Aitor Elordi. Aspeko pilotaria

«Orain, gai naiz buruz buru onenekin aritzeko»

Azken orduan bi enpresakidek min hartu zutelako ari da lehen aldiz Aitor Elordi buruz buruko nagusian. Ondo ari da: bihar Unai Lasori irabazten badio, finalerdietarako sailkatuko da.

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Aitor Elordik (Mallabia, Bizkaia, 1996) duela 11 egun jokatu zuen azkeneko aldiz. 22-18 galdu zuen Jokin Altunaren aurka, buruz burukoaren final-laurdenetako ligaxkako bigarren partidan. Eskertu egin du atsedena. «Buruz burukoa oso modalitate oldarkorra da. Horregatik, eskertuta gaude sistema aldatzeagatik; partida batetik bestera atseden har dezakegu». «Prest eta gogotsu» dago bihar Bilbon Unai Lasoren aurka aritzeko (21:15, ETB1). Irabazleak finalerdia jokatuko du Dario Gomezen aurka, hilaren 21ean, Gasteizen.

Bihar Lasori irabazten badiozu, finalerdiak jokatuko dituzu. Sinatuko zenuke halakorik txapelketa hasi zenean?

Duda barik. Ligaxkako azkeneko partida falta dela, bizirik nago. Are, nire esku dago finalerdietarako sailkatzea: irabazten badut, barruan nago.

Oso ondo dago hori, kontuan hartuta enpresak azken orduan esan zizula jokatzeko.

Ez nuen inolako esperantzarik jokatzeko; enpresak esana zidan ez nuela jokatuko. Hori dela eta, nire asmoa zen binakakoa amaitzean atseden hartzea. Baina azken orduko lesioek hankaz gora jarri zituzten nire asmo guztiak. Berriro jarri behar izan nuen buru-belarri. Zorionez, ondo atera da.

Zer sentitu zenuen esan zizutenean jokatu behar zenuela?

Bat-bateko albistea izan zen, eta ezustekoa erabat. Poztu egin nintzen, baina, batez ere, fardel bat zela sentitu nuen: txapelketa luzea jokatu berri nuen, eta jokatzeko inolako esperantzarik ez nuen beste txapelketa bat jokatuko nuen jarraian, atsedenik eta prestaketarik gabe. Baina uste baino hobeto joan da dena, eta gustura ari naiz.

Segituan hitz egin zenuen prestatzaile fisikoarekin?

Enpresak albistea eman eta segituan deitu nion Gontzali [Urionabarrenetxea]. Buruz burukoa jokatuko ez nuelakoan egina genuen prestaketa: denboraldiaurre txiki bat egiteko asmoa genuen, udara sasoi betean iristeko. Baina aldaketak hankaz gora jarri zuen dena. Beste plangintza bat egin behar izan genuen. Helburua oso argia zen: sasoiari ahalik eta gehien eustea.

Kosta egin zitzaizun berriro jartzea?

Albistea jaso ondorengo lehen orduak izan ziren okerrenak. Baina hurrengo egunean, aurkezpenerako bidean, jada klik egin zidan buruak, eta horretara jarri nintzen. Gontzalek eta biok argi izan genuen ezin ginela itsutu denbora gutxian entrenamendu asko egin nahi izatearekin. Ez dakar ezer onik presaka ibiltzeak. Ahalik eta lanik onena egin nahi dut, baina neure buruari presio egin gabe. Kirolarion aurkaririk gogorrena da presioa; lotu egiten zaitu, eta ez dizu uzten onena ematen. Presiopean jokatzen ikasi beharra dago. Azkenaldian, nik ez dut gehiegi sumatu. Buruz buruko honetan ere lasai nabil, helburu zehatzik gabe. Nire ustez, bete-betean asmatu dut horrela jokatuta. Horri esker nago bizi-bizirik.

Askotan esan duzu uneren batean «behera» egingo duzula. Harrituta zaude oraindik ez duzulako behera egin?

Ez. Ikusten dudana da sasoiari eta jokoari eusten diodala. Eta horrek zoriontsu egiten nau. Badakit hau aprobetxatu beharra dudala; ziur nago orain ateratzen ari zaizkidan gauzak ez zaizkidala aterako aurrerago.

