Jon Ander Garrido. Cadizeko jokalaria

«Garai egokian hor egoteko zortea izan dut»

Espainiako ligara itzuli den urtean, Cadizek ondo hasi du sasoia. Han jokatzen du Jon Ander Garridok; lehen aldia du gorengo mailan: «Klubaren bilakaera ikusi dut».

CADIZ.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Saiatzearen ordain gozoa bere larruan ezagutu du Jon Ander Garridok (Getxo, Bizkaia, 1989). Futbolari bizkaitarrak behe mailetan egin ditu bere ibilbideko urterik gehienak. Irailean estreinatu zen Lehen Mailan, Cadizeko elastikoa soinean zuela. Reala jasoko dute etzi, ligako partidan: «Gure aukerak aprobetxatu nahi ditugu».

Aurten estreinatu zara Lehen Mailan, 31 urterekin, San Mamesen jokatu zenuten partidan. Berezia izan al zen?

Nork esan behar zidan orain lau urte, Bigarren Mailan nengoenean. Oso polita da, eta zer esanik ez San Mamesen egin izana. Niretzat, izugarria izan zen. Jendea, etxekoak, harmailetan baleude, areago. Beti oroituko dut, halere.

Adin horrekin debuta egin izana ez etsitzearen ondorioa al da?

Izan daiteke, baina, nire moduan, beste jokalari asko daude lan asko eginagatik iritsi ez direnak. Garai egokian hor egoteko zortea izan dut. Sari bat da; azken finean, ez naiz oso bertutetsua, eta nire moduko ugari daude behe mailetan. Getxon eta Barakaldon gogor saiatu naiz, eta horrek ekarri nau hona.

2014an iritsi zinen Cadizera. Racing Ferrol eta bestetan utzita aritu zara gero. 2.B mailatik gorainoko bidea ezagutu duzu. Garairik onena da?

Oso eroso nago. Ondo lotu natzaie klubari eta zaleei, eta klubak aurrera nola egin duen ikusi dut. Urte asko zeramatzan 2.B mailan;koskaz koska hobetu du, eta bilakaera horretan hor egon naiz ni, klubeko beste langile askoren moduan. Familia baten modukoa da.

Hiru maila profesionalak ezagutu dituzu. Asko aldatzen al da batetik bestera?

Asko, baina aldaketa hori kendu egin digute, jendea falta delako. Mailari heldu nahi diogu, datorren urtean aldaketa hori benetan ikusteko: zaleak harmailetan, prentsa gehiago... Hor, agian, presioa areagotu egingo da.

Arantza hori al duzu?

Bai. inoiz ez dakizu non egongo zaren, eta Lehen Mailan zaudenean, zer esanik ez. Arantzatxoa bada, baina lan egingo dugu datorren urtean ere goian segitzeko.

Dena ez da ederra izan. Zortzi hilabete egin dituzu min hartuta, eta pixkanaka itzuli zara. Zer moduz zaude orain?

Ondo, pozik nago. Zortzi hilabetean jokatu ezinik egon naiz, eta ziurgabetasun betean, gainera: ez nekien zer nuen, eta horrek kalte egiten du. Gogorra izan da; gimnasiotik atera ere ez naiz egin, baina ebakuntzak on egin dit, eta, nahi adina jokatzen ari ez naizen arren, zoriontsu naiz orain.

2023. urtera arte luzatu duzu kontratua. Proiektuari erabat lotuta zaude.

Bai, noski, izugarri gustura nago. Nire bikotekidearekin bizi naiz hemen, eta ezin gara kexatu. Gustatzen zaigu; ondo bizi gara, eta proiektua ona da. Egunen batean itzultzea da asmoa, baina, bitartean, iraun dezala.

Kirol arloan, lehiara itzuliko zarete etzi. Ondo etorri al zaizue atsedenaldia?

Ez, gaizki. Zenbait jokalarik min hartu dute, eta beste batek Ecuadorren geratu behar izan du koronabirusa dela eta. Ez zaigu oso ondo etorri; atseden hartu nahi genuen, baina kale.

Reala jasoko duzue. Orain arteko talderik onena izan da.

Bai, hala da. Guk betiko eran jokatuko dugu, eta ez dugu ezer aldatuko. Defentsiboak gara haien aldean. Aurkariaren zain egoten gara, eta kontraerasora jo. Beti bezala zelairatuko gara, eta ea zer lortzen dugun, baina Realak egiten duenaren araberakoa izango da.

Zeintzuk izan daitezke igandeko neurketaren gakoak?

Realak ematen duen maila. Orain artean bezala aritzen bada, oso zaila izango da guretzat. Etenaren ostean apur bat galduta itzultzen badira, min egin dezakegu, kontraerasora ondo jotzen dugulako. Haiek nola aritzen diren, horrek zerikusi handia izango du.

Garaipen sonatuak lortu dituzue, eta Sevillaren eta Atletico Madrilen aurka soilik galdu duzue. Buruz indartzeko ona da hori, ezta?

Bai, Real Madrili irabazi genion, eta Athletici ere bai. Egia da bilbotarrak ez daudela ondo, eta zuriakere ez zeuden onenean. Halere, argi izan behar dugu gurea beste liga bat dela; haiei irabazi izanagatik, ez dugu pentsatu behar Realari, Vila-reali eta halakoei irabaziko diegunik. Eibarri irabazi genion, eta puntu horiek dira onak; aurkari zuzenen aurkakoak.

Ederki hasi zarete ligan: seigarrenak zarete. Espero zenuten?

Gustura gaude orain artean egin dugunarekin. Hamalau puntu ditugu, eta ez genituen espero. Dena den, badakigu bigarren itzulian zailagoa izaten dela batzea. Orain lortzen baditugu, errazago ariko gara gero. Ez litzateke harritzekoa izango gerora hamar partida irabazi ezinik egotea, gertatu izan delako. Orain, garrantzitsua da berrogei puntuetara ahalik eta gehien urreratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.