpeitira. Apustuak izan daitezke jendea erakartzeko aitzakia?

Izan daiteke, baina ez dakit. Erantzuna banu...

Etorkizunean harri handietarako jauzia egiteko asmorik ba al duzu?

Orain bi urte hasi nintzen harri handiagoekin, baina gutxinaka joan behar dut. Badut haiekin ibiltzeko asmoa, baina aurrerago izango dela uste dut. Oinarria falta zait, eta entrenamendu asko behar dut oraindik maila txukunean aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.