Tadas Sedekerskis. Baskoniako jokalaria

«Sekulakoa litzateke Baskoniarekin titulu bat irabaztea»

Taldea eraldatuta hasiko du Baskoniak gaur denboraldia. Sedekerskisek dio lagunarteko partidek «elkar ezagutzeko» balio izan dietela, «emaitzei inongo garrantzirik eman gabe».

AITOR BOUZO / BASKONIA.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Iragan denboraldian aurrerapauso handia eman ondoren, Tadas Sedekerskisek (Nida, Lituania, 1998) jokalari garrantzitsu bihurtu nahi du Baskonian. Gaur hasiko du denboraldi berria Gasteizko taldeak, Valentziaren aurka, Fontetan (20:45). Sedekerskisen iritziz, sasoiaren gakoa«partidaz partida joatea» eta «egunero kontzentratuta egotea» izango da.

Zortzi urte dira Baskoniara heldu zinela, eta gaur hasiko duzu sasoi berri bat. Lehen eguneko ilusio berarekin jarraitzen duzu?

Baskonia beti irabazi nahi duen kluba da. Bai taldeak, bai nik erronka askorekin hasten dugu denboraldia. Baina hitz egitea erraza denez, kantxan hitz egin behar dugu.

Valentziaren aurka hasiko zarete, Fontetan. Ez da hasiera atsegina, ezta?

Oso talde gogorra da. Fontetako partidak oso zailak dira, baina denboraldiaurre ona egin dugu eta sasoi onean iritsi garela uste dut. Uda ondo joan da, eta ilusioz gainezka gaude.

Lau partida irabazi dituzue, eta bi galdu. Zer irakurketa egiten duzu?

Zazpi jokalari berri ditugu, eta elkar hobeto ezagutzeko balio izan digu. Sistema berriak ikasi ditugu fitxatu berrien bidez. Inork ez du gogoratuko partida guztiak irabazi edo galdu dituzun; horrek berdin du. Hemendik aurrera entrenatzaileak nahi duena bete behar dugu.

Euskal Kopa galdu zenuten Bilbo Basketen aurka: 93-68. Espero al zenuten horrenbesteko aldeaz galtzea?

Asko ikasi behar dugu partida horretatik. Lo atera ginen pistara, eta Bilbao Basketek dena eman zuen. Jaurtiketa askotan huts egin genuen, eta konfiantza galdu genuen. Ikasgai ona izan zen guztiontzat; edozein aurkari errespetatu behar dugu, ez baitago arerio errazik.

Zalantzak izan zenituzten finalaren ostean?

Ez. Hala ere, normala zen hain ondo ez jokatzea, talde berria baitzen. Duskok daukagun guztia emateko eskatzen digu, baita etengabe borrokatzeko ere. Konfiantza askorekin goaz Valentziara; final hori iragana da.

Denboraldiaurrea Araba Saria irabazten amaitu zenuten, Sibiuren aurka: 101-56. Horrek lagundu egiten du, ezta?

Bai, garrantzitsua izan zen. Aurkaria gure maila berekoa izan ez arren, gogo askorekin jokatu genuen, eta irabaztera irten ginen. Eta, urte eta erdiren ondoren, zaleen aurrean jokatu genuen. Asko botatzen genituen faltan.

Zer moduz sentitu zara udan?

Iaz baino askoz hobeto, konfiantza handiagoarekin. Urte garrantzitsua izatea espero dut, baina oinak lurrean dauzkat.

Zein helburu dituzu?

Ildo beretik jarraitzea, gauza askotan pentsatu gabe. Sarri jokatzen dugunez, partidaz partida joan behar gara. Garrantzitsua izango da egunero kontzentratuta egotea.

Uste duzu denboraldi honetako taldea aurreko sasoikoa baino hobeagoa dela?

Oraindik goiz da konparatzeko. Ez zait gustatzen konparazioak egitea, eta pistan erakutsi behar dugu, ez hitz egiten.

2013an iritsi zinen Baskoniara, eta 2015ean debutatu zenuen lehen taldearekin. Zein balorazio egiten duzu zure ibilbidearen inguruan?

15 urterekin iritsi nintzen, oso gazte. Ez nintzen gai espainieraz hitz egiteko ere. Gauza asko ikasi nituen, eta asko hobetu nuen. Une zailak igaro nituen, baina gauza hauek indartu egiten zaituzte. Eskerrak eman nahi dizkiot klubari, duela zortzi urtetik, beti nigan konfiantza izan duelako. Konfiantza hori itzuli nahi diet egunero gogor lan eginez. Sekulakoa litzateke Baskoniarekin titulu bat irabaztea.

Azken urteotan beste talde batzuetan jokatu duzu, utzita. Jokalari gisa hobetzeko balio izan dizu?

Jokalari gazte batentzat garrantzitsua da asko jokatzea. Berdin dio hutsak egiten dituzun, ikasteko balio dizute eta. Nire lehen urteak oso zailak izan ziren, gutxi jokatzen nuelako. Agian, jendea ez zen nirekin fidatzen. Baina nire lanari esker, indartsuago itzuli nintzen, eta hemen jarraitzen dut.

Dusko Ivanovicen aldaketa taktikoarekin kantxako edozein jokalari defenda dezakezu. Horrek jokalari garrantzitsuagoa bihurtzen zaitu taldean?

Duskok esaten digu jokalari guztiok sistema guztietan jokatu behar dugula. Denboraldia oso gogorra da, partida asko jokatzen ditugulako, eta horrek lesioak eragin ditzake. Beraz, baliteke beste postu batean jokatu behar izatea. Ni edozein postutan jokatzeko egokituta nago. Duskok jartzen nauen postuan jokatuko dut.

Rokas Giedraitis eta Simone Fontecchio fitxatu eta gero, zein postutan ikusten duzu zeure burua?

Denboraldiaurrean ia beti hegaleko pibot gisa jokatu dut, eta uste dut hor jokatzen jarraituko dudala. Baina berriro diot: oso erraza da pistatik kanpo hitz egitea. Onena pistan hitz egitea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.