Oinatz Bengoetxea. Baikoko pilotaria

«Niretzat oparia da 36 urterekin txapelketak jokatzen segitzea»

Bengoetxeak aitortu du «aste zailak» izan dituztela enpresako gatazkaren harira, eta «pozik» dagoela hori amaitu delako. «Aurrera begira» dago. Agirreren aurkako lehia baino ez du buruan.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Oinatz Bengoetxeak (Leitza, Nafarroa, 1984) hamaseigarrenez jokatuko du buruz buruko txapelketa. 2004an estreinakoz aritu zenetik, behin baino ez du huts egin:2014an, lesio batek behartuta. Denetarik bizi izan du, une ederrak zein gogorrak: 2008an eta 2017an txapela jantzi zuen; 2015ean, ordea, finalerako sailkatu zen, baina min hartu eta jokatzeari uko egin behar izan zion. Aurtengoari «gogotsu» ekingo dio, eta «burua lasaituta», enpresako lan gatazka bukatuta. Bihar jokatuko du final-zortzirenetako partida, Amurrion (Araba), Asier Agirre «lagunaren» aurka.

Astebete pasatu da enpresako lan gatazka amaitu zenetik. Burua lasaiago duzue?

Bai, eta eskertu egiten da, zalantzarik gabe. Gure ohiko esparrutik kanpo zegoen kontua, eta, gainera, gai korapilatsua zen. Hilabete zailak pasatu ditugu, baina, dirudienez, ongi aterako da dena, eta enpresak hartutako konpromisoak beteko ditu. Horrekin fidatu beharko dugu. Hori lortuta, aurrera egin behar dugu, eta pilotan jokatu, hori baita gure lana.

Nola bizi izan duzu?

Garai zaila izan da enpresako pilotari kolektiboarentzako: hasierako lan guztia, grebara joan behar izatea... Borrokatu egin gara, elkarrekin egon gara, batuta, oso lan ona egin dugu, eta ELA sindikatuak asko lagundu digu. Azkenean, helburuak lortu ditugu, eta orain, nahi duguna normaltasunera itzultzea da.

Pozik zaudete akordioarekin?

Bai. Gauza batzuk lortu dira, beste batzuk ez, baina garrantzitsuenak hitzarmenean daude : besteak beste, injustuki enpresatik kanpo geratu ziren lau pilotariek beste aukera bat izatea profesionaletan aritzeko. Badirudi enpresak hartu dituen konpromisoak beteko dituela. Guk lehenbailehen ahaztu nahi dugu gai hau.

Baikoko pilotari kolektiboaren barruan, zu zinen pilotaririk beteranoena. Kolektiboko kideek esan izan dute asko eskertu dutela zu bezalako pilotari eskarmentudun baten babesa izatea. Horren kontziente izan zara?

Beteranook ardurak hartu ditugu gai honetan. Ez da izan guregatik egin dugun zerbait, pilotarengatik, etorkizunagatik eta ikusi ditugun injustiziengatik baizik. Honek hobetu beharra zuela ikusi genuen, eta hori egiten ahalegindu gara. Beteranook gure onena eman dugu, baina gazteek ere oso lan ona egin dute, oso arduratsu jokatu dute, tinko eutsi diote kolektiboarekin hartutako konpromisoari. Denon meritua izan da, zalantzarik gabe.

Arraroa egingo zitzaizuen greba indarreran zegoenean, enpresak partida bat jarri eta jokatzeko ez aurkeztea, ezta?

Oso arraroa zen. Gu pilotariak gara, pilotan aritzea gustatzen zaigu, partidak jokatzea, lehiatzea. Baina, lehen esan bezala, atzean utzi nahi dugu gertatutakoa. Aurrera egin beharra dago, eta hori egin nahi dugu. Gainera, hementxe dago jada lehia. Horretan izan behar dugu orain arreta osoa.

Komeni, gaur hasiko baita buruz burukoa, eta ziztu bizian joango baita.