Mesede handia egin zizun lehen partidan Mikel Urrutikoetxeari irabazteak? Ligaxkan aritzea zenuten jokoan.

Nik ez nuen inolako presiorik. Nire ustez, Urrutik gehiago zuen: gauza handiak egin ditu, eta ni baino prestatuago iritsi zen; niretzat, lehen neurketa ez ezik, buruz buruko lehenbiziko entrenamendua ere bazen. Baina bolada onean nengoen, sasoiko, eta aprobetxatu egin nuen irabazteko [22-11]. Ligaxkarako sailkatzeak aukera eman zigun gehiago entrenatzeko.

Gogorragoa izan zen ligaxkako lehen neurketa, Danel Elezkanoren aurkakoa: 22-19 irabazi zenion, baina oso estu hartu zintuen.

Partida oso gogorra izan zen. Danel zalantzati iritsi zen partidara, eskuetako mina izan baitzuen aurreko egunetan. Hala ere, bete-betean aritu zen, eta gogor jo zuen pilota; tanto askotan atzean egon behar izan nuen defentsan. Nor baino nor gehiago aritu ginen, eta, zorionez, nik irabazi nuen.

Bigarren partidan, oso estu hartu zenuen Altuna III.a: 15-18 joan zinen irabazten, baina hura suspertu, eta irabazi egin zizun.

Pena nuen partida amaieran; gertu izan nuen garaipena. Baina bigarren atsedenetik bueltan, Jokin zirt edo zart hasi zen, eta asmatu egin zuen: bi dejada perfektu bota zituen zabalera. Horrelakoak dira pilotari handiak: asmatu egiten dute une kritikoetan; 22ra iristen dira hamarretik bederatzitan.

Horrelakoa ere bada Laso. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Oso gogorra izango da. Denok dakigu Laso manomanista handia dela; zerbaitegatik da egungo txapelduna. Oso lan ona egin beharko dut hari irabazi nahi badiot.

Nola ikusi duzu Laso txapelketan?

Altunaren aurka bete-betean hasi zen, baina Altunak bi aldiz sakatu zion zabalera, eta aldrebestu egin zuen; ez zuen ondo kudeatu egoera, eta behar baino arinago irten zen partidatik. Elezkanoren aurka, berriz, nabaritu zen hil ala biziko partida zela. Ez zen behar bezain ondo hasi, baina Elezkanok eskuetako arazoengatik behera egin izana aprobetxatu zuen irabazteko.

Nola egin diezaiokezu min?

Ez dago sekreturik; sakearekin asmatzea da gakoa: lehen kolpearekin asmatzen baduzu, tantoaren erdia duzu egina. Bost eta erdian pilota paretan sartzen baduzu, mirari gutxi egin daitezke.

Argi ez bazegoen, argi utzi duzu: hark du presio guztia?

Duda barik. Txapeldunak dauka beti presio osoa.

Gustatzen zaizu buruz buru jokatzea?

Urteek aurrera egin ahala, neurria hartzen joan naiz hiru modalitateei: binakakoari, lau eta erdikoari eta buruz burukoari. Gustura aritzen naiz hiruretan, baina ordena bat egitekotan, hauxe litzateke: lehenbizi, binaka; gehien jokatzen dugun modalitatea da, eta oso gustura aritzen naiz; bigarrena, lau eta erdia litzateke; horretan lortu ditut emaitzarik onenak; eta, azkenik, buruz burukoa; lan gehien ematen didana da.

Defentsako lanean asko hobetu duzu. Igarri egiten da hori buruz buruko jokoan?

Bai. Pilotari osoagoa naiz orain; indartu egin ditut lehen nituen zenbait ahulgune; nabarmenena, defentsako lana. Fisikoki ere gora egin dut; indartsuagoa naiz orain. Horri guztiari esker, lehen ez bezala, orain, gai naiz buruz buru onenekin aritzeko. Oso pozik nago, eta horrek eta azkenaldian lortu ditudan emaitza onek are eta gehiago motibatzen naute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.