Iñaki Artola. Pilotaria

«Etorkizuna ez da izango orain bezain koloretsua»

Besteak beste, entrenatzen, sukaldean ikasten eta balkoitik bertsoak kantatzen ari da igarotzen konfinamendua. Garbi du pilotako eragile guztiak aterako direla galtzen.

JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Iñaki Artolak (Alegia, Gipuzkoa, 1994) otsailaren 29an jokatu zuen azkeneko partida Binakako Txapelketan. Bidea ez zion koronabirusak eten, Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak baizik. Finalerdien atariko kanporaketan geratu zen Ander Imazekin.

Zein da zure balorazioa txapelketan egin zenutenaz?

Finalerdietara sailkatu ez arren, ondo aritu ginen, ikusita zein bikote zeuden. Sistemarengatik geratu ginen finalerdietara sailkatu gabe, eta, orain bezala aritzen bagara hurrengo txapelketetan, goian ibiliko gara.

Berpiztu egin zaitu egindako lan onak?

Orain arteko Binakako Txapelketarik onena egin dut, eta, hobetzea dudanez helburu, pauso txiki bat eman dut aurrera, eta nahikoa gustura nago egindakoarekin.

Zein da zure egunerokoa konfinamenduan?

11:00ak aldera, lagun batzuek pilota partidak ikusteko ohitura hartu dugu, online konektatuta. Nire partidak edo besteenak. Finalak edo partida handiak aukeratzen ditugu, eta iruzkinak egiten aritzen gara.

Erraza al da norbera jokatzen ikustea beste batzuk zure jokoa epaitzen ari direnean?

Lehen gehiago kostatzen zitzaidan. Ez nuen gustuko nola jokatzen nuen, eta besteek esandakoak onartzea ere kosta egiten zitzaidan. Orain, gutxiago eragiten dit jendeak esandakoak. Nire partidak ikustekotan, neuk bakarrik egin behar izaten nuen, besteek esandakoak ez entzuteko, oso aintzakotzat hartzen nituelako.

Zer aldatu da pilotan?

Jokatzeko modua oldarkorragoa da, eta gehiago arriskatzen da, airez batik bat. Pilotak ere asko aldatu dira. Bizi eta motel baino gehiago, azkarrago edo makalago ibiltzean dago aldea. Lehengo biziak lasaiagoak ziren, eta oraingoak azkarragoak dira. Lehengoek gora egiten zuten botea, eta oraingoek irrist egiten dute. Horregatik, lehengo pilotariak hobeak ziren edo oraingoak hobeak garen alderatzeak ez du zentzurik, baldintzak ezberdinak baitira zeharo, pilotak batez ere.

Eta, pilota partidak ikusi eta gero, sukaldera?

Gure etxean, beste askotan bezala, ama da sukaldari nagusia, baina niri ere tokatzen zait laguntzea. Harekin ikasten ere ari naiz. Bazkaldu ondoren, zerbait irakurri edo musika entzuten dut, eta arratsalde erdian entrenatzen hasten naiz.

Ahal den bezala, jakina.

Bai. Garajean egiten ditut indar lanak, eta hango atearen kontra eskuak egiten aritzen naiz. Gero, astean behin edo bitan, baserrira joaten naiz, herrian bertan, eta erresistentzia eta abiadura lanak egiten ditut. Aita eta osaba ibiltzen dira normalean baserrian, baina, entrenatu nahi dudanean, neu ere joaten naiz.

Esango dizute joateko animaliekin laguntzera ere, ezta?

Oraintxe esan duzu [barrezka]! Alferra esaten zaio lurra berdintzeko erabiltzen den harriari, eta aitari azaldu zaio egun hauetakoren batean harri hori, eta esan zuen ez zuela uste hainbeste alfer zirenik han, orain hasi baikara joaten lehen joaten ez ginenak. Aitari txanda egin beharko diot lan horietan.

Bertsotan ere aritzen zara, bizilagun batzuk balkoira aterata, ezta?

Aurretik entrenatzera joanda ere, 19:00etarako libre egon beharra dago egunero, bertsotarako.

Nola hasi zineten?

Bi bizilagun daude, umeak, bertso eskolara joaten direnak, eta haien irakaslea ere bizilaguna dugu. Eskolan ikasitako bertsoak abesten hasi ziren, eta nik ere bota behar nuela... Gero, beste batzuk ere animatu ziren, eta, orain, gaiak jarriz ibiltzen gara. Sekula bertso bat kantatu ez dutenak ere animatzen dira, eta egunetik egunera hobeak botatzen dituzte. Zortzi bat lagun aritzen gara.

Konfinamenduan sortu edo piztu zaizu zaletasunen bat?

Zerbait esatekotan, sukaldaritza. Lehen, arroza eta entsalada bakarrik egiten nituen, eta orain hasi naiz jaki gehiagorekin. Denbora dugu, eta Interneten begira ibiltzen naiz. Gainera, Argiñanok ere urtero bidaltzen digu Gabonetan pilotari guztiei haren libururen bat. Urteetan ireki gabe izan ditut, plastikoa kendu gabe, eta egunotan ari naiz haietan begira.

Baiko enpresan, aldi baterako erregulazioa daukazue; etorkizunak kezkatzen zaitu profesional zaren aldetik?

Nire kasuan, etxean bizi naiz gurasoekin, eta ez dauka aparteko gasturikt. Kezkarik ez dut, baina garbi daukagu denok aterako garela galtzen: enpresa, pilotariak... Dirua galtzen hasi gara, baina oso ondo gaude beste kirol batzuekin alderatuta. Espero dugu udan itzuliko garela jokatzera, eta lehengo baldintzetan izatea espero.

Krisi honen bueltan, asko zabaltzen ari den gogoeta bat da kirolari gehiegizko garrantzia eman izan zaiola. Ados zaude?

Gizartean eta komunikabideetan hainbesteko tartea izatea baino gehiago harritu izan nauena da zer tonutan aritzen den jendea, sekulako garrantzia balu bezala. Uste dut jendeak ez dakiela neurria hartzen, eta krisi honek bere lekuan jarriko du hori ere.

Nolako mundua izango dugu hau pasatzean?

Ohitu egin gara hainbeste aberastasun material edukitzera, batetik bestera bidaiatzera; erraz ibili izan gara orokorrean, eta, akaso, hurrengo belaunaldientzat zaila izango da berdin bizitzea. Erronka handiak datoz: klimarena, etorkin oldeak, petrolioaren bukaera... Etorkizuna ez da izango orain bezain koloretsua, eta hori dena nola kudeatuko den nik ez dakit, gehiago dakitenek ere ez dakite eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.