Halaxe da, oso azkar joango da txapelketa, eta horretan pentsatzen ari gara, ahal dugun hobekien prestatzen. Larunbatean dut lehen partida. Ilusio handiarekin ekingo diot, nahiz eta ez dudan izan txapelketa behar bezala prestatzeko nahikoa denbora, eta baldintzak ere ez dira izan onenak. Baina buruz burukoa jokatuko dugun guztiok gaude antzeko: baldintza arraroak izan ditugu, eta antzeko egoeran ekingo diogu lehiari. Ez dago aitzakiarik.

Ondo zaude?

Bai. Nahiko ongi ibili naiz entrenatzen, eta lasai nago. Badakit ni ere aurrera noala, jada 36 urte ditudala, eta niretzat ez dela erraza buruz buru jokatzea gazte osasuntsu eta sasoikoen aurka. Baina ahal izan dudan hobekin prestatu dut txapelketa, eta uste dut maila nahiko onenean ailegatu naitekeela. Ea fisikoari eusten diodan, eta buruz buruko partida batek eskatzen duen exijentziari aurre egin diezaiokedan.

Azkeneko txapelketan, Caixabank Mastersean, oso ondo aritu zinen Julen Martijarekin. Orduko sasoiari eta jokoari eustea izan da helburua?

Bai, eta horretarako egin dut lan. Espero dut larunbatean ondo egotea. Beti dago zalantza, are gehiago urteetan goraka eginda, baina sentsazio onak izan ditut entrenatzen, eta espero dut Asier [Agirre] lagunaren aurka partida ederra egitea.

Bi etenaldi izan dituzue aurten: lehena, koronabirusaren pandemiak eragindakoa; eta bigarrena, enpresako lan gatazkak eragindakoa. Zure adinarekin, kosta egiten da etenaldi horietatik lehiara itzultzea?

Tira, greban ginenean bagenekien buruz burukoa etor zitekeela, eta horretan pentsatzen ere aritu gara, eta horri begira ere entrenatu gara. Beraz, ez dago aitzakiarik. Pilotari guztiok iritsiko gara antzeko baldintzetan, eta partida bakarrera edozer gerta daiteke: irabazita, aurrera; eta galduta, etxera. Horixe da, hain zuzen ere, kanporaketek daukaten xarma.

Agirreren aurka jokatuko duzu bihar Amurrion. Nolako itxura hartzen diozu partidari?

Oso neurketa gogorra izango da. Asierrek sekulako defentsa du, eta eskuinarekin asko ematen dio pilotari. Oso pilotari osoa da, eta sasoi betean dago. Artista da. Oso partida zaila izango da.

Non egon daiteke gakoa?

Asko egon daitezke. Sakearekin mina egin ohi da, eta ikusteko dago nork atera diezaiokeen probetxu gehiago, baita sake-erremateari ere. Eta sasoiak garrantzia izan dezake ere. Fisikoki eusten baldin badut, badakit aukera izango dudala irabazteko. Baina ikusteko dago nola euts diezaiokedan horrenbesteko intentsitatea eta exijentzia eskatzen dituen partidari. Espero dut fisikoak laguntzea, eta hasi eta buka partida borrokatzea.

Sakearen garrantzia nabarmendu duzu. Pasaren marra zazpitik sei eta erdira aurreratu dute. Horrek zeresana eman dezake?

Bai. Apur bat aldatuko du jokoa:luze sakatzeko beldur pixka bat egongo da. Ikusteko dago pilotariok nola egokituko garen horretara. Baina egia da neurri hori hartuta sakeari indar apur bat kenduko zaiola.

Esana duzu txapelak irabazteak obsesioa izateari utzi diola, eta, orain, momentu ororekin gozatzen saiatzen zarela. Horixe da helburua oraingoan ere?

Bai. 36 urterekin, eta profesionaletan hemezortzi urte egin berritan, niretzat oparia da txapelketak jokatzen jarraitzea. Ederra da aukera hau izaten segitzea. Baina, noski, lehiakorra ere banaiz, eta ahal dudan onena ematen saiatzen naiz kantxan. Partida zaila izango da larunbatekoa, baina ilusio handiz joango naiz.

Soka luzea duzu oraindik?

Ilusioa egingo lidake profesionaletan hogei urte egiteak. Beste urtebete eta bizpahiru hilabeterako kontratua dut, eta ahal dudan hobekien konplitzen saiatuko naiz. Ea probetxua ateratzen diodan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.